2021eko ADARRA SARIA AMAIA ZUBIRIARENTZAT
Jose Joaquin Forcada “Forki” kazetaria, Auria Etxeandia EGOko komunikazioa arduraduna eta Esther Fernandino Donostiako Kulturako Musika ataleko tenikaria arduratu dira aurtengo sariduna erabakitzeaz eta ez dute dudarik izan Amaia Zubiria kantariari ematerakoan.

Aho batez esan dute Amaia Zubiria (Zubieta, 1947) euskal musikaren “ordezkari garrantzitsuenetakoa” dela. Musikagintzan lehen pausoak 70. hamarkadan hasi zituen eta egunera arte luzatzen da bere ibilbidea. “Aparteko gaitasuna duen interprete eta musikagilea” dela adierazi dute eta funtsezko eragina izan duela ondoren euskal musikarien belaunaldian. Kantu tradizionalen “gaurkotzaile gisa egindako lanak eta euskal zinemaren puntako soinu-bandetan izandako lankidetzak haren lan artistikoaren garrantziaren neurria ematen digute”.
Sariaren berri izan duenean Zubiriak hauxe adierazi du: “Bizitza asko izan ditut. Eta horietako bakoitza zirkulu bat bezala ikusten dut. Aurrekoa itxi arte ez nintzateke erabat sartuko hurrengoan. Balego. Gainera uztai bat ixterakoan beti xirrikitu bat uzten saiatzen naiz, batek daki. Adarra Saria horrela bizi dut, musikarekiko dudan zirkulu honen amaiera bezala. Hurrengoaren hasiera, agian”.
Zubiriak ekainaren 21ean, Musikaren Europako Egunean, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Victoria Eugenia Antzokiko oholtzan jasoko du Marijose Rekalde eskultoreak egindako sariaren garaikurra, Eneko Goia Donostiako alkatearen eskutik, eta segidan kontzertua eskainiko du, musikari talde zabalaz inguratuta: Pascal Gaigne, Karlos Gimenez, Angel Unzu, Iñaki Salvador, Aitor Furundarena, Ritxi Salaberria, Gonzalo Tejada, Luis Camino, Manu Gaigne… Hainbat kolaborazio ere izango dira: Maider Ansa, Jaione Olazabal, Matixa Otero, Francisco Herrero, Ainara Ortega, bere seme Edorta Amurua Zubiria eta Jon Maia bertsolaria tarteko.
Kontzerturako sarrerak gaur jarri dira salgai, 20 euroan, Victoria Eugenia Antzokiko eta Antzoki Zaharreko leihatiletan eta webgunean. Lau sarrera erosi ahal izango dira gehienez pertsonako.