2021eko 30 (+10) telesailik onenak

2021eko 30 (+10) telesailik onenak Aspaldi aitortu nizun ikusitako onenen zerrendak egitea, txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala eta urtea amaitzen ari dela aprobetxatuz, zer hoberik, 2021. urte ezohiko honetan ikusitako ehunka telesailen artean onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino. 30 (+10) jarri dut izenburuan: 30 telesail berri onenak alde batetik, -alegia aurten estreinatu direnak- , eta denboraldi berriekin itzuli diren 10 onenak. 40 guztira! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2021eko-30-10-telesailik-onenak/@@download/image/irudinagusia_gaztezulo.jpg
2021/12/27

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Aspaldi aitortu nizun ikusitako onenen zerrendak egitea, txokolatea jatea baino gehiago gustatzen zaidala eta urtea amaitzen ari dela aprobetxatuz, zer hoberik, 2021. urte ezohiko honetan ikusitako ehunka telesailen artean onenak iruditu zaizkidanak aipatzea baino. 30 (+10) jarri dut izenburuan: 30 telesail berri onenak alde batetik, -alegia aurten estreinatu direnak- , eta denboraldi berriekin itzuli diren 10 onenak. 40 guztira!
2021eko 30 (+10) telesailik onenak

Emakumezko protagonista ahaltsuen presentzia geroz eta handiagoa -Mare of Easttown, Maid, The Underground Railroad, Brand New Cherry Flavor, We Are Lady Parts, Vigil, Starstruck Hacks edota Losign Alice telesailekoak adibidez- oraindik oso eskasa den arren jakina. Horrekin zuzenean lotua, kamera atzean eta zuzendaritza-gidoilaritza lanetan genero femeninoaren presentzia indartzea zeinen garrantzitsua den frogatzen duten adibide asko; aipaturiko telesail horietatik hiruk emakumezko zuzendariak dituztelako adibidez, Molly Smith Metzler, Lucia Aniello eta Sigal Avin. Pantaila txikiaren eremuan, animazioa ere indar handiz ari dela sartzen ohartu naiz gainera. Badoa 2021. urtea eta pantaila txikiak utzi digun onenaren errepasoa egitea tokatzen da. Ikusi ditudan ehunka proposamenei txori-bista egin eta ondorio garbi bat ateratzea oso zaila den arren, gehien gustatu zaizkidanen artean joera horiek antzeman ditut bereziki.

 

30 telesail berri onenak:

 

30- ‘Tunna blå linjen’

Filmin / 10 atal

Sei polizien eguneroko bizitzaren erretratu intimoa da honakoa, non eremu pribatuaren eta profesionalaren arteko lerroa lausotu egiten den Suediako Malmö hiri bizi eta gatazkatsuan tentsioak areagotzen diren heinean. Poliziak gizartearekin duen harremana aztertzen du bereziki telesail honek.  Baina kontuz, ez pentsa kasu frenetikoak ardatz dituen nordic-noir bat ikusiko duzunik, agente horiek ez baitute kasu “handirik” konpontzen, eta ez dute ikerketa zehatzik egiten; ez gaude ohiko noir nordikoaren lurraldean. Ez dira detektibeak, polizia-infanteriakoak baizik, eta gauza “txikiak” konpontzea da beraien lana.

 

29- ‘Klangor’

Filmin / 8 atal

Polonian –bere jatorrizko herrialdean- sekulako arrakasta izan duen telesail honek gizon baten bilaketa aseezina kontatzen du, egoera bitxian desagertutako bere alaba aurkitzeagatik. Ez da biribila, inondik inora ere, baina sekretuz beteriko thriller entretenigarria ikusteko gogoz bazabiltza oso aukera txukuna iruditzen zait.

 

28- ‘The Billion Dollar Code ‘

Netflix / 4 atal

Espero ez nuen sorpresa oso atsegina eta ikuserraza. TerraVision: Google-en aurka matxinatu zen proiektu aitzindariaren historia ardatz duen miniserie alemaniarra. Google Earth sortu zeneko patentea plagiatzeagatik, bi informatikari alemaniarrek erraldoi teknologikoaren aurka egin zuten borroka legalean zentratzen dena. 1993an, Art+COM konpainia alemaniar ezezagunak TerraVision proiektu aitzindaria garatu zuenean, lehen aldiz, mundua birtualki ikusteko aukera eman zuen sateliteen irudien eta datu arkitektonikoen bidez, erabiltzailea esperientzia murgiltzaile batean kokatuz planetako edozein txoko bisitatu ahal izateko. Ezaguna egiten zaizu ezta? Zortzi urte geroago, 2001ean, Google-ek Google Earth abiarazi zuen, ideia hori bera errepikatzen zuen programa informatikoa.

 

27- 'The Serpent’

Netflix/ 8 atal

Denbora lerroan beharrezkoak ez diren etengabeko jauzi nahasgarriak salbu, narratiboki apur bat gogaikarriak, asko gustatu zait The Serpent telesaila. Tahar Rahim-en antzezpen bikaina buru dela, Charles Sobhraj-en benetako istorioa azaltzen duen telesaila da, 70eko hamarkadan, Asian, hainbat turista gazte hil zituen serieko hiltzaile gupidagabea. Antzezpen lanez gain, hamarkada horretako giropen bikaina, lokalizazioen aukeraketa,  arte zuzendaritza eta eszena bakoitzaren kolorearen tratamenduan ere nabarmenduko nituzke. Guztia azken zirrikituraino zaindua dago eta garaiko etengabeko xehetasunek, kontatzen ari diren istorioan gehiago murgiltzen laguntzen dute.

 

26-‘Brand New Cherry Flavor’

Netflix/ 8 atal

Aitortuko dizut ez dela agian zerrendako telesailik onena, baina bai sailkaezin, bizarro, desberdin eta bereziena, eta hori egun bizi dugun estreinaldi zaparrada errepikakorren garaian, asko eskertzen dudan zerbait da. Argitu nahi dudan bigarren kontua: ez dela ikusle guztiek estimatu edota gozatuko duten proposamena. Zerbait errealista edota sinesgarritasunaren aldeko hautua egiten duen telesail baten bila bazabiltza hobe duzu guztiz aldentzea.  Ez erritmoa, ez elkarrizketak, ezta pertsonaien erreakzioak ere ez baitira batere errealistak. Bere arauei propioei jarraitzen die eta bere kabuz erabakitzen du zer elementuri eman garrantzia eta zeri ez. Hori bai, joko horretan hasieratik sartuz gero eta arau horien alde arraun egiten baduzu –niri gertatu zaidana- harrapatuta geratuko zara. Zinema-zuzendari izateko hautagaia den Lisa Nova da gure protagonista eta 1990eko Los Angelesen girotzen da trama nagusia. Horraino dena nahiko arrunta dirudien arren, naturaz gaindiko mendeku bidaia batean murgiltzean guztia hankaz gora geratuko da. Telesail apur bat surrealista, hipnotikoa eta batez ere oso berezia.

 

25- ‘Kastanjemanden’

Netflix / 6 atal

Oso gutxi espero nuen ekoizpen daniar honetatik, baina “thrillerra” eta “nordikoa” irakurtzen ditudan bakoitzean guztia utzi eta proposamen hori ikustera joaten naiz gehienetan. Søren Sveistrupek dago sormen taldearen buru, 'Forbrydelsen' ('The Killing') telesailaren sortzailea, hein handi batean thriller-poliziako ilunen fenomenoa pantaila txikian berpiztu zituena. Gerora Europa iparraldean oso modan jarri baitzen generoa izan baitzen;  'Bron/Broen’ edota 'Trapped’' bezalako ekoizpen entzutetsuek jarraitu zioten ostera, adibidez. Nordic Noir generoa gustuko baduzu, gaztainen telesail honek – bai, gaztainak, ikusten duzunean jakingo duzu zergatik diodan- behar duzu hori guztia eskainiko dizu asebete arte: soiltasuna, atmosfera hotza, hilketa basatiak, hiltzailea nor den aurkitzearen joko maltzurra, pista faltsuak eta abar.

 

24-‘Starstruck’

Hbo Max/6 atal

BBCk eta HBO Max-ek ekoitzitako komedia erromantiko honetan, Rose Matafeo aktoreak Jess gorpuzten du, Londresen etxebizitza partekatzen duen Zeelanda Berriko gazte bat. Urtezahar gauean, Jess taberna batean ezagutu duen mutil batekin oheratu ostean, hurrengo goizean esnatzean, modako aktore oso ezagun bat dela deskubritzen du. Hortik aurrera millennial maitasuna ardatz duen eta Nothing Hill-en kutsua duen komedia erromantiko freskoa eta arina ikusteko aukera izango duzu. Egoera barregarri eta zentzugabeek, baina aldi berean guztiz sinesgarriak ere telesailaren euskarri nagusia iruditu zaizkit. Ziur aski telesailak bere sortzailearen bizitza pertsonala inspirazio gisa hartu izanagatik, errealismo kutsu hori uneoro antzematen da.

23- ‘Utmark‘

Hbo Max/8 atal

Egungo gizarteak arazoak modu arrazionalean konpontzeko duen ezintasunari buruzko satira sozial oso interesgarria iruditu zait. Western nordikoa eta komedia dramatikoa uztartzen dituen telesail bitxia eta sailkaezina, ikusteko baino sentitzekoa den horietakoa. Fargo-ren zantzuak dituena baina ukitu nordiko berezi eta batez ere oso hotz batez mozorrotua. Utmarken girotzen da, Norvegia iparraldean, oso urrun, dagoen herrixka isolatu batean.Maistra bat herrira iristen da, bizitza berri bat hasteko itxaropenaz ,baina laster konturatuko da herri honetako biztanleak ez direla oso ohikoak. Atentzioa ematen duen lehen alderdietako bat bere erritmo lasaia da, beraz, pazientzia erraz galtzen duen horietako bazara agian ez da zuretzako.  Argazki zuzendaritza eta musika ere nabarmenduko nituzke. Lehenak, klima, giroa, itsusitasuna, hoztasuna, indarkeria eta tentsioa ezin hobeto islatzen ditu kolore eta planoen bitartez. Musika bizia iruditu zait, traman gertatzen diren ekintzen lagungarri moduan funtzionatzen duena eta batez ere isiltasun uneak hausten dituena.

22-  ‘Dr Death’

Starz/ 10 atal

Benetako istorio beldurgarri batean oinarritzen den telesaila. Christopher Duntsch doktorea, itxuraz neurozirujau bikaina zen; karismatikoa, adeitsua eta oso profesionala. Ebakuntza-mahaitik igarotzen ziren gaixoak, mutilatuak, zaurituak, iristen ziren baino larriagoak edota heriotza eragiten zietela deskubritu zuten arte. Duntschen istorioa, lehen aldiz, izen bereko podcast oso arrakastatsu batean kontatu zen. Neurokirurgialari, nartzisista eta ezgaia, ala bere pazienteak zauritzen gozatzen duena ? Pertsonaia beldurgarri hori gorpuzten Joshua Jackson ezaguna dugu, Alec Baldwin eta Christian Slaterrekin batera, Duntschek medikuntza praktikatzeari utz diezaion lanean hasten diren bi zirujau. Telesailak bi alor lantzen ditu hobekien nire ustez. Pertsonaiaren anbiguotasuna lehena: piramide sozialean eskalatzeko lanbide garrantzitsu bat erabili zuen egozentriko ezgaia ala ebakuntza kirurgikoak erabiliz mina eta sufrimendua eragiten gozatzen zuen psikopata? eta Amerikako osasun-sistema pribatizatuaren salaketa nabarmena bestea. Bere bizitza pertsonala ikertzeaz eta azaltzeaz gain,  urteetan zehar oharkabean pasatzen utzi zion sistema zalantzan jartzen baitu. Ospitaleen, sektoreko enpresen eta estatu federalen artean ia komunikaziorik ez duen sistema hondatua.

21- ‘Calls’

Apple tv+/ 9 atal

Proposamen originala, berritzailea eta ausarta da. Ideia erraza da, baina inola ere ez sinplea. 13 eta 20 minutu arteko bederatzi istorio dira guztira, beldurra, thrillerra eta suspensea uztartzen dituena. Pertsona ezberdinen arteko telefono deietan oinarritzen diren kontakizunak, baina erne, soilik soinua entzuten delako telesail osoan zehar, ez dago irudirik. Tira, pantailan irudi batzuk badaude, baina entzungai ditugun elkarrizketak indartzeko eta biribiltzeko sortu dituzten soinu- uhin moduko batzuk dira, eta protagonisten elkarrizketen testuak ere irakurgai daude, baina hori besterik ez. Esperimentu aparta iruditu zait. Murgiltze lan ikaragarriaz ahalik eta gehien gozatzeko, aurikularrekin ikuste-entzutea gomendatzen dizut. Burmuinari eta ikusle bakoitzak erakutsi dezakeen irudimenari aurre egiten dion telesail berezia.  

20- ‘Squid Game’

Netflix / 8 atal

Egia da telesail honekin eman duten matraka hain erraldoia izan dela, ia jasanezina bihurtzera eraman dutela, gorrotatzeko puntura (ia) iritsi arte. Kokoteraino amatu dut nik ere ditxosozko txipiroiekin #daitort. Baina egiari zor, telesailak gauza nabarmen ugari dituela iruditzen zait, -beste batzuk ez hainbeste noski- eta zerrenda honetan egotea guztiz merezi duela. Sinopsia ez dizuet azalduko, soberan ezagutzen duzuelako, baina urteko onenen zerrendan egotea merezi duela iruditzen zait, diseinu ekoizpen ikusgarria duelako, oso entretenigarria delako, oso adiktiboa eta gizarte kritika oso interesgarria plazaratzen duelako.

 

19- ‘Reservation Dogs’

Disney +/ 8 atal

Azken urteotan ezagun egin den Taika Waititi sortzailearen telesaila. Oklahomako ekialdean dagoen indiar erreserba bateko nerabe talde baten abenturak kontatzen ditu, non eguna, rapeatzen, delitu txikiak egiten eta auzoa defendatzen igarotzen duten. Erreserbatik ihes egin eta Kaliforniara bidaiatzeko adina diru biltzea da beraien helburua. Guztia umore dosiekin bustia dago eta ikusteko oso atsegina den telesaila iruditu zait, berezia. Serieak indiar komunitateekin duen konpromisoa erabatekoa da. Istorioa Okmulgeen garatzeaz gain, han dagoelako Muscogui tribuaren Gobernuaren egoitza eta gainera eta garrantzitsuena, sormen-taldeko kide guztiak eta aktore nagusiak natiboak dira.

18- ‘We Are Lady Parts’

Peacock (Filmin-en egondakoa) / 6 atal

Osagarri ez ohikoak eta oso erakargarriak dituen telesail aparta eta oso freskoa: Lady Parts izeneko Londresko punk banda bat da protagonista nagusia, emakumezkoak dira, nerabeak eta musulmanak. Taldekide berri baten bila hasiko dira, gitarra jotzailea, eta moldeak apurtzeko helburuz aurrera egingo dute. Komedia honetan, nerabe musulmanei dibertigarriak, sexualak, barregarriak eta gatazkatsuak izateko aukera ematen zaie. Nerabe arrunt gisa erretratatu dituzte azken finean, eta hori eskertzekoa da.  Emakume musulmanak benetan diren bezala, besterik ez,  estereotipo zaharkituei ostikada ematen dien telesaila.  Oso dibertigarria.

17- ‘Vigil’

Movistar / 6 atal

Zeinen onak diren britainiarrak eta BBC katekoak zehazki,  telesail motz, entretenigarri, frenetiko eta eraginkorrak sortzen. Horren eredu urpekari bat ardatz duen thriller klaustrofobiko hau.  Amy Silva (Suranne Jones) da protagonista nagusia, HMS Vigil itsaspeko nuklearrera bidaltzen duten detektibea, sarjentu nagusi baten heriotza misteriotsua eta esplikaezina ikertzeko. Eskotila bere buruaren gainean ixten denean ordea, aurkitzen duen errealitatea espero zuenaren oso bestelakoa da. Itsaspekoaren barruan, sekretismoak, hierarkiek, gezurrek eta egoera klaustrofobiko batek ikerketa zailtzen dute, eta gainera tripulazioa ez dago laguntzeko prest. Esperientzia adrenaletikoa eskainiko dizun proposamena da, lehen segundotik harrapatuko zaituena.

16- ‘Yellowjackets’

Movistar/ 11 atal

Urte amaierako beste ezustekoa. Nerabeen emakumezko futbol talde bati buruzko istorioa da. Duela 20 urte izandako hegazkin istripu tragiko batek sekretu asko ezkutatzen ditu, bizirik atera zirenek kosta ahala kosta ezkutatu nahi dituztenak. Bilbeari buruz ez dut gehiago azalduko, zeure kabuz deskubritzea merezi duelako, eta telesail honen oinarri oso sendoa den misterioa zapuztuko lukeelako. Askok Lost telesaila eta Lord of the Flies  eta ¡Viven! filmen arteko hibrido gisa etiketatu dute. Tira, tramari dagokionez antzekotasun ugari daudela aitortuko dizut, pertsonaien gatazkak ere sakonki jorratu dituztela, baita denboran saltoak eginez erabiltzen duten narratiban, baina hortik aurrera urruneko erreferentziak iruditzen zaizkit.

 

15- ‘Scenes from a Marriage’

HBO Max/ 5 atal

Jessica Chastain eta Oscar Isaac. Bi izen horiek irakurtzearekin soilik ez al da nahikoa argudio telesaila ikusteko? Niretzat behintzat hala izan da. Ingmar Bergmanen 1973ko izen bereko telesailaren egokitzapena. Maitasunaren, gorrotoaren, desioaren, monogamiaren, ezkontzaren eta dibortzioaren irudikapen ikonikoa berraztertzen du, bikote estatubatuar garaikide baten ikuspegitik. Garai berrietara egokitzen jakin izanak, jatorrizko istorioari elementu narratibo berriak erantsi dizkio, beharrezkoak zirenak, eta ildo nagusiari aberasten laguntzen diotenak.

 

14- ‘Juli 22 ‘

Filmin/ 6 atal

Norvegiako historiako egunik tragikoenetakoa ardatz duen telesaila, sei ataletan zehar, 2011ko uztailaren 22an izandako erasoen lekuko bilakatzen baikaitu. Lehenengo erasoa, Osloko erdigunean izan zen Norvegiako gobernuaren egoitzan. Bigarrena aldiz, Utøya uhartean gauzatutako tiroketa izan zen. Gertatu zena jaso eta islatzeko helburuz sortu duten telesaila da, baina baita erasoaren aurreko egunetan eta ondorengoetan zer gertatu zen ere. Fikzioaren asmoa ez da inongo momentutan interesaren morboa atentatuan zentratzea. Guztia pertsonaia anonimoen begietatik azaldua dago, eta arrazoi posibleei eta ondorioei arreta berezia eskaintzen die. Prentsaren jarrera edota hezkuntzaren lana oso modu dotore eta ez-sentsazionalistan lantzen ditu, besteak beste.

Telesail korala dela esan daiteke ez baita pertsona bakar batean zentratzen, eta pertsonaia sorta desberdin horiei esker, eta bakoitzaren eginkizuna bistaratuz,  telesailak zehaztasunez aztertzen du norvegiar mikrokosmos hori.

13- ‘Arcane: League of Legends’

Netflix  / 7 atal

Oharra: ez dut LOL (League of Legends)  bideo-jokoa ezagutzen eta mundu hori zeharo arrotza da niretzat. Are gehiago esango nuke ez zaidala batere gustatzen eta ez zaidala batere erakargarria iruditzen. Ulertuko duzu beraz ‘League of Legends’ bideo-jokoaren egokitzapena zela irakurri nuenean “guztiz paso” esan nuela. Netflix plataformara beste telesail bat ikustera sartzen nintzen bakoitzean ordea, eta algoritmo madarikatuak hasierako pantailan animaziozko telesail honen irudiak jartzen zizkidan une oro, txundituta geratzen nintzen. Irudiak enegarren aldiz ikusi nituenean, aukera bat ematea erabaki nuen, eta eskerrak! Eskerrak diot, animaziozko ekoizpen hau bisualki izugarria iruditu zaidalako, oso entretenigarria, erritmo bizikoa, aparteko soinu bandaduna eta narratiboki espero ez nituen elementu ugari oparitu dizkidalako. Ahaztu bideo-joko baten egokitzapena dela, animaziozko proposamenak gustuko badituzu zalantzarik ez izan eta murgildu unibertso berezi eta handi – oso oso handi- honetan, zin dagizut ez zarela damutuko eta.

12- ‘Dopesick’

Disney +/ 8 atal

Telefilm kutsua zuen produktu hutsala ikusi behar nuela uste nuen baina erabat harritu nau Hulu-ren proposamen honek.  Estatu Batuetan opioideen mendekotasunaren aurkako borrokaren epizentrora eramaten gaituen miniseriea da, arazoaren fokua geruza desberdinen bitartez azaltzen duelarik; medikamenduaren sortzaileak eta enpresa erraldoiak, -farmazeutikoak alegia- ,  komertzialak, medikuak eta jakina, pazienteak. Aktoreen artean, ezagunak egingo zaizkizun izen ugari: Michael Keaton, Peter Sarsgaard, Rosario Dawson edota Michael Stuhlbarg besteak beste. 1996 eta 2005. arteko denbora-lerroren bidez, konpainiari mesede egiten dioten marketin-kanpainak nola sortzen diren ikusiko duzu, nola eta zergatik jaso zuen FDAren -Food and Drug Administration- Elikagai eta Sendagaien Administrazioa- tratamendu berezia, nola erortzen diren pazienteak beren sareetan, nola baliatu zen merkatua biktimez, eta hainbat estamentu ofizialek justizia egiteko duten borroka korapilatsua. Farmazeutikak herritarren gainbeherarekin aberastea ahalbidetu zuen sistemaren salaketa nabarmena da istorioaren muina eta zur eta lur geratu naiz apenas ezagutzen nuen beste pandemia saihesgarri hau ezagutu dudanean. Ezinbestekoa.

 

11- 'Midnight Mass’

Netflix  / 7 atal

Pantaila txikian azken urteotan lanean dabilen sortzailerik aipagarriena Mike Flanagan estatubatuarra da zalantzarik gabe. Pentsa noraino heldu den beldurrarekiko duen lanketa eta ezagutza, Salem hiri ezagunean jaiotako sortzaile honen lana Stephen Kingek eta William Friedkinek goraipatu dutela. Egile honek pantaila txikian egin duen lan guztia ikustea gomendatzen dizuedan arren, bereziki bi izenburu iruditzen zaizkit txapela kentzeko modukoak: The Haunting of Hill House maisulana eta aurten estreinatu duen azken hau Midnight Mass, biak Netflixen topatuko dituzue. Lehengoari buruz luze eta zabal idatzi nuenez, eta gainera 2021eko errepasoa egitea tokatzen denez, goazen ba Midnight Mass aipatzera.

Uharte batean kokatua dagoen herrixka bateko komunitate batek, apaiz karismatiko eta berezi baten etorrera jasoko du. Hortik aurrera gertatzen den guztia zuk deskubritu beharko duzu. Bere aurreko lanean pertsonaien trauma eta barne gatazketan zentratuz eraiki bazuen gidoia eta beldurra hortik sortu eta garatu, oraingoan suspensea eta melodrama dosi txiki batzuk gehitu ditu,  fede eta erredentzio gaiek markatutako istorioa osatzeko. Ikusle batzuen zoritxarrerako, bakarrizketa eta elkarrizketa luze -oso luze- eta sakonak ere lan berri honen oinarri bihurtu dira, erritmo pausatuagoarekin batera.  Egia da hasieran nekagarriak izan daitezkeela hitz jario horiek guztiak, baina niri gertatu zaidan bezala, bere unibertso eta atmosferan murgiltzea lortzen baduzu, txundituta utziko zaituela ohartarazten dizut. Ez da atalak bata bestearen jarraian irenstekoa den telesail horietakoa, patxadaz gozatzekoa baizik.  Adikzioak, erredentzioa, errua edo fanatismo erlijiosoa bezalako gaiak aztertzen ditu, pertsonaiek pairatzen dituzten drama horiek guztiak uharteko eguneroko benetako izu bihurtuz.

 

10- ‘The North water’

Movistar / 5 atal

Maite ditut era honetako proposamenak, estetikoki eta narratiboki muturrera eramaten dituztenak alegia, baina kontziente naiz horrela produktuak kontsumitzen ohituak ez daudenentzat bortitz samarra izan daitekeen seriea dela. Bai estetikoki eta baita tramari dagokionez  iluntasuna eta zikintasuna uneoro jariatzen duen telesaila. Plano bakoitzarekin zakarkeria eta kiratsa darieten antzinako serie ingeles horietako baten aurrean zaude. XIX. Mendean girotua, Patrick Sumner (Jack O'Connell) armadako zirujau ohia da protagonistetako bat, itsasontziko mediku bezala izena ematen duena Artikorako baleontzi espedizio batean.  Mediku gogoetatsu eta lasai honen aurrean Henry Drax (Colin Farrell) topatuko dugu, bigarren protagonista. Basakeria, eta zentzurik gabeko indarkeria etengabe erabiltzen dituen arpoilaria,  hiltzaile basati bat. Ekoizpenaren estetika ilun horrekin guztiz bat datorren pertsonaia. Itsasontzi horren zeharkaldia aitzakiatzat hartuz, bi pertsonaia kontrajartzen dituen telesaila; naturaren indar menderaezina, arrazoiaren eta zibilizazioaren aurrean.

9- ‘Losing Alice’

Apple tv+/ 8 atal

Metafikzioa, thriller psikologikoa eta drama erotikoaren  arteko nahasketa den telesail israeldar honek transmititzen duen guztia hitzen bidez adieraztea zaila da oso. Uneoro arnasten dugun lurrin misteriotsua eta batez ere argazkia eta muntaiaren bidez hori nola islatua dagoen,  Alfred Hitchcock edota David Lynch-ek ekarri dizkit burura, distantziak salbu noski. Alice Ginor 48 urteko zinema zuzendariak eta Sophie Marciano 24 urteko gidoilari gazteak tren batean topo egin ostean, Losing Alice telesailaren metxa piztuko da. Zergatik? Zuk deskubritu beharko duzu. Adin ertaineko emakume batek bere lanarekin -eta gizarte heteropatriarkalarekin noski- dituen frustrazioei buruzko telesail oso berezia iruditu zait, deskribaezina eta arrastoa uzten duen horietakoa. Metazinema erabiliz jeloskortasuna, errua eta zahartzearen beldurra bezalako gaiak aztertzen ditu telesailak. Emakumezko zinema zuzendariei eskainitako maitasun gutun txiki bat ere iruditu zait, zoritxarrez industrian oraindik oso ohikoa ez den postua.

 

8- ‘Time’

Movistar+/ 3 atal

Zer nolako erakustaldia eskaintzen duten Sean Bean eta Stephen Graham aktoreek hiru atalez osaturiko telesail motz honetan. Kartzelako drama xumea, iluna, baina aldi berean hunkigarria. Britainia Handiko kartzela-sistemaren erretratu gordina azaltzeaz gain, bizitzan hartutako erabaki txarrek amildegira eramandako pertsonei buruzko erradiografia zehatz bat ere erakusten du. Istorio honetako bi protagonista nagusiak legearen alde banatan daude, baina biek etsaitasunezko ingurune batean bizirauten saiatzen dira. Sean Bean-ek erruak oinazetutako gizon bat gorpuzten du, Mark Cobden , kartzelan sartu aurretik pertsona arrunta, aita eta irakaslea dena. Bat-batean, bere bizitza goitik behera aldatu eta lau urteko zigorra bete beharko du.  Beste aldean aldiz, Eric McNelly kokatzen da  (Stephen Graham izugarri betiko moduan), presondegiko funtzionario beteranoa, hainbat preso-talderen babesaz eta kudeaketaz arduratzen dena. Itxura zakarra duen arren, McNellyk bere lana zintzo betetzen du eta presoei egunero behar duten horretan laguntzen saiatzen da. Abilezia txundigarriz, Lewis Arnold zuzendariak eta Jimmy McGovern-en gidoi bikainak, bi pertsonaia horien barnean murgilduko gaituzte eta lehen segundotik lagunduko diegu beren infernu pertsonaletara egiten duten bidaia horretan.  Zuzendaritza lan paregabez, gidoi biribilez eta interpretazio bikainez bildutako istorio zuzena, bortitza, errealista eta oso gordina.

7- ‘Hacks’

HBO Max/ 10 atal

Hbo Max-en katalogoan berandu samar sartu den urte amaierako beste harribitxia. Ibilbidearen amaieran dagoen Stand-Up komediagile arrakastatsu bati, bakarrizketak berritzeko idazle gazte baten laguntza inposatzen diotenean eztanda egingo du. Zahartzen ari diren edota hasten ari diren emakumeei entretenimenduaren industriak egiten dienaren erretratu gordina da, oso burutsua, umorea erabiliz kritika zorrotza egiten baitu. Jean Smart eta Hannah Einbinder tandem zoragarria osatu dute atalez atal hobetzen doan telesail hau gauzatzeko.

 

6- ‘The Underground Railroad’

Amazon/ 10 atal

Telesail bat amaitu ostean, bertako irudi, hitz, isilune zein soinuek hitzik gabe uzten nautenean, eta barrenak zeharo nahasiak, zeinen zaila den sentsazioen zurrunbilo hori hizkien bidez helaraztea. Hori da The Underground Railroad telesail gordinarekin gertatu zaidana.  Zur eta lur utzi nau, emozionalki nokeatuta. Moonlight filmarengatik Oscar saria irabazi zuen Barry Jenkins-ek zuzendu duen telesaila da honakoa. Colson Whitehead-en izen bereko liburuaren egokitzapena (Pulitzer saria 2017an), XIX. mendearen lehen erdian esklabo beltzei Iparraldeko estatuetara, Kanadara eta beste eskualde batzuetara ihes egiten laguntzen zien sare klandestino baten inguruko kontakizun gordina da. Kasu honetan Cora da protagonista, Georgiako plantazio bateko esklaboa, sare klandestino hori erabiliz ihesean doan neska gaztea. Istorioa bakarra izanik eta kronologikoki azaldua dagoen arren, hamar atalak oso desberdinak direla ohartuko zara, bai bisualki eta baita narratiboki ere. Lerro narratibo argi bat baino gehiago, sentsazio multzo bat erabiltzen du istorioa kontatzeko.

Patxadaz ikusteko telesaila da, ez atalak bata bestearen jarraian irenstekoa, eta hori noizean behin eskertzen dudan zerbait da. Ikuslearen inplikazio dosi altua eskatzen du. Telesail errealista bezain gordin baten aurrean zaude. Bisualki izugarria eta erabaki narratibo oso arriskutsuak zein ausartak dituena, non irudimenak hartzen duen ia aginte osoa. Irudimen horri lotua, bertute nabarmenetako bat telesailaren faktura tekniko izugarria da. Barry Jenkins-ek telesail gutxitan ikusitako birtuosismo-ariketa bikaina egitea lortu du. Hasteko, argazkiak kalitate benetan piktorikoa du, ia hipnotizatzailea, planoen konposizioak muturreraino aztertuak daudela nabari da, eta kamera, leuntasun eta trebetasun ikaragarriz mugitzen da uneoro.

5- ‘Strappare lungo i bordi’

Netflix / 6 atal

Zerocalcare komikigile italiarrak sorturiko animaziozko telesail zoragarria da honakoa. Erritmo bizizkoa, bizitzari eta egunerokotasunari buruzko bakarrizketen bilduma txundigarria iruditu zait. Telesaila jada ikusi baduzu, osagarri modura jakin Farmazia Beltza argitaletxeak euskarara itzuli zuela Macerie Prime komikia bi liburukietan: Hondamuinean (2018) eta Hondamuinean 2: 6 hilabete geroago(2019).

Zerocalcare komikigilearen bizipenetan oinarritzen den helduentzako animaziozko telesaila da.  Erromako marrazkilari gazte bat, gizarte-kontzientzia oso sakonekoa, eta armadilo erraldoi bat kontzientziatzat duela –ongi irakurri duzu bai-, tartean pertsonaia desberdinak sartzen diren bitartean, bere bizitza-ibilbideaz eta maitasunaz hausnartzen ari da hiritik kanpo bidaiatzen ari den bitartean. Animazioa, mezu garrantzitsuak zabaltzeko erreminta oso eraginkorra izan daitekeela frogatzen duen telesaila da. Umorea helduleku gisa erabiliz, ekoizpen oso irudimentsua izateaz gain, erabat lur jota utzi nauen amaiera horren bidez, beharrezkoa den mezu oso bortitza plazaratzen duelako.  Guztia ez baitira barreak, telesailak hunkiberatasunerako tartea ere eskaintze duelako, urre hutsa diren gogoeta sorta batekin. Maisuki eta era oso originalean belaunaldi jakin baten erretratu oso zehatza eta gordina erretratatu duela uste dut. Animazio-estilo aldetik jariatzen duen sinpletasun horrek, mezu nagusiari garrantzi handia ematen laguntzen dio,eta gidoia edozein pertsonak identifikatuta sentitzeko moduko egoerez beteta dago, umore oso garaikidea eta narrazio azkarra txertatuz.

 

4- ‘The White Lotus’

Hbo Max/6 atal

Urteko telesaila ez, baina 2021eko udako fenomenoa izan zela ezin ukatu. Tira, eta batez ere inortxok ere ez –ezta Hbo berak ere- espero ez zuen telesail arrakastatsua. Iraun zituen sei asteetan sare sozialak ekoizpen honi buruzko txio, aipamen eta memez josi baitziren, bertan azaltzen diren pertsonaiak ia ikono bilakatu arte.

Succession zoragarriarekin gertatzen den moduan, pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak. Umore beltzak gainezka egiten duen gidoi biribila eta elkarrizketa ironiko eta zorrotzez hornituriko trama oso entretenigarria. Aste betez, luxuzko resort tropikal batean erlaxatzeko intentzioz ari diren pertsona aberats jakin batzuen oporrak erretratatzen dituen telesaila da. Atalak igaro ahala ordea, guztia korapilatzen eta iluntzen joango da azken traka apoteosiko batera iritsi arte. Osagarri horiekin guztiekin, modu satirikoan jorratzen ditu gizarte-klaseen arteko desberdintasunak eta horren erruz izaten dituzten identitate-krisiak. Ikusi. Ez zara damutuko.

3- ‘Maid’

Netflix/ 10 atal

Aurten Netflix ez zebilen oso fin telesailen kalitateari dagokionez, baina badirudi azken boladan berpiztu egin dela apur bat. Horren adierazle,  harribitxia iruditu zaidan Maid telesail bikaina. Bizitza berregiten saiatzen den ama gazte baten zailtasunetan zentratzen da, tartean abusu emozionalek uzten duten orbain sakonak bistaratuz.  Lehen atalek istorio berri eta fresko bat aurkezten dute, gogorra eta latza hori bai, Alex protagonistaren bitartez, zeinarekin lehen kapitulutik azkenera arte sekulako enpatia maila lortzen den. Gidoiak indar handia du, ez baita denborarekin mugitzen, pertsonaiek beraiek sortzen baitute gidoi dinamiko eta erakargarri horren erregaia. Margaret Qualley protagonista eta Andie MacDowell-en arteko kimika eta bien antzezpen erakustaldia ere sekulakoa iruditu zait. Zuzenean, 2021eko telesail onenen zerrendara.

2- ‘It's a Sin‘

Hbo Max/5 atal

Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko telesail bikaina. Bere aurreko lanetan ( Years and Years, A Very English Scandal, Queer as Folk besteak beste) Russell T. Davies gidoilari eta sortzaileak frogatu zuen zer nolako abilezia duen gizatasunez eta nortasun handiko pertsonaia berdingabez osaturiko istorio biziak eta entretenigarriak osatzeko. Baina baita, drama zein umorearen artean nabigatzen duen bitartean eta gizarte kritika inteligentea zabaltzeko duen behar hori erabiliz, hausnartzeko parada ematen duten ekoizpenak sortzeko duen trebetasuna. Hori guztia, gainera, miniserie formatuan eta ireki eta ixten den istorio mamitsua jorratuz. Pet Shop Boys talde mitikoaren izen bereko abestiari erreferentzia egiten dion It's a Sin (Bekatua da) telesaila estreinatu berri du HBO plataforman. Oraingoan ere aurreko lanetan funtzionatzen zuten tekla berak zanpatu eta telesail bikaina gauzatzea lortu du.

Londres, 80ko hamarkada. Hirian elkar ezagutzen duten hiru gazte homosexualen istorioa kontatzen da, HIESaren eragilea den (GIB) Giza Immunoeskasiaren Birusaren  kalteak ezagutzen hasten diren gizarte atzerakoi batean -“Gay Minbizia” etiketa jarri zioten gaixotasunari, beraz pentsa-. Bost ataletan,  1981ean hasi eta hamar urtez luzatzen da fikzioa. Hamarkada igaro ahala eta hiesaren itzala geroz eta gertuago sentitu , hazten eta heltzen ikusiko ditugu, inoiz baino indar gehiagoz eta maitasun irmoagoz bizitzeko helburuz. Beren sexualitatea aztertzea, aktore izatearen ametsa gauzatzea,  lana lortzea eta noski dibertitzea, hamarkada liluragarri honen testuinguruan. Desinformazioak, ezjakintasunak eta homosexualitatea oraindik begi onez ikusten ez zuen gizarte atzerakoi eta apur bat ozpinduaren atzaparrek ordea, bide hori maldatsua, bidegabea eta gogorra bilakatuko dute.  Lotsa da telesailak jorratzen duen beste elementu narratibo bat, eta azpimarratzekoa iruditzen zait. Hau Ritchie Tozer pertsonaiaren eta bere familiaren bitartez ikusten dugu bereziki. Pertsonaia guztiek protagonismo orekatua duten telesail koral bat den arren, nire ustez, pertsonaia horren istorioa baita argigarriena.

Hamarkada liluragarria aipatu dut, pertsonaia magnetiko eta berezi horiez gain, telesaila maisuki girotua dagoelako. 80ko hamarkadako estetika berezi hori oso ongi pantailaratzea lortu dute, estetikoki agerikoak diren elementuak erabiltzeaz gain (jantzitegia, argiztapena…) hein handi batean soinu banda bikain baten laguntza alboan izan dutelako; hala nola, Enola Gay, Pet Shop Boys noski, Kelly Marie, Patrick Cowley edota Eurythmics besteak beste.

Saihestezina da egungo pandemia egoeraren kudeaketarekin, komunikazioaren eta oro har gertatzen ari denarekin  alderaketak egitea. Nahastea, paranoia, faltsukeriak. Hiesari buruz, “Jainkoak zigor bezala bidali zuela” esaten zen; COVID-ari buruz, berriz, 5G-aren errua edo beste asmakeria arraroak jaurtitzen dituzte batzuk.  Erokeria bera da, gertaerei aurre egiteko, ikasteko, errealitateari aurre egiteko errezeloa. Gaixotasun ezezagun bati aurre egin behar dioten pertsonaien hasierako nahasmena Covid-19aren pandemiaren aroarekin identifika daiteke zuzenean. Gaixotasun berri bat agertzearen beldur, ziurgabetasun eta erantzun arrazional eta irrazionalekin enpatia apur bat handiagoa izan dezakegu zentzu horretan.

Dibertigarria da, baina batez ere gogorra. Liluragarria eta aldi berean urratzailea. Russell T. Davies-en obrarik pertsonalena dela esango nuke.  Ikuslearen bihotzera zuzenean doan telesail paregabea.  Ezezaguna zen beste pandemia latz bati buruzko kronika bikaina. Urtean zehar telesail gutxi ikusten dituen horietakoa bazara, hau da aukeratu behar duzunetako bat.

 1- ‘Mare of Easttown’

Hbo Max/7 atal

Telesaila premisa nahiko sinple eta konbentzional batetik abiatzen da, Pennsylvaniako Easttown izeneko herri txiki batean Erin McMenamin gaztearen gorpua agertzen da. Nork hil du? Zergatik? Mare Sheehan (Kate Winslet) polizia bertaratu da gertatutakoa argitzeko. Ama helduak, ama oso gazteak, ama bakartiak, sufritzen duten amak dira Easttown herri endogamikoan gertatzen den polizia-drama indartsu honen protagonista nagusiak, eta Mare. poliziaren paperean Kate Winslet, sekulako erakustaldia eskaintzen. Telesail honek bere tonuagatik, protagonistagatik eta ustekabeko umore distirak oparitzen dizkigulako Happy Valley gogoratzen du hasiera batean. Baina atalak igaro ahala. Broadchurch, True Detective, Sharp Objects edota zergatik ez Twin Peaks-en zantzuak ere antzeman ditut. Kate Winslet-en lana eta bere pertsonaia aipatzeko idatzi propioa sortu nuke. Ordu luzez hitz egin nezake hemen eskaintzen duen lana goraipatzeko.  Azken hamarkadetako aktorerik onenetakoak, pisu handia du telesailean. Langile klasekoa da, Estatu Batuetako galdutako herri txiki bateko polizia. Bere semearen suizidioak, familia kargek eta oraindik gainditu ez duen dibortzioak zauritu dute. Motxila zamatsu horrekin, herriko neska gazteen bahiketa eta hilketa batzuei aurre egin beharko die. Harribitxia.

 

Denboraldi berriekin itzuli diren 10 onenak

 

10- Dexter: New Blood

Movistar/ 10 atal

2011. urtean amaitu zen Dexter telesail mitikoa, eta ziurrenik ia denok gogoratzen duzuen telesailen historiako azken atalik kaskarrenetarikoa izan zen hura, negargarria. 10 urte geroago, serieko hiltzaile ezaguna “berpiztea” erabaki dute inork nahi eta eskatzen ez zuen jarraipena egiteko. Osagarri ezkor horiek mahaigainean izanda desastrerako bidea soilik hartu zezakeen jarraipen honek, baina aitortu behar dizuet onerako harritu nauela. Jatorrizko telesailaren lehen denboraldi bikainetatik oso urrun dagoen arren, gauzak oso argi dituen ekoizpena sortu dutela uste dut, zer kontatu eta zer ez argi dute, eta ideia horrekin aurrera doaz sortzaileak. Ez da urteko telesaila izango inondik inora ere, baina Dexter-zaleak neurri batean aseko dituen izenburu entretenigarria iruditu zait, nahiko txukuna, duina.

 

9- ‘Inside No. 9’

Filmin / 6 denboraldi

6 denboraldiz osaturiko telesail antologiko berezia, humore beltza, thrillerra, beldur klaustrofobikoa eta gidoi mamitsua oinarri dituena.  Oso originala eta ikusteko erraza. Atal bakoitza independentea izanik gainera, solte ikustea ahalbidetzen du.

 

8-‘Sex Education’

Netflix / 3 denboraldi

Pertsonaia sorta berezia oinarri duen komedia fresko eta erakargarria, lantzeko beharrezkoak diren gaiak mahaigaineratzen dituena, nerabeen ikuspegitik bereziki. Ez du sexualitatea hutsaltzen, modu globalean ulertzen baitu, eta pertsonaia bakoitza zerk mugitzen duen, zer desira dituen eta zer beldur dituen era oso burutsuan aztertzen ditu. Bigarren denboraldi honetako beste alderdi positiboa  fikzioan pisu handiagoa hartu dutela bigarren mailako pertsonaia batzuek dira, eta baita sartu berri diren beste batzuek ere, protagonismoa kendu beharrean, trama osoa aberastea lortu baitute.

 

7- ‘The Great’

Rakuten Tv – Starz / 2 denboraldi

Iaz zeharo harritu ninduen telesail berezi honen bigarren denboraldia iritsi da. Katalina II.a Errusiakoa -edo Katalina Nagusia- boterera nola heldu zen azaltzen duena. Ez pentsa kontakizun historiko aspergarri eta astun bat ikusiko duzunik, guztiz kontrakoa. Benetako istorioa distortsionatzeko lizentzia hartzen baitu hasieratik, asko eskertu dudan umore-sen berezi eta dibertigarri baten mesedetan. Katalina Errusiakoaren igoera islatzen du baina ukitu satiriko eta pop-modernoa erabiliz. Elkarrizketa eta egoera lizunez josia, tonu lotsagabea eta eszenaratze manierista dira kontakizun honen gakoak, umorearen azpian boterearen atzaparrak ezkutatzen diren bitartean.

 

6- ‘Ted Lasso’

Apple Tv + / 2 denboraldi

Lehen denboraldia gainditzea zaila zirudien arren, maila soberan mantentzen duela iruditzen zait. Galtzaileei buruzko telesail kaskarra espero nuen eta oso positiboki harritu nauela aitortu behar dizut. Ikusteko erraza eta oso atsegina den ekoizpen honetan Ted Lasso izeneko Futbol Amerikar entrenatzaile baten istorioa ikusteko aukera izango duzu. Ingalaterrako futbol talde batean zortea probatzea erabakiko duen arren, bere eskarmentu ezak, errezeloa eta mespretxua piztuko ditu jokalarien eta zaleen artean.

Jason Sudeikisek aurtengo gizonezko pertsonaiarik baikorrena, atseginena eta zintzoena gorpuztu duela iruditzen zait, baina garrantzitsuena, hau ez dela batere nekagarria. Argi dago futbolzaleek bereziki gozatuko duzuen ekoizpena dela, baina baita gainerakoak ere, asmo onen botereari buruzko komedia arina delako, eta futbola hori pantailaratzeko aitzakia baino ez. Feel-good movie azpigeneroaren baitan igerian dabilen ekoizpen hau, opari txiki bat iruditu zait, negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan bereziki gozatuko duzuena.

Komediaren barruan drama zantzu batzuk ere tartekatzen dituen arren, oso era orekatuan erabiltzen ditu, komedia estatubatuarraren eta britainiarraren arteko gurutzaketa ezin hobea lortuz.

5- ‘Venga Juan’

Hbo Max / 3 denboraldi

Umorezko telesail dibertigarria izatetik, umorezko telesail dibertigarri eta bikaina izaterainoko jauzia antzeman dugu hirugarren denboraldi zoragarri honetan. Barrez lehertzen amaitzen dut Juan Carrasco maisuki gorpuzten duen Javier Camara pantailan azaltzen den bakoitzean. Diego San José-k primerako gidoia idatzi du, ikusleari oso gozagarria den satira politikoa oparitzen diona. Vergüenza telesailaren umore deserosoa maite baduzu –hala izatea espero dut!- , Veep telesailarekin barre egiten baduzu eta House of Cards-en bertsio espainiarra ikusteko gogoz bazabiltza, baina Kevin Spacey-ren pertsonaia, Javier Camara-k maisuki gorpuzten duen protagonista trakets, gezurti, oportunista, patetiko eta baldar batengandik ordezkatuz, hau da zure telesaila. Zeinen ongi pasatzen dudan ekoizpen honekin eta ze gustura eta erraz ikusten den. Negatibotasunak guztia inbaditzen duen garaiotan, derrigorrezkoa izan beharko luke horrelako proposamenak ikustea. Espainiar politikarien kaskarkeria islatzen duen umorezko ezinbesteko telesaila. Hasieratatik bukaeraraino etenik gabe irentsi dudan denboraldia izan da hirugarrena. Gozamena.

 

4- ‘The Good Fight’

Amazon & Movistar / 5 denboraldi

The Good Wife telesail bikainaren spin-off-ak Diane Lockhart eta Lucca Quinn pertsonaiak ditu ardatz, lehen deboraldiaren lehen atala, bere aurrekoaren azken ataleko gertakarietatik urtebetera kokatzen dira. Aurten 5.denboraldia estreinatu duen arren, esan behar dizuet maila mantentzen –une batzuetan igotzen- jarraitzen duen ekoizpen aparta iruditzen zaidala. Atal bakoitzean hasi eta amaitzen diren istorioak –telesailak oro har, trama orokor bat jarraitzen duen arren-, kasu judizial batekin, betiere gaurkotasunari lotutako gaiekin, eta tartean pertsonaien bilakaera eta haien gatazka oso potenteak.

3- ‘For All Mankind’

Apple tv+ /2 denboraldi

Gerra hotza ilargian. Horrela laburbilduko nuke telesail honen mamia: sagar hozkatuaren plataformak egin duen telesailik onenenetarikoa. Istorioa errealitate alternatibo batean hasten da garatzen, non sobietarrek ilargira iristeko lasterketa amerikarrei irabazten dioten. Ukronia batean kokatzen gaituela esan daiteke, beraz. Gertaera zehatz hori salbu, 70eko hamarkadako unibertsoa gurearen bera da, baina hortik aurrera tximeleta efektua bailitzan dibergitzen hasiko da, gertaera jakin horrek ondorengo hamarkadaka guztiak betiko aldatuko dituen arte. Arrazaren araberako bereizketa, emakumearen gutxiespena, homosexualen jazarpena eta gerra hotzaren paranoia ere erakusten ditu telesailak. Aitzakiaren bat jarri beharko banio, ikuspegi “amerikarregia” duela esango nuke.

2- ‘Gomorra’

HBO Max- Disney+/ 5 denboraldi

Ikusten ari ez zaren telesailik onena izan liteke ziurrenik. Letra larriz idatzitako maisulana. Roberto Savianoren liburua eta 2008ko filmaren ostean, ondoren Napoliar Kamorraren bizitza azalarazten duen telesaila ikaragarria estreinatu zuten eta orain dela aste batzuk azken denboraldiarekin itzuli dira.  Akzioa, suspensea, tiroak, traizioa, beldurra…Lehen ataletik harrapatuko zaituen telesaila. Gidoi bikaina, biraketa ugariak eta zalantzarik gabe azken urteetako ekoizpen boteretsuenetarikoa.

1- ‘Succession’

Hbo Max / 3 denboraldi

Baliteke adjektiboa abaildua egotea baina, “Shakespearetarra” izan liteke istorio hau deskribatzeko aproposena. Pantaila txikiak, gutxitan aztertu baitu halako talentuz, drama klasikoetan ageri diren obsesio horiek guztiak: familia, ohorea, boterea, odola, traizioa, tentazioa, errua…Hirugarren denboraldia iritsi berri den honetan, ez zait gomendio hoberik okurritzen. Maisulana.

Logan Roy eta bere lau seme-alaben familia disfuntzionalaren istorio korapilatsua azaltzen duen telesaila da, munduko komunikabide eta entretenimendu enpresa garrantzitsuenetako bat kontrolatzen duena. Arazoak, patriarkaren oinordekoa nor izango den planteatzen denean iristen dira. Hortik aurrera geldiezina izango den metxa piztuko da.

Historiako telesail onenen liga berean jokatzeaz gain ( Lost, Breaking Bad, The Sopranos, The Wire, Six Feet Under, The Wire, The Leftovers…) hasierako tituluen musika hipnotikoa, ikustear zauden mirari txiki honen aurrerapen paregabea irudituko zaizu. Familiari, aberastasunari eta botereari buruzko ikuspegi oso entretenigarri, mingarri eta autentikoa eskaintzeaz gain, umore beltz ukituak dituen melodrama paregabea iruditzen zait. Lehen segundotik erabat harrapaturik utziko zaituen ekoizpen zoragarria. Pertsonaia jasanezinak eta gorrotagarriak, baina era berean maitagarriak sortzearen meritua dauka Jesse Armstrong sortzaileak. Baina pertsonaia horiek ez ditu zentzurik gabeko atalen artean sartu, edota trama hutsal batean, gidoi biribil eta sendo baten laguntza izan baitute, beraien garapena txundigarria eta ia perfektua bilakatzeko. Hirugarren denboraldiaren itxiera IKARAGARRIA iruditu zait, zoragarria, ia perfektua.