2021ean gazteen %24,9 ausazko jokoan eta apustuak egiten aritu ziren

Urtez urte ausazko jokoetan aritzeko ohitura errotu egin dela dirudi gazteen artean. Gaztea eta Jokoa Euskal Autonomia Erkidegoan deitutako ikerketak eman ditu datu hauek eta baita, jokoan aritzen diren gazteen testigantzak jaso ere.
Horretarako 18-30 urte bitarteko 750 pertsonei galdetegia pasa diete eta bertatik atera dituzten ondorioak ezagutarazi. Gazteen %24,9 ausazko jokoetan edo apustuak egiten aritu dira azken urteetan. Bizitzan zehar, denbora jakin batean, jokatu duten kopurua handiagoa da: %47,5. Hala ere, aipatu beharrekoa da gazteen erdia baino gehiagok, %52,2, ez dela sekula apustuetan edo jokoan aritu.
Joko motari kasu eginez, oraindik aurrez aurrekoa nagusitzen da (%69,1), online jokoa indarra hartzen ari bada ere gazteen artean. Honela, gazteen %10,1ek online jokoak aukeratzen dituzte eta %20,8 batean zein bestean aritzen da. Aurrez aurrekoa nagusitzen da, ordea nabarmen, sozializatzeko aukera ematen duelako, baita joko mota horretan konfiantza handiagoa dutelako. Joko presentziala hautatzen duten gazteek, gutxi gorabehera, hilean behin jokatzen dute. Batez beste, EAEko gazteek 13,13 euro jokatzen dituzte astean joko presentzialetan eta 46,6 hilean.
Joko motari dagokionez, Loteria Nazionala (%27,1), kirol-apustuak (%17,5), kasionetako jokoak (%16,9) eta makinak (%12,1) nabarmentzen dira. Internet, berriz, kirol-apustuak dira nagusi (%57,9).
Jokoak gazteei dirua irabazteko aukera ematen die. Ikerketak dionez, hamarretik seik horregatik jokatzen dute. Beste arrazoien artean ongi pasatzea eta lagunekin sozializatzea dira. Denbora pasa horrek atxikimendua sor dezake, ordea. Hain da horrela, gazteen %3,2k jokoarekin lotutako arazoren bat dutela.
Generoari dagokionez, gizonezkoen %60,3 bizitzan zehar jokoren batean aritu izan da, emakumezkoen kopurua aldiz %34,4ra jaisten da.