22. Korrikaren 'Uhinak' dokumentala estreinatuko dute ostiralean Laudion

22. Korrikaren 'Uhinak' dokumentala estreinatuko dute ostiralean Laudion "Euskal Herriko arteria grisetako bederatzi errealitate linguistiko eta emozional" erakutsiko ditu dokumentalak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/22-korrikaren-uhinak-dokumentala-estreinatuko-dute-ostiralean-laudion/@@download/image/uhinak.png
2022/01/26

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

"Euskal Herriko arteria grisetako bederatzi errealitate linguistiko eta emozional" erakutsiko ditu dokumentalak.
22. Korrikaren 'Uhinak' dokumentala estreinatuko dute ostiralean Laudion

Ostiralean, 20:30ean, AEK-k jendaurrean aurkeztuko du lehen aldiz 22.Korrikaren Uhinak dokumentala Laudioko Aiaraldea Ekintzen Faktorian. Dokumentalaren egileak diren Txakur Gorria sormen kolektiboko kideek hartuko dute parte estreinaldian, eta baita Asier Amondo Korrika arduradunak ere.

Honela deskribatu dute egileek dokumentalaren nondik norakoa: “Euskal Herriaren zain eta arteria grisetan barrena abiatu gara eta bederatzi ahots topatu ditugu bide bazterretan. Ahots hauei esker, bederatzi paisaia desberdin ezagutu ditugu: bederatzi errealitate linguistiko eta emozional. Hitzekin jolasteko gonbita egin diegu, eta elkarrekin ekiten jarraitzeko irrika jaso dugu bueltan.” Hauek dira bederatzi protagonistak: Izaskun Igoa Jaimerena (Ziga), Monica Fernandez Cuesta (Cintruénigo), Haira Aizpurua Ibargarai (Sara), Myryam Quintana Urrea (Kanpezu), Itxaso Balza de Vallejo Carbajo (Maeztu), Joxe Landa Odriozola (Itziar), Suhar Anzorandia Peritz (Barakaldo), Etxahun Anakabe Tapia (Barakaldo), eta Marie-Agnès Gorostiague Salaberri (Ainhize- Monjolose). Off ahotsa, berriz, Lorea Agirrerena da. 

Emanaldira sartzeko sarrera doakoa dela jakinarazi du AEK-k, baina interesdunek aldez aurretik izena eman beharko dute atari honetan. Ostiraleko estreinaldiaren ondoren, Uhinak lanaren emanaldiak programatuko dira datozen asteetan hainbat herritan. Era berean, telebista nahiz Internet bidez zabalduko dute laster.