2022ko 22 (+3) filmik onenak

2022ko 22 (+3) filmik onenak Telesail onenen zerrendaren ostean, film luzeen txanda. 2022ko film esanguratsuenak zeintzuk iruditu zaizkidan jakin nahi duzu? Euskarazko hiru ikus-entzunezkorik onenak ere nabarmendu ditut! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022ko-20-filmik-onenak/@@download/image/Sin título-1.jpg
2022/12/29
erreportajea

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Telesail onenen zerrendaren ostean, film luzeen txanda. 2022ko film esanguratsuenak zeintzuk iruditu zaizkidan jakin nahi duzu? Euskarazko hiru ikus-entzunezkorik onenak ere nabarmendu ditut!
2022ko 22 (+3) filmik onenak

Zerrendarekin hasi aurretik, telesailen errepasoan esandakoa birgogoratuko dizuet: EUSKARAZ ikusteko aukera eskaintzen dutenak izenburuaren azpian adierazi dut. Ikaragarri gustatuko litzaidake gehiago jarri izana baina, ikusiko duzuen moduan tamalez oso-oso gutxi dira. Dena den lerro hauek aprobetxatu nahi ditut, zerrendan aukeratu ez ditudan arren, euskaraz topatu ditzakezuen filmak ere aipatzeko. Hementxe duzue zerrenda eskaintza osoarekin. Gogoratu, plataforma digitaletan euskaraz dagoen eskaintza jakiteko: zernonikusi.eus webgunea duzuela.

Zerrenda horietatik at, ez ahaztu euskal-encodings.eus webguneko lagunek eskaintzen duten edukia ere hortxe daukazuela, eta bertan euskarazko (azpititulatua zein bikoiztua) proposamenak anitzak direla.

 

Euskarazko ikus-entzunezkorik onenak

Zerrenda orokorretik kanpo geratu diren arren -20 aukeratzea erabaki dudalako, zerrenda luzeagoa balitz ziur sartuko nituzkeela eta-,  aurten ikusi ditudan euskarazko ekoizpenen artean hiru nabarmenenei ere aipamen berezia eskaini nahi nieke:

 

‘Irati’

Paul Urkijo

Zer esango dut bada Irati filmari buruz? Aurtengo euskal film handia Paul Urkijoren Irati izan da zalantza izpirik gabe.  Ez zait film perfektua iruditu inondik inora ere; filmaren bigarren zatian, pertsonaien indar hori -bi protagonisten artekoa emozionalki ez zait iritsi, hotz utzi nau-  eta batez ere istorioa bera apur bat lausotu egiten delako, baina emozionalki hainbeste ukitu nau, hain polita iruditzen zait Urkijok bere barne mundu propio horretatik eraikitzen duen guztia, txalotzea besterik ezin dudala egin. Ezpata eta sorginkeria deituriko azpigeneroari, batailei, abenturei ,munstroei eta bereziki desberdinak diren guztiei eskainitako film ederra osatu du,  eta batez ere euskal naturari eta mitologiari idatziko maitasun-gutun zoragarria.

 

‘Gelditasuna Ekaitzean’

Alberto Gastesi

Alberto Gastesiren lehen film luzea berezia iruditu zait oso. Ingurukoekin sarritan eztabaidatu izan dut opera prima batek nolakoa izan beharko lukeen. Batzuek, ahalik eta izen handiena lortzeko erreminta bat dela diote, gustu pertsonalak alde batera utzi eta ahalik eta ikusle gehien biltzeko helburuz. Hortxe hasten naiz ni beste ertzean kokatzen. Nire ustez, egile baten lehen obrak, zuzendari horren aurkezpen eskutitz bat izan beharko luke. Barne egonezinak aireratzeko ala betidanik gustuko izan duen kontatzeko era hori astintzeko. Gelditasuna Ekaitzean Gastesiren aurkezpen-gutun paregabea iruditu zait, ausarta eta nortasun handikoa. Loreto Mauleón, Aitor Beltran, Vera Milán eta Iñigo Gastesi dira aukeratu dituen lau aktoreak eta guztien artean lan ederra osatu dute.  “Autoan errazago egiten da negar, kanpoan euria denean” dio Eñaut Elorrietaren Euri herriak kantak. Asgarth-en Ekaitzak aldiz “Ekaitza dator, barealdia. Iritsi ondoren, isiltasuna”. Ekaitza, euria, lainoak…magia berezia duten elementuak iruditu zaizkit beti, zinematografikoak, horien baitan pertsonaiak elkarri eragiteko oso aproposak. Zinemak askotan erakutsi digu ekaitza denean eta bereziki euripean gaudenean, maitasun-istorio ugari jaiotzen edo hausten direla. Lara eta Daniel-en kasua izan liteke, lehen aldiz begiradak gurutzatzen baitituzte ekaitza noiz amaituko zain. Gelditasuna Ekaitzean dio izenburuak, eta nabaria da ekaitz horren muinean, film honetan bereziki arnasten dena gelditasuna dela, lasaitasuna. Erritmo geldoa duen filma da bai, baina tramak eskatzen duen neurrikoa. Aukeratu beraz egun eta ordu aproposa pelikula hau patxadaz gozatzeko eta ñabardura guztiak sentitzeko.  Pertsona batzuen arteko maitasun-istorioa ardatz hartuz,  iraganaren eta orainaren artean mugitzen den gidoia osatu dute Alberto Gastesik eta Alex Merinok.  Ohiko narrazio tradizionaletik, -euskal zineman behintzat- ihes egiten duen zuri beltzezko artelan txikia iruditu zait. Burutsua, desberdina eta batez ere ausarta. Ikuslea pertsona inteligentetzat hartzen duena, irudiaren indarra, eta lengoaia zinematografikoa bera, elkarrizketa hutsen aurrean aldarrikatzen duena.

 

‘Karpeta Urdinak’

Ander Iriarte

2022.urtean bada bereziki hunkitu nauen dokumental bat, eta hori zalantzarik gabe Ander Iriarteren Karpeta Urdinak izan da. Euskal Herriko torturaren errealitatean sakontzen duen dokumental bikaina osatu du Iriartek. Bereziki marka fisikorik uzten ez duten horietan zentratu da eta Kriminologiaren Euskal Institutuaren txosten ofizialari jarraitzen diona. Iriartek, aitak komisarian jasan zuen hori tortura izan zela susmatzen duen unean hasiko da guztia. Bere susmoa argitu nahian, Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Plana-ren barruan egindako Proyecto de investigación de la tortura y malos tratos en el País Vasco entre 1960-2014 txostena ezagutuko du. Ikerketa honek argitaratzen dituen emaitzekin izututa, proiektuan parte hartu zuten mediku, psikologo, psikiatra eta abokatuekin elkartuko da. Haiek erakutsiko diote tortura psikologikoa, Istanbulgo Protokoloa edo hurbilketa estatistikoa bezalako kontzeptuak, torturaren errealitatea ezagutaraziz. Ia bi orduz dokumental-zientifiko zorrotza egin du, zehatza oso. Zientifikoa dela diot, pantailan erakusten dituen datu, estatistika eta ondorioen tsunamia ikaragarria delako eta batez ere, honakoa ez delako zuzendariaren iritzi pertsonala zabaltzeko egin den lana, datu gordin eta oso errealetan oinarritzen den ikus-entzunezkoa baizik. Euskal Herriko torturaren errealitateari buruz luze ondutako proiektua da Karpeta urdinak, eta, batez ere, duela hamarkada batzuetatik hona marka fisikorik utzi ez duen eta ofizialki ikusezin bihurtu den errealitatean du eragina. Osagarri horiekin, bi bide hartzen ditu bereziki dokumentalak: informazioaren eta datuen bidea;  aipaturiko txosten horretako atalak xehatu eta banakatzen dituena. Eta bide emozionalagoa edo pertsonalagoa bestetik; zuzendariaren aitaren esperientziatik eraikitzen duena. Atxilotu eta torturak jasan zituen, baina orain arte inoiz ez zuen bere esperientzia partekatu.  Emozioa eta datu hotzak balantza berean jartzea konbinaketa zaila izan zitekeen arren, Iriartek oso ondo dosifikatu ditu bi elementuak.  

Ikusi nuenetik burutik desitsatsi ezin dudan dokumentala da. Nahiko gertutik ezagutzen dugun/dudan errealitate gordina izanda ere, bertan ikusten eta entzuten direnak zenbaki zehatzekin talka egitean, ikuspegi beldurgarri, eutsiezin eta jasanezin baten aurrean kokatuko zaitu.

URTEKO 20 FILMIK ONENAK

22- ‘Suro’

Mikel Gurrea

Zeinen lan txukuna egin duen Mikel Gurrea donostiarrak bere lehen film luzearekin. Helena eta Ivan bikotea (Vicky Luengo eta Pol López) dira kontakizunarekin protagonista nagusiak. Hiriak eskaintzen duen bizitza erosoa baina estresagarria atzean utziko dute artelatz-baso baten erdian dagoen etxe batean bizitza-proiektu berri bati ekiteko. Landa-eremuan bizitzeak dakarrenari buruz ikuspegi desberdinak dituzte ordea, eta horrek bikote gisa, izango duten etorkizunari buruz hausnartzeko parada emango die.  2022an istorioak landa-eremuetan girotzearen tendentzia bitxia antzeman dut, bereziki interesgarria iruditzen zaidana; Alcarrás, As bestas, El Agua, Secaderos eta jakina aipatzen ari naizen Suro. Hiriko estresaren barruan eta etengabe presaka ibiltzeko joera dugun gizarte honetan, pentsatzeko denborarik ere ez dugu izaten. Pertsonaiak leku horietan kokatzeak beraien alderdi psikologikoan eragiten du, eta norbanako, familia edota bikoteen arteko erlazioak gehiago egonkortu ala behin betiko suntsitu ditzake egoera berri horrek. Gurrearen lan honen kasuan, elkarrekin abentura berri bati ekiten dion bikote baten inguruan dihardu, baina, istorioak aurrera egin ahala, haien emozioak, kezkak, ikuspuntuak azaleratzen dira. Bikotearen inkomunikazioaz, immigrazioaz, kulturen arteko talkaz edo beste bizimodu batzuen zailtasunaz dihardu; berekoikeriaz, arrazismoz edo klasismoz betetako mundu baten erretratu nahiko ezkorra da zentzu horretan.  Gai horiek guztiak motxila berean sartzea arriskutsu samarra iruditu zaidan arren, eta batzuk agian apur bat azaletik jorratu dituen arren, Mikel Gurreak bikainki uztartu dituela iruditzen zait. Vicky Luengok eta Pol Lópezek egiten duten lana nabarmenduko nuke alor guztien gainetik, ikuslea hunkitzen duten dilema moralak ematen baitizkiete beren pertsonaiei.

21 – ‘TÁR’

Todd Field

Cate Blanchett-ek  hitzik gabe uzteko gai den antzezpen lana eginaz, Lydia Tár gorpuzten du. Mundu mailan ezaguna den orkestra-zuzendari bikaina eta arrakastatsua. Tradizioz gizonezkoak gailendu diren mundu batean nabarmentzeko horietako bat bihurtu den emakumea. Misoginoa da, manipulatzailea, eta baita predatzailea ere ere. Bere botereaz ere abusatu du urteetan, inork ezer esan gabe. Musikari baten bizitza erakusten duen filma baino gehiago, ikuslea etengabeko zalantzan jartzen duen ibilbidea iruditu zait, artista pertsonarengandik eta obra sortzailearengandik banantzearen gai korapilatsuan sakonduz. Todd Field zuzendaria ez da bakarrik zertzeladak ematera mugatzen, aitzitik, protagonistaren ekintzek eta erabakiek dituzten ondorioetan hausnartzen baitu. Pertsonaia leherkor hori izanda eta hain gai polemikoa,  film sentsazionalista eta morbosoa egiteko arrisku handia zegoen arren, Field-en asmatzerik handiena azalpenez beteriko film bat ez egitea izan da. Alegia ez dituela ekintzak zein esaldiak behin eta berriz azpimarratzen eta ez da diskurtso errazetan erortzen.  Aitortuko dizuet gehiago espero nuena film honetatik, baina oso interesgarria iruditu zait kontakizuna pantailaratzeko erabili duten ikuspegia eta forma, eta batez ere Cate Blanchett-ek egiten duen lan ikaragarria.

 

20- ‘X’ eta ‘Pearl’

Ti West

Biak postu berean jartzea erabaki dut nahiz eta Pearl dezente hobea iruditu zaidan.  X filmean, zeinen inteligentea iruditu zaidan,  Ti West zinegileak pornoaren unibertsoa slasher azpigeneroaren iruditerian nola txertatu duen. 1979an, zinemagile gazte talde batek film pornografiko bat filmatzeari ekingo Texasko landa-eremuan. Tokiko anfitrioi bakarti eta zaharren mespretxu eta oldarra topatuko dituzte bertan, eta abentura behar zuen esperientzia hori taldearen biziraupenerako borrokan bilakatuko da berehala. Beldurra eta umorea uztartuz, 70-80ko hamarkadako slasher filmen omenaldi txundigarria iruditu zait, harritu nau egia esan.  X, onerako zein txarrerako, beregandik espero daitekeen guztia da, eta, beraz, ezusteari ez dio tarte handirik uzten, baina hala eta guztiz ere film nabarmena iruditu zait, generoaren zaleak bereziki (asko) gozatuko duzuena. Argumentu metafilmikoa erabiliz bete-betean asmatu du West-ek, une beldurgarri, umoretsu, bizarro eta bortitzak eskaintzen baitizkigu 105 minutuetan zehar.

Pearl aldiz asko hobea iruditu zait, ze bitxikeria berezia egin duen Ti West-ek lan honekin. X filmaren prekuela modukoa da, Pearl (Mia Goth) pertsonaiaren jatorriari buruzkoa. Aurrekoaren eszenatoki berean filmatuta, nortasun eta izaera propioa duen fiilma osatu du, eta proposamen guztiz desberdina. Pearl kutsu psikologikoa duen familia-drama batetik gertuago dago, slasher odoltsu batetik baino. Zinta lehenengoa baino sakonagoa da, eta protagonistaren psikearen eta  jatorriaren azterketa askoz ere zehatzagoa eskaintzen digu. Mia Goth-ek sekulako lana egin du, harrigarria; amaierako lehen plano luze hori ikusi besterik ez duzu egin behar, zeinetan batek ez daki barre edo negar egin...   Bere kabuz ezin hobeto funtzionatzen duen pelikula izan arren, dimentsio askoz ere sakonagoa hartzen du ondoren etortzear dagoenarekin batera pentsatzen denean.

 

19- ‘Guillermo del Toro's Pinocchio’

Netflix /Euskarazko azpitituluekin eta bikoiztua

2022an estreinatzen den Pinocho-ren bigarren filma; lehenengoa Robert Zemeckis-ena, aspergarria eta kaskarra oso, azken hau zorionez oso ona iruditu zait.  Stop-motion bidez filmaturiko artelana sortu baitu Guillermo del Toro zuzendari mexikarrak. Nabaria da oso, Del Torok Carlo Collodiren eleberriarekiko sentitzen duen maitasuna, pasioa plano bakoitzean txertatua baitago. 1930eko hamarkadan Italian girotua dago, eta Italia faxistara garamatza filmak. Aurrekoak baina helduagoa, ilunagoa, dramatikoagoa da, eta lehen segundoetan antzematen da Pinocchioren bertsioa hau desberdina dela, bai forma eta baita eduki aldetik.  Aski ezaguna da adibidez, Geppettok semea galtzen duela eta horregatik erabakitzen duela Pinocchio sortzea, baina orain arte ez dugu aurreko istorio hori inoiz ikusi, hemen aldiz bai. Semearekiko duen erlazioa eta gerora sufritzen duen guztia geure begiekin ikusteak, dosi dramatiko sendoa ematen dio kontakizunari. Pinocchio bera jada ez da zurezko haur maitagarri polit bat;  arotz mozkor batek gau batean sortu duen eta  itxura bukatugabea eta inperfektua duen egurrezko panpina trakets bat besterik ez da.  Moden kontrakorrontean, Del Torok ez du bilatzen ez originaltasunik, ez harridurarik sortzea, dagoeneko egiten ez den eta, seguruenik, gutxi batzuei soilik interesatzen zaien/zaigun zinema mota bati buruzko ariketa nostalgikoa egitea baizik.  Kritika politikoa eta une makabroak alde batera utzi gabe, eta bertsio helduagoa izanik ere, adin guztietako ikusleentzako oreka aurkitu du.

 

18- ‘Thirteen Lives’

Ron Howard/ Amazon Prime Video/ Euskarazko azpitituluekin

Iaz National Geographic Films-ek estreinatu zuen kasu itogarri honi buruzko dokumentala eta oraingoan Amazon Prime Videok fikziora pasa du.  Etxeko leihoak ireki, burua kanpora atera eta sakonki arnastu; hori da film hau ikusten duzunean egin nahiko duzun lehenengo gauza. Urak hartutako kobazulo batean harrapatuta, Thailandiako 12 nerabeen eta futbol-entrenatzailearen 2018ko erreskate dramatikoa erretratatzen duen filma da honakoa. Colin Farrell, Viggo Mortensen edota Joel Edgerton aktore ezagunak protagonistak dituena.  Kasu harrigarri honen aitzakiaz, era paregabean erakusten du Ron Howardek, haitzuloetako urpekaritzaren mundu arriskutsua, erreskatatzaileen ausardia eta komunitate oso baten dedikazioa nolakoa den. Mundu mailako kasu mediatikoa bilakatu zen arren, aski ezaguna, egun horietan bizitakoa ezin hobeto pantailaratu dutela iruditzen zait. Zama emozional handia duen lana da, hunkigarria. Disney Plus-en dagoen The Rescue ikustea ere gomendatzen dizuet, ikaragarria da.

17-  ‘Cinco Lobitos’

Alauda Ruiz de Azua/ HBO Max eta Filmin

A ze pelikula puska egin duen Alauda Ruiz de Azuak, barrenak nahasten dituen horietakoa. Pertsonaiak erdigunean jarriz, amatasuna, zaintza eta familiaren komunikazio ezaz diharduen bidaia emozional zoragarria eraiki du. Lan zintzoa ,naturala, errealista eta hunkigarria oso. Laia Costak maisuki gorpuzten duen Amaia ama izan berri da, eta ez daki nola heldu egoera horri. Baina, aldi berean, alaba ere bada. Beraz, amarekin duen harremanak berebiziko indarra du harentzat. Ruiz de Azuak kontakizuna eszenaratzeko aukeratu duen naturaltasunari esker,  eta batez ere, gertukoak senti ditzakegun pertsonaia horiekin bidaiatzeak, lehen unetik pantailara itsastea eragiten dute, ikuslea protagonistaren eta familia horren bidai-lagun eginez. Oso hunkigarria iruditu zait.

16- ‘R.M.N.’

Cristian Mungiu

Film honen atmosfera, pertsonaiak eta bereziki kokalekua garunean iltzaturik dauzkat, eta oroimenean errebotatzen jarraitzen duten eszenak behin eta berriro gogoratzen ditut.  Transilvaniako landa-herri txiki bat. Errumaniar, hungariar eta alemaniar jatorriko herritarrak bizi dira bertan. Herriko ogi-fabrikak Sri Lankatik datozen hiru pertsona berri kontratatu ditu. Abiapuntu horrekin, xenofobiaren kontrako alegatu zuzena iruditu zait filma, ezjakintasunean eta herrialde horretan eskuin muturraren berpiztean oinarritua. Cristian Mungiu zuzendaria, Errumania sakonaren bihotzean sartzen gaitu, antzinakoa dirudien mundu hori erakusten digu, errituak behatzen ditu eta bertako ideologiaren erradiografia.  Bada eszena oso adierazgarri bat -goiko irudian duzuena-, filmeko unerik onenetarikoa izan daitekeena akaso, zeinetan ia hamabost minutuko plano finko batean, komunitate horren bilera bat filmatzen du, paregabea iruditu zait une hori.

 

15- ‘Im Westen nichts Neues’

Edward Berger/ Netflix/ Euskarazko azpitituluekin

Ez dakit gaiarengatik den edo algoritmoek apur bat ezkutatu dutelako baina, Netflixen estreinatu den arren, sentsazioa daukat oso jende gutxik ikusi duela film alemaniar hau.  Tradizioz, zineman genero belikoa jorratu den bakoitzean, lehentasuna Bigarren Mundu Gerrateak izan duen arren, badirudi azken urteotan Lehen Mundu Gerrak ere baduela pisua gidoiak idazterako orduan. 2019. urtean Sam Mendes-ek 1917 ikusgarria zuzendu ostean eta tartean erdipurdiko beste bizpahiru izenburu, aurten Im Westen nichts Neues bikaina iritsi baita. Lehen Mundu Gerran eta mendebaldeko frontean girotzen da, eta soldadu gazte alemaniar batek izandako esperientzia beldurgarrien kontakizun gordina da. Gerra hitza behin baino gehiagotan irakurtzen ari zarenen arren, argi eta garbi ondorioztatu daiteke filmaren izaera guztiz anti-belikoa dela.  Kontakizuna edozein garaitan kokatzen dugula ere, gerra alferrikakoa denaren errealitate gordina islatzen baitu.  Alor teknikoa oro har bikaina iruditu zait, bereziki James Friend-en argazki zuzendaritza magistrala. Lehen Mundu Gerraren berregite historikoa akatsgabea da zentzu guztietan; lastima ezin izan dugulako zinema areto erraldoi batean ikusi. Soinu-diseinua ere  aparta iruditu zait.

14- ‘As Bestas’

Rodrigo Sorogoyen

Rodrigo Sorogoyen; azken urteotan espainiar zinemak eman duen beste izen handi horietakoa. As bestas bere film berriarekin itzuli da eta nola gainera; su motelean kozinatzen den eta indarkeria psikologikoz -eta fisikoz - betea dagoen film larrigarria osatu baitu, urduritzeko gaitasuna duen ekoizpen aparta. Zuzendaritza-lan bikaina, eta interpretazio-lan ikaragarriak oinarritzat dituena. Antoine eta Olga, Galiziako barnealdeko herrixka oso txiki batera bizitzera doan bikote frantziarra da. Lasai bizi diren arren, herritarrekin, bertako familia batekin zehazki,  duten erlazioa ez da hain idilikoa izango eta apurka tentsioak gora egingo du. Dilema ugari planteatzen ditu filmak, baina bereziki honakoa iruditu zait garrantzitsuena: nork du lurraren gaineko eskubide handiagoa? Bertan jaio den batek,  nahiz eta baldintza hobeen bila abiatu nahi duen eta ez duen apenas zaintzen bertakoa? Ala  kanpokoa izan arren, bertara bizitzera joan den norbait,  bizitza-proiektu jakin bat eta amets bat bete nahi duena? Sorogoyenek, bere aurreko film batzuetan bezala, gizakia piztia gisa, animalia gisa, berriro gaitzesten du. Filma ikusi ostean Amazon-en ikusgai daukazuen Santoalla dokumentala gomendatzen dizuet; Sorogoyen-en pelikula benetako kasu batean oinarritzen da eta lan horretan ikus dezakezue.

 

13- ‘The Batman’

Matt Reeves/ HBO Max

Filma apirilean ikusi nuen arren, oso argi neukan urteko onenen zerrendan sartuko nuela. Matt Reeves-ek zuzendutako Batman hau ikaragarria iruditu zait, The Dark Knight sagarekin batera saguzar famatuari buruz egin den filmik onena, kasu honetan Robert Pattinson-ek gorpuztua. Atentzioa ematen duen lehenengo gauza, istorioa nola lantzen den eta erabiltzen duen tonua eta erritmoa da; gertuago dago Seven edo Zodiac bezalako filmeetatik, beste edozein superheroi proposamenetatik baino. Erritmo lasaia eta sakona du, eta intimista eta iluna da. Neo-noir zinema onena gogorarazi didan filma da. Gotham hiria nola dagoen irudikatua ere deigarria  iruditu zait, inoiz ez da irudikatu hain modu zikin, triste eta ilunean. Egin diren Batman guztietatik, Pattinson-ek gorpuzten duena, orain arteko ilunena eta mentalki ahulena izan liteke, errealitatea bere begien aurrean gainbehera doala eta konpontzeko ezer gutxi egin dezakeela uste duena.  175 minutu gehiegi irudituz zaizkidan arren -hainbat une gehiegi luzatu dituela uste dut-, thriller poliziako zikin, misteriotsu eta sendoa iruditu zait, zirraragarria, entretenigarria eta oso ikusgarria.

12- 'Armageddon Time'

James Gray

Beti iruditu izan zait James Gray egun dagoen zinema zuzendaririk gutxietsiena dela (beste askorekin batera jakina). Two Lovers, We Own the Night edota The Immigrant esaterako film bikainak iruditzen zaizkit eta oro har harrena nahiko hotza izan dutela iruditzen zait.  Armageddon Time filmarekin, Gray-k, familia ardatz hartuta, atzera begiratu du, eta 80ko hamarkadan New Yorkeko Queens auzoan izan zuen haurtzaroa aztertu du. Paul Graffek haurtzaro nahiko lasaia darama haurra da eta New Yorkeko aldirietan bizi da. Amarekin, eta bereziki aitonaren babesa duen umea da, oso harreman ona baitu harekin. Baina, gertakari baten ondoren, eskola pribatu batera bidaliko dute. Eskola horretako administrazio-kontseiluak Donald Trumpen aita du kideetako bat. Konplexurik gabeko elitismoak eta arrazismoak erabat aldatuko dute beren mundua. Gray protagonistaren (artista izatearekin amesten duena) eta bere klaseko mutil beltz baten (astronauta izatearekin amesten duena) arteko adiskidetasun-harremanean ere zentratzen da. Aktore zerrenda bikaina ere badu filmak, Michael Banks Repeta, lan ikaragarria egiten duen ume protagonista, Anne Hathaway, Anthony Hopkins eta Jeremy Strong, Succession telesail zoragarriaren Kendall Roy ahazteztezina.  Oso film gogoetatsua eta hunkigarri iruditu zait. Amets amerikarrari belarrondokoa ematen dio eta, zeharka bada ere, hezkuntza publikoaren aldeko defentsa ere egiten du.

11- ‘The Fabelmans’

Steven Spielberg

Steven Spielberg: zinemarekiko sentitzen dudan pasioa eta maitasuna, hein handi batean zuzendari honi zor diot. Nire haurtzaroa, E.T, Indiana Jones, Jaws, Hook, edota Jurassic Park behin eta berriz ikusten igaro baitut, VHS-ak ia desegin arte. Bere filmografia ikaragarria iruditzen zait, eta bere pelikularik txarrena ere, gehiengoarena baina hobea. Zinemaren historiako zinema zuzendaririk garrantzitsuena da zalantza izpirik gabe, eta tristura eragiten dit jakiteak -badakidalako horrela dela-, beste era bateko film “intelektualagoak” edota ez “hain komertzialak” ikusten ez dituzten horiek, Spielberg-en lana (edo kalitatezko blockbusterrak egiten dituzten zinegileak oro har) ez baloratzen jakitea. Zinemazale sasi-intelektual horiei esango nieke, Pedro Costa, Chantal Akerman, Apichatpong edota Jonas Mekas-en filmak ikustea eta horiekin gozatzea bikain iruditzen zaidala – neronek ere hala egiten dudalako- baina zinema mota hori ikusteagatik, ez baztertu edota mespretxatu Spielberg bezalako zuzendarien obra.

Kito, The Fabelmans aipatu aurretik hori askatzeko beharra nuen. Spielberg beraren haurtzaroa eta gaztaroa irudikatzen duen  film semiautobiografikoa da honakoa. 1950eko hamarkadaren amaieran eta 1960ko hamarkadaren hasieran girotua.  Zuzendariaren filmografia osoan haurtzaroaren gaiak txoko berezia bete izan du beti. Kasu batzuetan, zuzenean, haur protagonistekin eta familia-gatazkekin, baina beste batzuetan haurtzarotik heldutasunera jauzia islatu izan du,  tolesgabetasuna edo inozentzia horren galera alegia. Film honetan orain arte aukeratu duen haur protagonistarik bereziena eta hunkigarriena pantailaratu du. Une zoragarriz beteta dagoen filma iruditu zait,  bi ertz nagusi dituena: Familia eta zinema. Biak elkarri lotuta dauden arren, une batzuetan bereizi egiten dira, bakoitzaren bideo propioa azalduz - Judd Hirsch aktoreak gorpuzten duen osabaren pertsonaiarekin duen elkarrizketa bikaina iruditu zait-. Aitortuko dizuet apur bat gehiago espero nuela film honetatik; oso polita, berezia eta hunkigarria izateaz harago, gatazka landuago bat espero nuen akaso, fabula gutxiago ere agian. Baina pentsatzen jarrita, eta kontuan izanik bere familiari eta zinemari egindako omenaldia dela, goraipatzea eta noski gomendatzea besterik ezin dudala egin.

10- ‘Elvis’

Baz Luhrmann / HBO Max

Baz Luhrmann ezagutzen duzuenok pentsatuko duzue badakizuela zer topatuko duzuen film honetan. Hein handi batean ziurrenik bai, baina Luhrmann-en normalean erabiltzen dituen elementuak -erritmo frenetikoa, musika, koloreak, plano bakoitzean dagoen informazio infinitua, mozketa etengabeak, esajerazioa…- hamarkoiztua topatuko baituzue hemen. Moulin Rouge film geldoa dirudi hone aurrean beraz pentsa. Oso zuzendari barrokoa izan da beti, baina hemen muturrera eraman du barrokismo guzti hori. Onerako ala txarrerako film hau 100% Baz Lurman da, beraz hasieratik erosten baduzu zur eta lur utziko zaitu, ahozabalik, bestela 10. minuturako jada pantaila itzalia izango duzu.  Tom Parkerrekin ( Tom Hanks) duen harremanaren prismaren bidez, Elvis Presley-ren (Butler) bizitza eta musika aztertzen ditu filmak. Elvis-en pertsonaia eta figura garrantzitsuena izanik ere, ahaztu biopic tradizionalaren kontzeptu hori, honakoa errusiar mendi batean igotzea bezala baita, eta 2 ordu eta 40 minutuetan zehar Elvis-en bideoklip bat ikusten ariko bagina bezala sentituko duzu guztia.  Balaztarik gabeko pelikula gehiegizkoa eta batere errealista ez dena, baina zenbat gozatu dudan!

9- ‘Argentina 1985’

Santiago Mitre/ Amazon

Emozioek gainezka egiten dute film argentinar honetan. Narrazio nahiko klasiko baina oso eraginkorra erabiliz, Julio Strassera fiskalaren eta haren talde juridiko gaztearen benetako istorioan oinarritua dago. 80ko hamarkadaren erdialdeko “Juicio a las Juntas” deiturikoan zentratzen da;  diktadura militar argentinar agintarien aurka egindako epaiketen testuinguruan.  Gertaera historiko dramatiko hori osatzeko egitura oso klasiko eta garbia osatu dute Santiago Mitre eta Mariano Llinás gidoilariek, baina bereziki aktoreen lanak eusten dio tinko film osoari.  140 minutuko iraupena duen arren, erritmoa ez da inoiz moteltzen, aitzitik, handitu egiten da eta indarra hartzen du istorioak aurrera egin ahala. Ricardo Darín-ek gorpuzten duen Julio Strassera-ren film amaierako diskurtsoarekin ileak puntan jarri zaizkit. Justiziaren eta memoriaren garrantzia aldarrikatzen duen pelikula bikaina iruditu zait.

 

8 -‘Apollo 10½: A Space Age Adventure’

Richard Linklater/ Netflix

Beste zinegile bat nostalgiatik eta batez ere bere haurtzaroko pasarteetatik tiraz, kasu honetan Richard Linklater. Bere obra ikusi besterik ez duzu egin behar -Before trilogia, Boyhood..- ohartzeko zuzendari gutxi daudela denboraren iragatea hain modu sotil eta adimentsuan pantailaratzen dutenak. 1969an, Richard Linklater zuzendariaren haurtzaroan oinarritua dago Apollo 10½ filma. Stanley da protagonista, irudimen handia duen 9 urteko haurra,  NASA-ren ondoan bizi da bere familiarekin batera eta aitak bertan egiten du lan. Ilargira iristeko Apolo 11 ontzia espaziora ateratzear dago, eta Stanleyk bere burua astronauta gisa irudikatzen du. Austinen bizi zen haur batentzat, espazioko lasterketa ez zen beste gertaera soil bat izan, haren bizitzaren parte izan baitzen. Istorioa gauzatzeko animazioa erabili du, Rotoskopia teknika zehazki (Animazio mota hau aurretik existitzen den bideo batean fotogramak birmarrazten lortzen da) . Richard Linklaterrek (1960) haurtzaroko oroitzapenak ekartzen ditu gogora, eta berriz ere bere filmografiako gai errepikari batzuk aztertzen ditu, hala nola aipaturiko denboraren eta haurtzaroaren iragaitea. Boyhood-en (2014), helduarora pasatzeak eta errugabetasuna galtzeak, tristezia eta babesik eza ekartzen bazituen, Apollo 10½.-en begirada nostalgikoa eta atsegina da. Bihotzera eta oroimenera iristen den filma, geure ilargi propiora egindako bidaia, haurtzaroko irudimenari buruzko ipuin zoragarria.

7- ‘Nope’

Jordan Peele

Jordan Peele zuzendari bereziaren lan berria. Us edota Get Out filmeetan, erakutsi zuen atmosfera bereziak, gidoi originalak edota genero desberdinen artean jokatzeko duen abilezia, baina oraingo honetan, bertute horiek guztiak bere lanik biribilena eta sendoena gauzatzeko erabili ditu. Eszenaratzean zirraragarria iruditu zait, ikus-entzunezko diseinuan biribila eta soinu-bandaren arloan bikaina. Kalifornia barnealdeko herrixka txiki batean girotua, pertsona talde batek, ezohikoa bezain beldurgarria den aurkikuntza egingo dute: hodeien atzean zerbait ezkutatzen dela dirudi,  jatorri estralurtarreko platertxo hegalari horietakoa izan liteke.  Premisa horretatik tiraz galdera interesgarri ugari planteatzen ditu filmak: irudiarekiko dugun zaletasun aseezin hori zenbaterainokoa da etikoa? Noraino irits gaitezke birala egin daitekeen zerbait kamerarekin dokumentatzeko? Drama, zientzia fikzioa, umorea, suspensea, beldur surrealista eta western elementuak uztartzen dituen proposamena da honakoa. Shyamalan, Spielberg eta une batzuetan Tarantinoren filmetako zantzuak ere antzeman ditut.  Zenbat maite ditudan axolagabe uzten ez duten era honetako proposamenak.

 

6- ‘Everything Everywhere All at Once’

Dan Kwan, Daniel Scheinert/ Amazon eta Filmin

Zur eta lur utzi nau. Zentzugabeki koherentea iruditu zait. Inperfektuki perfektua. Ez dakit zer esan erokeria zoragarri, berdingabe eta frenetiko honi buruz. Begiak biraka dauzkat betzuloan eta garuna birrinduta. Filmak Evelynen istorioa kontatzen digu, zergak ordaindu nahi dituen emakume bati buruzkoa. Niregatik balitz horraino azalduko nuke soilik pelikula ikusten duzunerako jasoko duzun inpaktua bortitzagoa izan dadin baina, horrekin bakarrik konbentzituko ez zaitudanez, ea honekin: adin ertaineko etorkin txinatarra da, Estatu Batuetan bizi dena familiarekin batera. Azalduko ez ditudan gorabeherak tarteko, bere mundu propioa ez ezik -alabarekin duen erlazioa bereziki- multibertsoa salbatzeko trama infinitu eta oso (oso) zoro batean murgilduko da. Artelana iruditu zaidan muntaia lan ikaragarriarekin burua nahasten zaizun bitartean, prestatu zaitez, hortik aurrera ikusiko duzun guztiarekin konorterik gabe geratuko baitzara. Gustatu ala ez, zin dagizut gutxitan ikusi duzula honen parekorik.

5- ‘Licorice Pizza’

Paul Thomas Anderson/ Amazon

2021eko filma den arren, 2022. urtean iritsi da Euskal Herriko zinema aretoetara. Ikaragarri miresten dudan zuzendaria da Paul Thomas Anderson. Gehien gustuko ditudan bost zuzendarien zerrenda batean aukeratuko nuke ziurrenik. San Fernando haranean girotzen da bere film berri hau, 1973an, eta  Alana Kane eta Gary Valentinen arteko istorio azaltzen du, nola ezagutu eta maitemintzen diren. Horri buruzkoa besterik ez da Licorice pizza. Nerabeen komedia erromantiko hutsa ikusiko duela uste duenak oso oker dabil. PTAko bederatzigarren fikziozko film luzeak ihes egiten du komedia erromantikoaren konbentzio eta leku komunetatik. Ehunka aldiz ikusi dugun argumentua dirudi eta hala da, baina Paul Thomas Andersonen film honen bertuterik handiena ez da argumentua hiru punturen batura baizik: kontatzeko modua, erretratatzen den garaia eta igarotzen den espazioa. Ez da zuzendariak hirurogeita hamarreko hamarkadaz hitz egiten duen lehen aldia, baina agian hau da hamarkada honen erretraturik samurrena. Zinta intimoa eta sinesgarria da, argitasunak eta zoriontasunak gainezka egiten dutena.  Ez duzue bide logikorik topatuko, ez dago erabaki zuzenik, Boyhood zoragarriaren antzera, funtsean bizitzaz mintzo baita pelikula hau, eta bertan hartzen ditugun erabakiez; akatsekin eta asmatzeekin, ilusioekin eta etsipenekin. Eta, batez ere, adiskidetasunaz dihardu, maitasunaren aurkikuntzaz, eta haurtzaroa utzi eta helduarorako trantsizioaz.  Gidoia,  soinu banda, interpretazioak, zuzendaritza…Film biribila osatu du oraingoan ere zuzendari amerikarrak.

4- ‘Alcarras’

Carla Simon/ Amazon eta Filmin

Belaunaldiz belaunaldi, Solé familiak melokotoien lursail handi bat lantzen du Alcarràsen, Kataluniako herri txiki batean, Lleidatik kilometro gutxira. Baina uda honetan, laurogei urtez lurra lantzen aritu ondoren, azken uzta izango dute, Piñol familiak eguzki-plakak jarriko baititu lur horietan.  Esajeratua, flipatua, pedantea, sasintelektuala edo nahi duzuena deitu, niri bost,  baina Alcarras niretzat zinema da. Zinema ulertzeko eta sentitzeko dudan ideia horrekin guztiz bat egiten duen filma delako. Alcarras filmaren barruan bizi nahiko nuke. Elkarrizketa, keinu eta plano bakoitzarekin txunditua uzten nau beti Carla Simonek, eta hemen ere, Estiu 1993 film zoragarrian egin bezala hitzik gabe utzi nau. Egia eta errealismoa poro guztietatik jariatzen duen filma da honakoa. Ia ezinezkoa zait fikzioaren etiketapean kokatzea; hein handi batean aktore ez-profesionalen lan zoragarriari esker sinesgarritasun maila hain da handia, ezen dokumentaletik gertuago kokatzen dudala.  Artearen munduan gauzarik zailenetarikoa, eta bereziki zineman, egia absolutu horretatik jaiotzen den soiltasun edota xumetasun hori lortzea da. Landa-lurraren eta haren tradizioen edertasunari eginiko omenaldi zoragarria da, horren aldeko aldarrikapen zintzoa, xumea eta ederra.

 

3-‘Triangle of Sadness’

Ruben Östlund

Ruben Östlund zuzendari suediarraren izena 2014ko Force Majeure film bitxia ikusi ondoren entzun nuen aurrenekoz. Film hura estreinatu eta hiru urtera, The Square liluragarriak, zuzendariaren filmografian gehiago murgiltzeko gogo piztu zidan. Egoera ezohiko horiekin zer transmititu nahi duen asmatzen eta fikzioaren kontzeptu horrekin nola jokatzen duen argitzen ahalegindu nahi izan dut geroztik. 2022an Triangle of Sadness estreinatu du, eta aurrekoak baina apur bat ahulagoa iruditu zaidan arren, bere lanetatik hainbeste gustuko ditudan elementuak aurkitu ditut hemen ere, guztietan dibertigarriena iruditu zait.

Bizi dugun gizartearen irudi gardena erakutsi digu beti Östlund-ek, baina min ematen duen errealitate moduko bat erakutsi; muturrera eramandako egoerak batzuetan, baina errealitatea, azken finean. Irrealtasun batetik jaiotzen diren egoera oso errealak sortuko balitu bezala, fikzioaren muga ikusezin hori gaindituz. Force Majeure eta The Square filmeetan egin bezala, hemen ere kontrasteak bilatu ditu: egoera oso arruntetatik, drama eraikitzeko gaitasuna erakutsi du. Barregura eragingo diguten eszenak dira baina min ematen dutenak. Zentzugabeak diruditelako, esajeratuak zergatik ez esan, baina apurka zauria eragiten digutenak.  The Square filmak artearen mundua ezbaian jartzen bazuen,  Triangle of Sadness-ek, tonu dibertigarriagoa eta beltzagoa erabiliz,  gizarte-klaseen desberdintasun ikaragarriaz, kapitalismo basatiaz, eta hil ala biziko egoera baten aurrean gizaki bezala hartzen dugun jarreraz dihardu.  Lehen minutuetan Yaya eta Carl bikotea ezagutuko dugu: Yaya influencerra da eta Carl modeloa. Superluxuzko yate batera gonbidatzen dituzte, sare sozialetan publizitatea egiteko. Apurka ontzian bidaiatzen duen jende aberatsa ezagutzen hasiko dira; besteak beste, ongarrien handiki errusiarra dago, edo armak saltzen dituzten adineko bikote britainiar gozoa. Trama hiru zati nagusitan banatua dago, lehenengoan pertsonaiak eta kokalekua aurkezten dizkigute. Bigarrengoa itsasontzian gertatzen den “hori”, filmeko unerik onenak bertan biziko dituzue. Eta hirugarrena, kokaleku aldaketa dagoen unea, filmak irauten dituen 149 minutuetatik kaskarrenak akaso. Oro har ez da aurrekoak bezain sotila, zabaldu nahi duen kritika oso agerikoa delako, baina ikaragarri gozatu dut film honekin. Eskatologikoa, probokatzailea, basatia eta dibertigarria.

 

2- ‘Manticora’

Carlos Vermut

Film ausarta oso, eta morbo errazean inongo momentutan erortzen ez dena. Gaia oso konplexua eta latza izanik ere, ñabardura sotilen bidez islatzen baitu gatazka nagusia. Nacho Sánchez aktoreak maisuki gorpuzten duen Julianen istorioa azaltzen duen filma da; bideojokoetarako izaki beldurgarriak diseinatzen dituen 30 urte inguruko mutil bakarti bat, sekretu bat ezkutatzen duena. Hortik aurrera tramari buruz gehiagorik ez jakitea gomendatzen dizuet.  Fikzioan, gaizkia pertsonaien bidez erretratatzea lan liluragarria iruditu izan zait beti. Alde batetik, ekintza beldurgarriak egin ditzakeen pertsona batekin enpatia sentituz gero, eremu oso ilunetan sartzeko arriskua egongo litzatekeelako eta moralki zalantzagarria izango litzateke trataera hori zuzendariaren aldetik. Aldiz, lehen segundotik pertsonaia hori nazkagarria eta jasanezina egiten bazaigu, ez genituzkeelako 10 minutu ere iraungo filma ikusten. Carlos Vermut-ek Julián pertsonaiarekin lortu duena goi-mailako abilezia erakustaldia iruditu zait,  bere helburua ez baita ikusleak bearekiko enpatia sortzea, burutzen dituen ekintza horien atzean dauden arrazoi posibleak ezagutaraztea baizik.  "Filmak zerikusia du pertsonaiaren eta geure buruaren auzipetze moralarekin: nola liteke ezer txarrik egin ez duen norbait gogoko ez izatea?  Nola gorrotatu dezakegu ezer egin ez duen norbait, eta soilik bere pentsamenduengatik epaitu?" aipatu zuen Carlos Vermutek  EFE agentziari emandako elkarrizketa batean. Kredituen ondoren zurekin betiko geratzen den film horietakoa, eta berari buruz zenbat eta gehiago pentsatu, zure barnean orduan eta gehiago hazten den horietakoa.

1- ‘Aftersun’  eta ‘Decision to leave’ (ex aequo)

‘Aftersun’

Charlotte Wells

Zeinen film berezia. Zeinen samurra eta gogorra aldi berean. Zeinen sotila eta inteligentea. Zeinen ausarta zuzendariaren lehen film luzea dela kontuan izanda. Irauten dituen 98 minutuak igaro ondoren “ezer gertatzen ez den” film horietako bat ikusi duzunaren sentsazioa izango duzu ziurrenik. Baina sentiarazi dizun horri buruz pentsatzen hasten zarenean, ikusi duzuna asimilatzen, zure garunean eta bereziki bihotzean utzi duen arrastoa hor jarraitzen duela ohartzen zarenean, barrutik desegingo zaitu.

Filmarekin eta pertsonaiekin emozionalki konektatzea lortzen ez baduzu, nahiko aspergarria eta zentzugabea irudituko zaizu.  Baina hasieran, hainbat arrazoiengatik,  film berezia dela aipatu dut; egitura narratiboari dagokionez adibidez. Ahaztu betiko hasiera, korapiloa eta amaiera. Une honetan aproposena trama nagusia azaltzea izango da: Sophie protagonistak duela 20 urte aitarekin egindako oporraldi bati buruzko gogoeta egiten du. Horretarako oroimenei helduko die, eta urte horietan bideokamera zahar batekin grabaturiko irudiak errepasatuko ditu. Film osoa bi elementu horiekin eraikia dago.  Ñabardura txikiek garraiatzen dute trama nagusia eta ustez solte dauden hariek. Oroimenari buruzko filma da honakoa, eta oroimenak, sarritan, errealitate zatikatua ikusten uzten digute digu soilik. Hortik filma egituratzeko modu hori. Bestetik oso iradokitzailea eta sotila da, ez da batere deskribatzailea eta ez da ia ezer azaltzen. Bidean uzten dizkiguten detaile txikiek osatzen baitute puzzlea -neska gaztea heldua deneko sekuentzia azkar horiek, aita festa moduko batean dagoenean, zuzeneko show kutre horretan aitaren jarrera arraroa, hondartzara gauez doaneko hori eta abar- eta ezer ez da hitzen bidez azaltzen.  Filmaren planteamendua, nire ustez, ikusleak haurtzarora bidaia hau protagonistarekin batera egitea da, oroitzapenen artean arakatzeko eta hain etsi-etsian behar dituen erantzun horiek aurkitzen lagunduko dioten adierazleak, keinuak edo xehetasunak ikusteko.  Helburu hori lortzeko, zinemak eskaintzen dituen erremintak ezin hobeto zukutu ditu Charlotte Wells zuzendariak.   Galdetuko banizu, orain dela 10 urte hil den familiar bati buruzko oroitzapenak nolakoak diren zer esango zenuke? Uneak, lekuak, keinuak edota ekintza zehatzak datozkizu burura ziur, baina sekuentzia horiek guztiak lotzen dituzten tarteko beste ezer, ezta? Charlotte Wells. Apuntatu ongi izen hori Aftersun bere lehen film luzea bada, gainerakoak ikaragarriak izango direla susmatzen baitut. Harribitxia iruditu zait bereziki azaldu ditudan alderdi horiengatik, eta interesgarria iruditu zait oso aitatasuna emakumearen ikuspegitik islatzen duelako, Sophierena, horrek dakarren konplexutasun guztiarekin.

‘Decision to leave’

Park Chan-wook

Hego Korean amaituko dugu onenen ibilaldi hau, Park Chan-wook zuzendarian lan berria aipatzeko. Zinema korearrari buruz hitz egiten bada, bertako zinemaren adierazgarririk onenetarikoa izan liteke zuzendari hau. Old boy film mitikoarekin mugarri bat ezarri zuen, eta Stoker edota Ah-ga-ssi (The Handmaiden) beste izenburu garrantzitsu batzuk izan dira bere diskurtsoa ezagutzeko. Decision to Leave-ekin, Park Chan-wook gorenera iritsi dela uste dut, bere obrarik biribilena da iruditzen baitzait. Gizon bat mendi baten gailurretik erori eta hil egiten da, Busandik gertu dagoen labar batetik  Hae-joon polizia-detektibea arduratuko da kasuaz, eta istripua izan ez dela uste du berak.  Sore, hildakoaren emaztea susmagarritzat hartzen duen arren,  berarekiko sentitzen duen erakarpenak ezegonkortu egin du kasua. Forma, edukia eta emozioa guztiz bat egiten dute lan honetan. Ezin uka, zuzendariaren filmografia ezagutzen dugunok,  oso esteta izaten dela bere lanetan,  estetikak indar eta garrantzia handia izaten duela. Ikusteko oso erakargarria den emaitza lortzeko, plano, kamera-mugimendu, zoom, kolore-tratamendu edota eszenen arteko trantsizio bakoitza milimetratua dago, baita Decision to Leave filmean ere jakina.