2100. URTEAN UDAK SEI HILABETE IRAUNGO DITU

Klima aldaketa jada hemen da. Negutegi efektuak sortzen duten gasen kontzentrazioa handituz doa atmosferan, planetaren bataz besteko tenperatura igoz lurrazalean. Tenperatura gora doan heinean, klimarekin zerikusia duten arriskuak gehitu egiten dira eta maiztasun handiagoz gertatzen dira: lehorteak, ekaitzak, uholdeak eta suteak, beste gauza askoren artean.
Txinako Laznhou Unibertsitate ikertzaile talde batek frogatu du 1952-2011 urte bitartean urtaroak aldatu egin direla. Aurreikuspen beldurgarri bat ere badakar ikerketak: 2100. urtean udak sei hilabete iraungo ditu eta egungo udak baino beroagoa izango da.
Baina nola jakin aldaketa klimatikoa dagoela ekaitz baten edo lehorte zehatz baten atzean? Zientzialarientzat ez da erraza izango gertaera klimatiko jakinak aldaketa klimatikoarekin lotzea. Baina Standford Unibertsitateko ikertzaile taldeak frogatu zuen Kaliforniako gune jakin bateko jazoera klimatikoen %80 aldaketa klimatikoagatik sortuak izan zirela.
Urte garai beroenetan lehorterako edo hezetasunerako aukera gehiago daude eta horrek loratzeak aurreratzea edo hegaztiak ohi baino goizago migratzea dakar. Honek frogatzen du urtaroen erritmo tradizionala aldatzen ari dela.
Zer gertatuko da bada 2100. urtean? Zientzialarien kalkuluen arabera, klima aldaketa gelditzeko neurriak hartzen ez badira udaberria eta udan hilabete lehenago hasiko lirateke eta udazken eta negua hilabete beranduagoa.
Honela ipar hemisferioak urte erdi baino gehiago udan igaroko ditu. Aldaketa honek hegaztien migrazioan eragina izango luke. Beroaldiak ere igo egingo dira, ekaitzekin eta baso suteekin batera. Hori dela eta, eltxo tropikalak, birusak zabaltzeaz arduratzen direnak, iparraldera zabalduko lirateke, birus agertze ezberdinak sortuz.