22 film luze, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian

22 film luze, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian https://www.gaztezulo.eus/albisteak/22-film-luze-donostiako-giza-eskubideen-zinemaldian/@@download/image/20104168640Honeymoons_2.jpg
2012/12/13
berria
22 film luze, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldian
Hilaren 23an, ostirala, hasiko da Giza Eskubideen Zinemaldia eta hilaren 30ean, bukatu. 22 film luze eta 14 film labur proiektatuko dituzte. Goran Paskaljevic zinema zuzendari serbiarrak jaso du zinema jaialdiaren saria. GAZTEZULOk zinemaldiko zenbait filmetarako sarrerak ditu zozketagai.

Giza Eskubideen Zinemaldiko Sarrerak eta Victoria Eugenia antzokiko emanaldi guztientzako bonoak bihar, larunbata, jarriko dituzte salgai. GAZTEZULOk bost filmetarako hiruna sarrera ditu, eta zureak izan daitezke. Zozketa poltsan zure izen-abizenak sartzea nahi baduzu, bidali e-posta gaztezulo@gaztezulo.com helbidera osteguna, hilak 22, baino lehen. Ez ahaztu intereseko duzun film horren izenburua aipatzea! Hona aukera zabala:

The Women in White. (Gry Whitner, 2009). 2003ko udaberrian Fidel Castroren agintearen kontrako 80 gizonezko atxilo hartu zituzten. Haien emazteek dute hitza dokumentalean. Hilaren 25ean, igandea, 22:30ean.

Polytechnique. (Denis Villeneuve, 2009).  Montrealen 1989an eskola batean izandako sarraskiari buruzko filma da. Gizon batek eskolara jo zuen, arma bat eskutan zuela, ahalik eta emakume gehien erail nahian. Hilaren 26an, astelehena,16:30ean.

Crude (Joe Berlinger, 2009). Ekuadorreko 30.000 indigenak AEBetako Texaseko petrolio enpresa auzitara daramate, haien lurrak kutsatu dituelakoan. Hilaren 27an, asteartea,16:30ean.

My neighbour my killer (Ane Aghion). Ruandako genozidioaren ostean hutuen eta tutsien arteko harremanak bere onera ekartzeko saiakeren berri ematen du. Hilaren 28an, asteazkena, 16:30ean.

La doctrina del Shock. (Michael Winterbotton, 2009). Sistemak zenbait hondamendi, hala nola Indonesiako Tsunamia eta New Orleanseko urakana, gestionatzeko duen moduak merkatu librea ezartzeko helburua duela defendatzen du dokumentalak. Hilaren 29an, osteguna, 22:30ean.

Goran Paskaljevic izango da aurtengo zinemaldiaren izen nagusia. Jaialdiaren saria jasotzeaz gain, haren filmak, Honeymoonsek, irekiko du zinemaldia. 30 dokumental inguru eta fikziozko 15 bat film luze zuzendu ditu serbiarrak. Kamera baliatzen du, besteak beste, gerra, immigrazioa eta xenofobia bezalako gaiak jorratzeko.

Sail ofizialean parte hartuko duten filmeei dagokienez, batzuk Afrikan girotuta daude, My Neighbour My Killer, esate baterako. Terrorismoaren biktimei buruzko pelikularik ere izango da, The Children of Dirarbakir, tartean.
Film laburren sailean, bestalde, 14 lan lehiatuko dira eta 18 eta 30 urte bitarteko 150 gazte inguruk erabakiko dute saria nori eman. Giza eskubideekin lotutako erakusketek lagunduko diote zinemaldiari. Principe zinema aretoen atarian, adibidez, Nigeria lur kutsatua, lurra sutan titulupeko erakusketa ikusgai dago gaurtik aurrera.