2022ko udazkenean izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia

2022ko udazkenean izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia Getxon hasiko da irailaren 24an eta finala Iruñean izango da abenduaren 18an. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022ko-udazkenean-izango-da-bertsolari-txapelketa-nagusia/@@download/image/1513539868_451185_1513540044_noticia_normal.jpg
2021/10/27

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Getxon hasiko da irailaren 24an eta finala Iruñean izango da abenduaren 18an.
2022ko udazkenean izango da Bertsolari Txapelketa Nagusia

Udazken honetan egitekoa zen berez lau urtean behin egiten den Bertsolari Txapelketa Nagusia, 2017an izan baitzen azkena, baina pandemiak kultur ekitaldi asko atzeratu beharra eragin du. Orain lurraldeetako txapelketak ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko modua izango dela aurreikusita, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 18.edizioa datorren urteko udazkenean egitea erabaki dute. Getxon abiatuko da 2022ko irailaren 24an eta, Euskal Herriko hainbat tokitatik igaro ondoren, Iruñean amaituko da abenduaren 18an.

Txapelketa ibiltariaren bidez "Euskal Herrian zehar, herrialdez herrialde, herriz herri, eragitea eta bertsolaritza sustatzea" da Bertsozale Elkartearen helburua. Ondorioak nabarmenak izaten direla adierazi dute: "Zaletasuna areagotzen da, bertso-eskolentzat bizigarri dira eta ilusio piztaile da tokian tokiko bertsogintzan".

Asmo horiei jarraituz, finaleko kokalekua ere aldatuko dute, 2005etik hona Barakaldoko BECen egin baitute. Finala Iruñean izateak Iruñerrian eragitea du xede. Izan ere, Nafarroan bertsolaritza sustatzeko ahalegin handia egin du Nafarroako Bertsozale Elkarteak 1984. urtetik. Horren ondorio da, besteak beste, Nafarroako Gobernuak 2018an bertsolaritza Kultur Intereseko Ondasun izendatu izana. Gainera, Nafarroa Arenak Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalerako beharrezkoak diren azpiegiturak eskaintzen dituela ziurtatu dute.

Ohiko plaza lehentasuna
Bertsozale Elkarteak adierazi duenez, ohiko bertso plaza berreskuratzea da bertsolaritzaren mugimenduaren asmo nagusia une honetan. Era berean, "egun abian diren lurraldeetako txapelketak hasieratik amaieraraino ahalik eta normaltasun handienarekin gauzatzeko eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren antolakuntzan ilusioz eta buru-belarri" ari da elkartea.

Bide batez, Bertsozale Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie 1987tik gaurdaino txapelketen edo bestelako egitasmoen bitartez, bertsolaritza sustatzen eta eragiten lankide izan dituen norbanakoei, bertso-eskolei, elkarteei eta erakundeei.