2021EAN ARRASTOA UTZITAKO EUSKARAZKO 10 LIBURU

2021EAN ARRASTOA UTZITAKO EUSKARAZKO 10 LIBURU Ohikoa izaten da urteko pelikula, disko eta liburu onenen zerrenda egitea urte amaiera aldera. Hau ez da, ordea, urteko liburu onenen zerrenda, aurten irakurri eta aztarna utzitako lanen bilduma baizik. Eta hurrenkerak ez du axola. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2021ean-arrastoa-utzitako-euskarazko-10-liburu/@@download/image/EUSKARAZKO 10 LIBURU.jpg
2021/12/30

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ohikoa izaten da urteko pelikula, disko eta liburu onenen zerrenda egitea urte amaiera aldera. Hau ez da, ordea, urteko liburu onenen zerrenda, aurten irakurri eta aztarna utzitako lanen bilduma baizik. Eta hurrenkerak ez du axola.
2021EAN ARRASTOA UTZITAKO EUSKARAZKO 10 LIBURU

Aitortu behar dut, pandemia garaia izanda ere, ez ditudala behar beste liburu irakurri aurten. Batzuk, gainera, iazkoak izan dira. Aisialdia musika entzuten, abesten, pelikulak ikusten, elkarrizketak irakurri eta entzuten, kultur albisteak jarraitzen, bertsoak entzuten, irakurtzen, sare sozialetan saltsan eta bestelakoetan igarotzea maite dugunontzat ez da erraza izaten zeozertan nahi beste aritzea. Gainera, euskal literaturaren kasuan,udazkenean pilatzen dira argitalpen gehienak. Asko eta berehala kontsumitu behar den garai honetan, errudun sentiarazten gaituzte gainera, azken nobedadeak "irentsi" ez baditugu. Bada, kanonari muzin egin, eta hauexek dira aurten irakurri eta, puska batean behintzat, gogoan izango ditudan liburuak.

 

‘HERRIAK EZ DU BARKATUKO’ – IRATI GOIKOETXEA

 

Irati Goikoetxea sorkuntza mundutik gertu ibili izan da beti, molde ezberdinetan. Hainbat literatura sari irabazi izan ditu, liburu kolektiboetan parte hartu du eta 2014an Andraizea ipuin-liburua kaleratu zuen. Aurten, bere lehen eleberria kaleratu du Igartza bekaren eskutik, aspalditik barruan egosten aritutako kezka eta hausnarketetatik jaioa.

Duela 22 urte bizitzak iraulitako Oihana dugu kontakizuneko protagonista, mehatxuak zirela-eta bizkartzainarekin zebilen aita hil baitzion ETAk. Unibertsitatean Arte Ederrak ikasten ari zen orduan, eta gertatutakoaren ostean lehengo bizitzarekin jarraitu ezin zuenez, Italiara alde egin zuen. Urte hauetan guztietan, hainbat lekutan bizi izan da eta egun sorterrian bizi da, bi seme-alaba eta bikotekidearekin. Katti alabak eta Santi antropologoak itxi gabeko zauriak sortzen dion minari aurrez aurre begiratzera beharko dute, eta horrek ihes egiteko gogoa, ezinegona, blokeoa eta deserosotasuna sortuko dizkio. Bidean topatutako pertsona horiek lagunduko diote berak bakarrik egin ezin duena egiten, barruko korapiloa askatzen.

Hari nagusia Oihanarena izanik ere, bestelako sorburuak  dituen indarkeriaren mina ere ageri da: torturatua izan denarena, aita GALeko kide zuenarena, Guardia Zibilak anaia hil dionarena, sexu abusuak eta tratu txarrak jaso dituenarena… Oihanak hausnarketa hau egiten du amaiera aldera: min ezberdinetatik ari zaizkio negarrez bizitzari, baina sufrimendu bera dute infernu. Goikoetxeak mina irakurleari gerturatzea izan du helburu, ikusgarri eta ukigarri egitea, eta bete-betean asmatu du horretan.

'ARROZ UREZ' – MIKEL ANTZA

Arroz urez saiakeraren izenburuak liburuan kontatzen den pasadizo bati egiten dio erreferentzia; bertan, Antton Karrerak Antzari aipatzen dio kartzelan zeudela arroza egosteko erabilitako urarekin idazten zutela kanpotik sartutako liburuetako lerroarteetan eta, ondoren, liburua bueltan bidaltzen zutela ETAri idatzitako mezua ezkutuan zela. Hura irakurtzeko, berriz, hartzaileak plantxarekin berotu behar izaten zuen, eta orduantxe agertzen ziren letrak. Antzak berak adierazi duenez, autozentsurarik egin ez arren, "arroz urez idatzitako gauza asko dago, gaur egun esan edo idatzi ezin direnak".

Saiakera honetan Burgosko Auzia da zati guztien muina baina, era berean, hainbat pertsona, une eta pasarte daude liburuan. Ezagunak ditugu protagonistetako asko, tartean baitira Txillardegi, Mario Onaindia edota Txabi Etxebarrieta, besteak beste, baina baita Antza beraren senideak eta bidean ezagututako zenbait lagun ere. ETAren sorrera eta amaiera, ETAren ekintzak, kartzela, torturak, poliziaren hilketak…herri honen historiaren hainbat puska ageri dira Antza beraren pasarte biografikoekin uztarturik. Nahiz eta hasiera batean pertsona eta uneen artean saltoka ibiltzeak nahasmen apur bat ekarri, aurrera egin ahala kateatu egiten zaitu.

Literatur lan hau irakurri eta gero, Mikel Antzak oin-ohar batean idatzitakoarekin borobildu dezakegu guztia: "Gure jendartean hedatutako mina sendatu nahi badugu, oraindik zabalik ditugun zauri guztiez hitz egin beharko dugu egunean batean". Hitz egin dezagun, bada garaia.

 ‘HAIZE LEKUAK’ – AMAIA TELLERIA

Amaia Telleria idiazabaldarraren Haize-lekuak nobelan Mikele da protagonista, 13 urterekin jaiotetxea utzi eta Altsasura neskame lanera joango dena, Reparaztarren etxera. Han bizimodu ezberdina topatuko du eta kontraste handiko mundua agertuko zaio begi aurrean: alde batetik, baldintza erosoagoetan bizi den familia gertutik ezagutuko du eta, bestetik, Gerra Zibilak eragindako iluntasun, tragedia eta miseriaren berri izango du. Testuinguru horretan hazten eta heltzen ari den neskato baten bizipenak dira, ordura artekoarekin eten nahi ez duena, baina aurrera egin behar duena. Eskolan ikasitakoek besteko balioa izango dute ikaskide, neskame zein herriko beste bizilagunen bidez jasoko dituen irakaspenek. Telleriak bere amonaren bizipenekin eta dokumentazio lan sakonetik ateratakoekin jantzi du fikzioa.

Gipuzkoako Liburu Saltzaileek Zilarrezko Euskadi Saria eman diote aurten. Aurreko urtean argitaratu eta "merezi duten babesa jaso ez duten" liburuak saritzen dituzte. Merezi du, bai, irakurleak izatea.

‘ENE BAITAN BIZI DA’ – MADDI ANE TXOPERENA

Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da eleberrian Parisen ikasten ari den Marie donibandarra ezagutuko dugu, uda amatxiren Berako baserrian igaroko duena. Ikasketetako memoria lanerako amatxiren bizipenak hartu nahi ditu ardatz, baina hark ez dio bidea erraztuko. Marieren begiradatik ezagutuko ditugu Josefinaren gazte garaiko kontuak, neskame lanak zein bere pentsamendu eta minak. Baserrian eta tabernan lanean aritu beharko da udan gaztea, baina parrandarako eta gozamenerako ere aterako ditu tarte batzuk. Guraso eta seme-alaben arteko gorabeherak, lantokiko buruhausteak, maitasun harremanen katramilak eta beste hainbat kontu topatuko ditu irakurleak kontakizunean. Txoperenak berak ere neskame izandako amatxi bat du eta hura izan du liburuaren abiapuntua, pertsonaia eta gertakari gehienak asmatuak badira ere.

Freskotasuna, gaztetasunaren arra eta zintzotasuna biltzen ditu eleberriak, eta Txoperenak idatzitako literatur testu gehiago irakurtzeko gogoz utzi gaitu. Datorren urtean kaleratuko du Igartza saria irabazitako Ez erran inori nobela. Umetan sexu erasoak pairatu dituen  neska baten eta, gertaera horiek tarteko, gaztaroan sufritzen dituen ondorioen inguruko istorioa izango da.

'ALGARA MUTILATUAK. UMOREAREN AHO BIKOTASUNAZ, FEMINISMOTIK’ – ANE LABAKA MAYOZ

Emakumezkoen gorputzetan algara erauzi izanaren fenomenoa nola ematen den ikertu du Ane Labaka Mayozek ‘Algara mutilatuak. Umorearen aho bikotasunaz, feminismotik’ saiakeran. Liburuan aipatzen denez, algararen mutilazioak –hitz-joko ederra eginez–, bi ondorio izan ditu emakumezkoen gorputzetan: batetik, emakumeoi umore propioa gauzatzeko plaza lapurtu digu eta menderakuntza horretan subjektu izateko aukera antzutu; eta, bestetik, gizarte heteropatriarkalak gizonezkoa ardatz hartuta espresuki diseinatutako umorera behartu gaitu, emakumezkoa bazterrera kondenatzen duen horretara, zilegi, neutral eta objektiboki  umoretsutzat erakusten denera.

Umorea aho biko tresna izan daitekeela adierazten du Labakak liburuan, boterea eta kontraboterea izan baitaiteke aldi berean: “Askotan pentsamendu nagusiaren isla garbia da eta ideologia hegemonikoaren balioak eta mugak azpimarratzen ditu, baina kontraboterea ere izan daitekeenez, botereak beldurrez begiratu ohi dio”.

Askapenerako eta eraldaketarako erreminta eta abagune paregabea izan daitekeela umorea gogorarazi digu Labakak; beraz, aprobetxa dezagun. Irria sor dezakeen arren, umorea kontu serioa baita.

'SORTALDEKOAK' – HEDOI ETXARTE

Hirugarren poema liburuan ahots berri bat ekarri digu Hodei Etxartek, nondik gatozen eta nor garen kontatzen duena. 64 poemaz osatutako liburua lau ataletan banatua dago, eta ataletako bakoitza liburuaren “mikrobertsio” bat da. Gai oso pertsonalak landu ditu poemetan baina liburu kolektiboa da, ezbairik gabe. Bere buruaz ari denean ere gutaz hitz egiten du; izan ere, guztion esperientziaz ari da baina bere bizipenetatik abiatuta. Bertolt Brecht-en aipu baten ildotik hasten da liburua: “Dagoeneko zauriak minik ematen ez duenean, orbainak ematen du min”. Eta hala sentitzen du irakurleak, badagoela mina, berea eta gurea, baina indarra eta itxaropena ere pizten duela, barrua iraultzen eta samurtzen dizuna aldi berean.

Sendiarekin lotutako galera eta faltari buruzko poema bat baino gehiago daude. Paseoa poeman honela dio bere amatxi Pilar gogora ekartzean: “Nahi nuena zela berarekin egon,/beste hamar urtez gure aldamenean egon zedila,/oraindik egon zedila bizirik”. Edota alabaren zapiari buruzkoan: “Kuluxka egitean,/alabari oparitutako zapia hartu/eta lepoan jartzen dut,/orain alabaren usaina daukalako/eta bera ez dagoelako etxean”. Beste poema eder bat ere bada: “Kezka horrekin hasi nintzen aspaldi,/liburutegi paralelo nagusiko/ liburuzaina hil zitzaidanean ulertu nuen:/bizidunon liburutegiek/bizirik behar dituzte liburuzainak”.

Indibidual eta kolektiboaren eta langile klase kontzientziaren isla argia dago honela amaitzen den Bi arimak poeman: “Langile jendea./Jende xehea./Ez dugun horrek elkartutakoa./Klase bat”. Ahotsa poeman “Haurrak geuk dauzkagunetik,/ greba orokorreko egunetatik/ itzultzen gara ahots apurtuekin” aipatzen du. Halaber, kritika soziala ere egiten du, ironia erabiliz ere bai kasu batzuetan, mugikorraren bateria kargatzeko larritasunaz ari denean esaterako. Bizitza zen poeman honela idatzi du: “Gainean pixa egitea,/zangoetan burusi bat eramatea,/ingurukoek inolako jaramonik ez egitea,/ingurukoek norbait ordaintzea guri jaramon egiteko/eta halere soldatapeko pobre horrek ere/kasurik ez egitea. Garrantzitsua da bultzatzen den orgatxoa”. Pandemiaren testuinguruko hainbat olerki ere badaude, bere bizipen mingotsekin lotuak.

Merezi du liburu hau patxadaz irakurri eta poema bakoitza dastatzea eta harekin hausnartzea. Aspalditxoan ez dut barrua horrela astindu didan libururik irakurri.

'LUMINESZENTEAK' – IGONE MARIEZKURRENA ETA IRANTZU PASTOR

Nola egiten dio aurre emakume palestinar batek minbiziari lurralde okupatuetan? Nolakoa da Indiako emakume alargun baten bizitza, egoera horren estigma dela-eta bizirauteko eta semea elikatzeko prostituzioan aritu behar badu? Nola bizirauten du bost urte zituelarik ‘Indiarrentzako Barnetegi’ batera indarrez eraman eta bere hizkuntza, kultura, eta jatorria ahaztera behartu zuten Ipar Amerikako emakume natibo batek? Zer nolako indarkeria pairatzen du Euskal Herrian bizi den emakume ijito batek, mespretxuzko eta susmo txarreko begiraden bidez, autobusean esertzen denean edo denda batean sartzen denean?

Palestinan, Indian, Lakota Nazioan -Hego Dakotako Pine Ridge sioux natibo erreserban- eta Euskal Herrian 2018tik 2021era bertatik bertara dokumentatutako 63 testigantza eta irudi-sorta bildu dituzte Igone Mariezkurrena kazetariak eta Irantzu Pastor argazkilariak Lumineszenteak. Emakumeen aurkako indarkeria ikusezinak, eta erresilientzia historia zenbait liburuan. Egiturazko indarkeria testuinguruetan bizi edo hazi diren emakumeak dira protagonista liburuan eta indarkeria patriarkalaren eragina pairatzen dutenak egunerokotasunean.

Liburu mardula da, bolumen zein edukiz, eta aberasgarria zalantzarik gabe. Leku bakoitzeko hainbat errealitate ikusarazten ditu, isilpeko minak agerian ipini, eta irakurlea gizakiaren alderdirik doilorrenaren aurrean jartzen du. Indarkeria mota ugari agertzen dira, gainera, ikusteko eta arbuiatzeko errazagoak zaizkigunak, zein euren sotiltasun, barneratze eta onarpen mailagatik aitortzeko nekezagoak direnak. Eraikitako gizarte-egitura zital hauetan ahal duten moduan bizirauten duten emakumeekin egingo dugu barne-bidaia sakon hau. Eta emakume bakoitzaren sufrimendua sentitzen da irakurri ahala, eta norberarena, eta norberaren pribilegioak. Ispiluari so egin eta hor ageri da sarri begiratu duzun aurpegia: biktima eta biktimario, zapaldua eta zapaltzailea.

Azkenaldian erresilientzia hitzak indar handia hartu du diskurtsoetan. Liburuko emakumeak ere hala dira, erresilienteak, halabeharrez. Izan ere, testuinguru oso beltzetan jaio eta hazi arren, aurrera egin eta ingurukoen artean indarra eta kemena kutsatzeko gai diren emakumeak dira obra honetan protagonista, miresmena sortzen dutenak zinez. Euren testigantzak irakurriz, ordea, zenbatetan pentsatu ote dudan zein nekeza eta ankerra den ilunpetan argi izan beharra. Hala dio Manal Tamimi palestinarrak: “Egoerak eta bizitzen dugunak gogortzen gaituzte. Kementsuak izatea ez dugu geuk aukeratu. Ama apurtzen bada, familia osoa eroriko da. Neke emozionalari aurre egin beharra ez luke inork goraipatu beharko; beldurra, oinazea eta atsekabea sufritu beharra ez baita gauza ona, eta nik behintzat ez dut naturalizatu nahi”.

Aipatzekoa da Irantzu Pastorren argazkiek duten indarra, eta emakume horien istorioa eta begirada islatzeko duten ahalmena. Euskaldunok pozteko modukoa da horrelako lan bat euskaraz izatea.

‘LAZUNAK AZKAZALETAN’ – OIHANA ARANA

Lazunak azkazaletan poema liburuan lazunak deituriko arrainak poesiaren metafora gisa erabili ditu Oihana Aranak. "Lazunak eta poesia, biak ala biak animalia periferikoak dira, iheskorrak, ur uherretan ibiltzen direnak. Jendearen gehiengoak maite ez dituen arren, maite ditugunontzat oso ederrak dira". Jakin-minetik sortutako poemak dira Aranarenak, dudatik eta galderetatik, erantzunik emateko asmorik gabe.

Lurrikara sinbolikoak lehen atalean kritika soziala egiten duten poemak bildu ditu. Konstelaziogintza atalean, berriz, ilargiak eta izarrak ageri dira, eta bakardadea eta maitasuna hartu ditu gaitzat. Hirugarren atalean, Herdoildutako aldamioa izenekoan, harreman sozialak ditu idazgai. Laugarrenak Etxeak du izenburua eta bizi dugun garaiaren, inguruko pertsonen eta norberaren gorputzaren inguruan dihardu. Arrainontzi bat buruan bosgarren zatian, gorputzarekin lotutako poemak daude. Plazera, beldurra, eta ezkutatu beharra aipatzen ditu bertan.  Azkenik, Epitafioa poema dago, hitzen eta perpausen grafiarekin jolas eginez. 

Hainbat esaldi azpimarratu ditut liburuan, besteak beste, honako hauek: "Minak partekatzea mingainak partekatzea baino zailagoa da"; "Puntu eta koma izan nahi nuke, nola egin dakienak bakarrik erabil nazan. Geldi dadin, baina ez betiko;"; "Praktikoagoa da bizikleta estatikoarentzako kandadua erostea". Ironia freskoaren indarra. 

 'DENA AMETSA DEN IRUDIPENA' – LEIRE VARGAS

Leire Vargasen lehen liburua da, baina argi ikusten da umetatik literaturarekin eta idazketarekin izan duen harremana, eta idazteko duen trebezia. Poema liburu honetan beretik  abiatutako olerkiak sortu ditu, kontraesanez, kezkez, minez, zalantzez, beldurrez, nahiez, grinez, etsipenez zein esperantzaz jantziak. Nerabe izatetik helduarorako tarte horretan izandako gatazkak islatu ditu, nahi eta ezinaren arteko muga horretan ematen direnak. Norberak hartzen duen espazioaren kontzientzia-hartzea islatzen du liburuak.

Zuloak izeneko lehen atalean fisikoki hartzen dugun espazioaz eta mugez dihardu, gure gorputza aldatu nahi eta ezinaz. Elikadura nahasmendu batek zeharkatutako gorputza ageri da, hotzarekin eta isolamenduarekin lotzen duena: “Ni neu nahikoa/tontorrera heltzeko, nahikoa/ neure burua kolpatzeko,/ispilukoa iraintzeko/ertzak zentsuratu eta kamusteko/ gutizia oro zapaltzeko,/nire aurkako gose greba eta/afari bako zigorra ezartzeko ere”. Bigarren atalean, Ateak, jendartearen parte izanik dugun erantzukizunaz aritu da, ideologikoki eta politikoki hartzen dugun lekuaz eta horri leial izateak dakartzan arazoez: “Inork ez dit irakatsi/ problematiko den guzti hori identifikatzeaz gaindi/ nire zainetatik errotik erauzten/zerrendatu dudan guztian ez erortzen/ sentitu behar ez nukeena loratzen sumatzean/erruaren jokoa bidaltzen”. Azkenik, Zubiak izenekoan, harremanen inguruan aritu da Vargas, besteen izaera indibidualak norberarengan daukan eraginaz: “Zure historia kontatu didazu,/bihotza esku artean jarri didazu,/nirea bere lekuan errotik astinduz,/irmoki estutuz,/itsuko esnaraziz”.

Vargasek kontraesanak eta zalantzak jarri ditu begi-bistan, eta zalantzan jarri ditu irmotasunez tenkatutako ideiak, norbere buruari, ondokoari eta munduari begirada zorrotzez begiratuta. Lehen lan hau ikusita, adi egon beharko dugu, etorkizunean sortuko duena ere ez baita nolanahikoa izango.

'KARENA' – ALAINE AGIRRE

Alaine Agirrek, gaztea izanagatik, ibilbide oparoa du literaturan eta haur eta gazteentzako zein helduentzako hainbat liburu idatzi ditu. Karena eleberrian amatasunaren alderdi ezkutu eta ukatua jarri du agerian Sara izeneko pertsonaia nagusiaren bidez: ama izan nahi eta ezina, lagundutako ugalketa tekniken kostuak eta albo-kalteak, bikoteko kideen nahi eta behar ezberdinek sortzen dituzten arrakalak, ama bakarraren bakardadea, indarkeria obstetrikoa, abortuaren dolua…

Aurreko lanetan egin bezala, tabuak biluzten lagundu du bermeotarrak kontakizun honen bidez. Egileak adierazi duenez, “dolu baten bidaia da eleberria, nahi den haurdunaldi baten galera, gogoz kontrako abortua egin behar izatea. Gizarteak ukatu egiten du dolua, isildu, estali, ezer gertatu ez balitz bezala egin, haurdunaldirik izan ez balitz bezala, emakumeak min edo prozesu hori sentitu ez balu bezala. Minaren ukazioa ikusarazi nahi izan dut. Ugalketak sostengatzen du gizartea baina, era berean, gizarteak ez du ugalketa sostengatzen, edo ez behintzat ugalketa-prozesu oro. Emakumea ez da zaintzen, berak bizi izan duena, prozesua, ematen du ugalketak balizko umeari bakarrik begiratzen diola. Emakumeak produzitzeko eta erreproduzitzeko daude; erreproduzitzeko bakarrik uzten dio produzitzeari eta askotan orduan ere ez. Bizirik ez dagoen umea denean, produzitzera bideratu eta ezer gertatu ez balitz bezala egiten da”.

Gorputzarekin irakurtzen den nobela da, gorputzetik gorputzera kontatua, gorputzetik gorputzera sentitua. 

 

Begiz jota ditudan eta apalean zain dauden beste batzuk ere izan zitezkeen, ziur asko, zerrenda honen parte: Nere Loiolaren Epizentroa, Susana Martinen Alde egin edo hil, Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala, Goizalde Landabasoren Krakovia, Kirmen Uriberen Izurdeen aurreko bizitza, Tupust! Kolektiboaren Tupust!Zu komikia, Irati Jimenezen Begiak zabalduko zaizkizue: literaturari buruzko elkarrizketa bat, Lander Garroren Faith, Amancay Gaztañagaren 39 lore,  Francisco Castroren Barkuen hilerria, Castillo Suarezen Elurra elurraren gainean, Dom Campistronen Bekatorosak, Lierni Azkargortaren Eripoemia, Uxue Apaolazaren Bihurguneko nasa, Mikel Urdangarin Irastortzaren Simone de Beauvoir. Norbanakoa eta burujabetza, Itziar Ugarteren Gu gabe ere … Ez izan presarik, iritsiko gara, hala dagokigunean. Irakurketa on!