2022 hasiera honetan galdu ezin dituzun zenbait disko

2022 hasiera honetan galdu ezin dituzun zenbait disko Telesailen antzera, gaur egun zaila da argitaratzen diren disko berri guztiei pista jarraitzea. Horregatik, zuri lana errazteko, urte hasiera honetan argitaratutako zenbait disko gomendagarriren zerrenda dakarkizugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2022-hasiera-honetan-galdu-ezin-dituzun-zenbait-disko/@@download/image/ytsi-vulk.png
2022/02/16

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Telesailen antzera, gaur egun zaila da argitaratzen diren disko berri guztiei pista jarraitzea. Horregatik, zuri lana errazteko, urte hasiera honetan argitaratutako zenbait disko gomendagarriren zerrenda dakarkizugu.
2022 hasiera honetan galdu ezin dituzun zenbait disko

Zerrenda honetan denetarik dago, rocka, folka, elektronika... baina batez ere abesti onak. Aurreiritzirik gabe entzuteko gai bazara, benetan gozagarriak diren lanak daude hemen. Ziur gustu ezberdinentzako proposamen interesgarriren bat aurkituko duzula, edo hori da asmoa behintzat. Batzuk jada izen ezagunak dira, beste batzuk hastapenetan dauden proiektuak dira.

Argitaratzen diren disko zerrenda amaigabean arakatzeko denbora gutxi baduzu, hona hemen 2022 hasiera honetan argitaratu diren zenbait lan gomendagarri:

Yard Act - The Overload

Post
punk britainiarrak ez du amaierarik. Dena asmatuta badago ere, zenbait taldek freskotasuna helarazten dute, eta horietako bat da Yard act. Gang Of Four taldea gogorarazten dute, baina ez dira hauen estetikan soilik geratzen. Amorruz sortutako abestiak eraiki dituzten. Nahiz eta badakiten ezingo dutela errealitatea aldatu, behintzat, terapia moduan balio du diskoak, bai beraientzat eta baita entzulearentzat ere.

León Benavente - ERA

Erosotasunetik 
abestiak sortu beharrean, pauso bat harago eramango dute euren soinua. Gitarra eta sintetizadoreen sinbiosi ederra eskuratu dute. Abesti oso hetereogeneoak aurkitu daitezke bertan, berehalako singleak eta denbora gehiago exijitzen dutenak. Letrak ere bikainak. Euren zuzenekoren batera joateko gogoz. 

FKA twigs - Caprisongs

Nortasuna
eta originaltasuna borborka ditu Tahliah Debrett Barnett britaniar gazteak. Mixtape bat argitaratu badu ere, kalitatea soberan du lan berriak. Iluntasuna eta pop abesti komertzialagoak tartekatzen ditu oreka seduzitzailean.

Cat Power - Covers

Bertsio
disko bat baino gehiago da hau. Abesti originalak deformatu eta berrasmatu ditu eta berriak bailiran aurkeztu. Ez dira originalabaino hobeak edo okerragoak, ezberdinak dira. Bertan Nina Simone, Iggy Pop edo Billie Holiday-en abesti ezagunak aurkitu daitezke, baina artistaren iragazki pertsonaletik pasa ondoren. Zoragarria. 

Portzierto, badakizu uztailaren 6an Cat Power gurean izango dela? Biarritzeko Atabal aretoan arituko da. Galdu ezinekoa!

Vulk - Ez Da

Hezurtsua, gordina, apaindurarik gabea. Horrelakoak dira laukote honen abesti berriak. Ukabilkadaz ukabilkada punka eta hardcorea eraberrituko dituzte soinu pertsonal baten bitartez. Hemen ez dago itzulinguruka ibiltzerik, zuzenak dira abestiak, kalitatea lehenetsiz. 

Grace Cummings - Storm Queen

Ahots
izugarri pertsonal eta hunkigarri bat eta konposizio ederrak aurkituko dituzu disko honetan. Etortzear dagoen ekaitzaren aurreko baretasun aztoragarriarekin, bere mundu pertsonala aurkezten digu artistak. Ziur berehala maiteminduko zarela. 

alt-J - The Dream

Urteak 
ez ditu alferrik galtzen utzi alt-J-ek. Hasiera batean, ohiko epeltasuna dutela abestiek baldin badirudite ere, euren narratiban gehiago sakondu ahala ohartuko zara euren lanik zuzenena eta gordinena dela, ahoan bilorik gabe hitz egiten baitute heriotzaz edo egungo gizarteaz. Esperimentaziorako tarteak ere aurkituko dituzu lan interesgarri honetan.