2027tik aurrera bueltan izango dira bateria erauzgarria duten mugikorrak
Gazte-gazteak ez direnek gogoan izango dute mugikorrek eta ordenagailu eramangarriek bateria ateratzeko moduan izaten zutela, eta hura hondatutakoan, erraz ordezkatzeko aukera izaten zela. Azken urteotan, ordea, ezin izan da halakorik egin, diseinuak ez baitu bateria erauzteko aukerarik ematen.
Horrek zabor elektronikoa aregoatzen lagundu du, gailuak sarriago aldatzen baitira bateriak ondo funtzionatzen ez duenean. Bada, jasangarritasunaren aldeko bidean, Europar Batasunak arau berria ezarri du eta horren ondorioz, mugikorren fabrikatzaileek bateria erraz ateratzeko moduan jarri beharko dute, erabiltzaileak nahi edo behar duenean ordezka dezan.
Araudiaren arabera, erraz erauzteko modukoak izan beharko dira, esaterako ohiko bihurkin batekin. Horretarako tresneria jakinen bat behar izanez gero, produktuarekin batera eman beharko dute, dohainik. Bateria ordezkatzeko jarraibide argiak izan beharko ditu, bai paketean bertan sartuta eta baita Interneten ere.

Ordezko bateriak gutxienez bost urtez eskuragarri egon beharko dira. Epe hori modelo horren azken unitatea salgai jarri zenetik aurrerakoa izango da. Bestetik, prezioak ere "arrazoizkoa eta ez diskriminatzailea" izan beharko du.
Orain arteko jokabideak debekatuta
Datorren urtetik aurrera, beraz, ezingo dituzte bateriak oinarriko plakan itsatsi. Fabrikatzaile askok itsasgarri sendoak erabiltzen dituzte, eta disolbatzaileak edo beroa behar izaten dute askatzeko. Ordezkatzeko prozesua zaildu egiten du horrek eta, ondorioz, gailu berria erostea izaten da ohiko joera. Jokabide hori galarazi egingo dutenez, telefonoaren barrualdea diseinatu beharko dute, aldaketa prozesua errazte aldera.
Gainera, ezingo dute bateria ordezkapena saihesten duen softwarerik erabili. Izan ere, zenbaitetan, fabrikatzaileak balioztatu gabeko ordezkapen bat izaten denean, softwareak telefonoaren ohiko funtzionamendua oztopatzen du edo zenbait funtzio galarazten ditu. Debekatu egingo dute halakorik egitea.
