2023tik aurrera Europar Batasuneko hegaldietan mugikorrak erabili ahal izango dira
Argi dago teknologia berriek egunerokotasuna errazten digutela kasu askotan. Garraioa da adibiderik argiena. Hegaldien munduan bada berritasunik datorren urterako.
Europar Batasunaren barruko hegaldietan ez da beharrezkoa izango "hegazkin modua" aktibatzea gure mugikor eta gailuetan. Izan ere, Europar Komisioak informatu duenez, airelinea enpresek 5G-ko konexioa eskainiko dute.
Egun, oraindik hegazkin erakundeek bidaiariei hegazkin modua aktibatzeko eskatzen diete hegazkina aireratzeko momentuan eta lur hartzerakoan. Segurtasun neurri bat da, beste inongo sistema elektrikorekin interferentziak ez izateko eta honela, hegazkin istripuak ekiditeko.
Europar Komisioaren iragarpen baten arabera, hegazkin bidaiariek euren gailuak piztu ahalko dituzte eta datuak aktibatuta 2023. urtetik aurrera. Barne Merkatuko komisarioa den Thierry Breton-en arabera, honek zerbitzu berritzaileak sortzea ahalbidetuko du. Europar erakundeen hazkuntzan ere eragina izango omen du, "zerua jada ez baita muga" izango. Guzti hau errealitate bihurtzeko hegazkin erakundeek sare estazio bat instalatu beharko dute hegazkin bakoitzean bertatik deiak egin, mezuak bidali eta datuak kontsultatu ahal izateko. Zerbitzu hau 2023ko ekainaren 30a baino lehen aplikatu beharko da.

