2020ko 15 filmik onenak

2020ko 15 filmik onenak Zer nolako urte kaxkarra zinema aretoetan zazpigarren arteaz gozatzeko ezta? Horregatik 2020ko film onenen zerrenda hau ere nahiko ezohikoa da. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020ko-filmik-onenak/@@download/image/Sin título-1.jpg
2020/12/31

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Zer nolako urte kaxkarra zinema aretoetan zazpigarren arteaz gozatzeko ezta? Horregatik 2020ko film onenen zerrenda hau ere nahiko ezohikoa da.
2020ko 15 filmik onenak

Hasteko, 2019ko ekoizpen batzuk ageri direla ohartuko zara; arrazoia oso sinplea, 2020.urtean estreinatu direla (plataforma digitaletan, zinema aretoetan baina atzerapenarekin…) eta ezin izan ditugula lehenago ikusi. Hori gutxi balitz aurten estreinatu behar ziren beste batzuk, aretoetan itxierarekin 2021.urtera atzeratu dira.

Film, onak eta oso onak aukeratu ditut, baina sentsazioa daukat aurten ez dudala besteen gainetik gailentzen den maisulanik ikusi (iaz Joker edota Parasite izan ziren bezala adibidez). Beraz lehen postuetan ikusten dituzun izenburuen artean edozein izan zitekeen lehena, bigarrena edo hirugarrena, edo laugarrena...

15- ‘Wolfwalkers’

Tomm Moore, Ross Stewart (Apple TV+)

Bere filmografian zehar, Tomm Moore errealizadoreak familiaren eta irlandar folklorearen arteko loturari buruzko kontakizunak aztertu ditu. Horren adibide dira selkie-en mitoa eta Song of the Sea adibidez. Fantasiaren eta errealitatearen artean, Wolfwalkers-ek, otsoek eta gizakiek irudikatutako konfrontazioan zentratutako tokiko mitologia bat berrartzen du. Robyn Goodfellowe neska ingelesa da protagonista, bere aitarekin Irlandara bidaiatzen duena, ehiztari ospetsu bat, inguruan kaosa sortzen ari den otso talde arriskutsuarekin amaitzeko helburuz.

Urteko animaziozko filmik onenetakoa da, txikientzat zein helduentzat ezin hobea, bisualki paregabea, txundigarria, eta gure baliabide naturalen babesari eta gizakien arteko ulermenari buruzko istorio zirraragarria ardatz dituena. Inoiz baino garrantzitsuagoa den mezua.

14- ‘Été 85’

François Ozon (urtarrilaren 29an Filmin-en)

François Ozon-ek oso modu askean egokitu du eleberri britainiar bat, bere ezinegonekin bete du, laurogeiko hamarkadako kutsu nostalgikoa eman dio, eta Eric Rohmerren ukitu arin batzuekin lurrindu du guztia, Donostiako Zinemaldian ikusteko aukera izan genuen Eté 85 osatzeko. Filma 1985eko udan Le Tréport-en girotzen da, Frantziako normandiar kostaldeko herri txiki bat. Ikasturtea amaitzean, 16 urteko Alexek, erabaki behar du ikasten jarraitu ala lana bilatu. Bitartean, kasualitatez, David ezagutuko du...

Filma bi denboratan kontatua dago, txandakatzen diren hilabete-tarte batez bereizita. Bigarren denboraz hitz egitea ez da komenigarriegia alderdi garrantzitsuak ez deskubritzeko, eta, gainera, Ozonek suspensearekin jokatzen duelako, intriga dosi batekin, muntaiaren bidez, eta filmaren amaierara arte ez da erabat argitzen protagonistetako batek bestearen kontura dituen arazoen jatorria.

Ikusteko oso pelikula atsegina da, hamarkada horretako oroitzapenak eta sentsazioak gogora ekartzeko gai dena. Bertan, Ozonek, maitasun-istorio hau kontatzeaz gain, sakontasun handiagoko gaiak aztertzen ditu sotiltasunez, hala nola galera, norbanakoaren askatasuna eta bizitzako erabakiak hartzen hasteko adin horretako zailtasunak.

13- ‘The Devil All the Time’

Antonio Campos (Netflix)

Antonio Camposek zuzendutako thriller ilun bat da, Donald Roy Pollock-en eleberrian oinarritua. Hiriko western indartsua, malenkoniatsua, korala, soila eta sendoa.Amerika sakoneko infernuetara jaistea proposatzen digu, bi gerren artean kokatutako garai lazgarri batean. Psikopataz eta gaiztakeriaz betetako errepide hautseztatuetan barrena egindako bidaia da, eta ibilbide ikaragarria hartzen du bere gain hegoaldeko gotikorik gaiztoenaren mapan.

12-‘Vitalina Varela

Pedro Costa

Pedro Costa portugaldarraren zinemak bere estiloarekin bat egitea eskatzen du lehen segundotik eta Vitalina Varela ez da salbuespena. Narrazio lasaia, hilak diruditen garaiak, elkarrizketa urriak, brechtiar distantzia (Bertolt Brecht-ek sortutako antzerki mota bat da, eta antzezlanak ideiak eta erabakiak ditu ardatz) edota irudi tenebristak. Oinaze eta itxaronaldi istorio baterako espazio berezia sortu du oraingoan, protagonistarena, 25 urteren buruan Lisboara bere senarraren hiletarako joaten den emakumea.

Lehen sekuentziatik, ikusleak badaki Vitalina Varela ez dela beste film bat, pertzepzioaren eta emozioen sentimenduak eragitera datorren ekoizpen berezia baizik. Hasieratik, norberaren pertzepzioetan oinarritzen den istorioa ikus daiteke, isiltasunak maisutasunez erabiltzen dituena, barneko sentimendu guztia adierazi ahal izateko. Arte zinematografiko hutsa da, irudiek beren kabuz hitz egiten duten zazpigarren artearen opari txiki bat. Era berean, gidoiak gizatasun bikaina eta errealismo urratzailea ditu, eta guztiak kontenplaziozko tempo bat behar du asimilatua izateko.

 

11- ‘Palm Springs’

Max Barbakow (urtarrilaren 29an Movistar-en)

Andy Samberg, Cristin Milioti eta J.K Simons protagonista dituen komedia erromantikoa da, baina bidaiak denboran zehar kontzeptuarekin jolas egiten duena.  Filmak ez du inongo momentutan tonu komikoa alde batera uzten, eta une barregarri ugari ditu. Kontsumoaren efektu narkotiko baina iragankorraz eta errutina baten asperraz hausnartzeko aukera ematen duen ekoizpen entretenigarria. Bere protagonistak bizitzeko gogoa berreskuratzeko duen moduaren istorioa azaltzen du, Max Barbakow zuzendariak ikusleari trebetasun handiz transmititzea lortzen duen energia erabiliz. Komedia dibertigarri eta arin baten aurrean gaude, aktore zerrenda paregabearekin eta saltzen duen hori eskaintzen duena. 2020ko komediarik onena ziurrenik.

 

10- ‘Soul’

Pete Docter (Disney +)

Pixarren orain arteko filmik konplexuena eta helduena izan daitekeela uste dut, 2015eko Inside Out-en antzeko bideak jorratzen dituena. Asko gustatu zait,  baina Up, Wall-e, Toy Story 3, Coco edota Inside Out izenburuak baino maila bat beherago kokatuko nukeena Bizitzako asmoei buruz dihardu, nor garen eta zer izan gaitezkeen, ilusioak, asmoak, frustrazioak, arrakastak eta porrotak, aurrera egiten laguntzen gaituenari buruz, bizitzarekin eta gainerakoekin lotzen gaituenari buruz... Inteligentea bezain zirraragarria, sakona bezain atsegina, gogoetatsua bezain gozagarria eta entretenigarria. Pixarren beste film bikain bat.

 

9- ‘First Cow’

Kelly Reichardt

Kelly Reichardt zuzendariaren film berria, A24-k ekoitzia, bi gizonezkoen istorioan oinarritzen da. Biek, ustekabeko topaketa baten ondoren, adiskidetasun eta negozio harreman bat garatzen dute Oregongo (AEB) herri aitzindari batean.

Reichhardten zinema oso xehekaria dela azaldu behar da lehenik. XIX. menderako pasartea, non historiaren gainerakoa gertatzen den adibidez, baso horretan bertan dabilen gizon baten oinetakoaren lehen planoan zehar ematen da, baina berrehun bat urte lehenago. Filmari apur bat abiaraztea kostatzen zaio, ikusleari lehen 45 minutuetan erretiratzeko gonbita eginez, baina gero, behia agertzen denean, guztia bihurtzen da interesgarri, dibertigarri, arriskutsu. Istorioaren sinpletasuna eztabaidaezina den arren, filma geruza ezberdinez osatuta dago. Antikapitalismoarekin, antikolonialismoarekin, maskulinitatearekin, existentzialismoarekin eta beganismoarekin lotutako irakurketak aurki ditzakegu adibidez. Hala ere, eta trebetasun handia eskatzen duen zerbait dela kontuan izanik, filma gozagarria da bere lehen eta oinarrizko geruzatik, ikus-entzunezko esperientzia soil bat bezala hartuta alegia.

Bizirauteko borrokatzen duten bi ekintzaileren adiskidetasunari buruzko ipuin hau kontatzeko modua xurgatzailea iruditu zait. Zuhaitzen, ibaien eta bidegabe tratatutako lurraren kolore eta argiek errealismo magikoaren distirak sortzen dituzte. Hori guztia musika baikor batekin girotua, filmaren sentimendu bizidun eta, aldi berean, tragikoa berresten duena.

8-‘Nomadland’

Chloé Zhao (otsailaren 19an zinema aretoetan)

Kutsu erdi-dokumentala erabiliz, Chloé Zhao zuzendariak Amerika sakonean murgiltzen gaitu, hainbat arrazoirengatik karabanetan bizi diren eta aldi baterako lanen bila Estatu Batuetan bizi diren pertsona askok jasaten duten istorio gogorra azalduz. Amerikar ametsetik oso urrun dagoen zerbait.  Filmaren protagonista Fern da, Frances McDormand-ek maisuki gorpuzten duen pertsonaia,  ia guztia galdu duen emakumea. Alargundu berria da, eta bere lana, herria eta etxea desagertzen ikusi ditu 2008ko krisi ekonomikoaren ondorioz. Bizirauteko eta amore ez emateko prest, Fernek etxe berri bat sortzen du bere kamionetan. "Houseless but not homeless" lelopean. Etxea barraskiloen modura eramaten du, bere aurreko bizitzaz geratzen zaizkion oroitzapen guztiez beteta, beti errepidean, beti bidaian helmuga argirik gabe. Nomadland-ek ez du deserrotutako bizimodua loriatzen Sean Pennek Into the Wild filmean egin zuen bezala adibidez.

Hortik aurrera pertsonaia ezberdinak erakusten dizkigu, guztienganako maitasuna eta errespetua erakutsiz, gaur egungo kapitalismo basatiak zauritutako pertsonak guztiak. Egia da filmaren erritmoa agian batzuentzat traba izan daitekeela, nahiko geldoa delako, baina lasaitasunez, presarik gabe ikusteko ekoizpen paregabea da, patxadaz gozatzeko.

 

7- ‘I'm Thinking of Ending Things’

Charlie Kaufman (Netflix)

Haur irakurtzen ari zareten askok -gehienok agian- gorrotatu egingo duzuen filma dela ohartarazten dizuet, adar jotze hutsa irudituko zaizue, aspergarria eta zentzurik gabekoa. Maite ditut ikuslea axolagabe uzten ez dituzten filmak, eta hau horietako bat da zalantzarik gabe.  Filmaren premisa sinplea da. Bere mutil-lagunaren gurasoak ezagutzeko helburuz, errepideko bidaia batean murgiltzeko zorian dagoen Jake izeneko emakume baten pentsamenduekin hasten da. Elkarrekin aste batzuk soilik daramaten arren, jada uztea pentsatzen ari da. Lehen ordu erdian narratiboki dena nahiko konbentzionala da, eta ez da Jake-ren gurasoen etxaldera iritsi arte istorioa “aldatzen” hasten, eta batez ere ikuslea desorientatzen. Hortik aurrera galderez josiriko film bat topatuko duzu, eta ez bakarrik buru-hausgarri erraldoi bat, piezetan argi eta garbi esperimentatua izatera bideratua dagoena (eszenatik eszenara salto eginez pista bila, aurrera eginez, atzera eginez, liburu bat hostokatuz bezala), baita ikusleari egindako galderen film bat ere, eta horiek dira Charlie Kaufman zuzendariari gehien interesatzen zaizkionak.

 

6- ‘Druk’

Thomas Vinterberg (apirilaren 9an zinema aretoetan)

Giza izaerari eta besteekin erlazionatzeko moduari buruzko gaietan beti arakatu nahi duen zuzendaria da Thomas Vinterberg. Druk-en alkoholismoa narrazio tresna gisa erabiltzen duen filma da, gaur egungo gizartearen beldurrik handiena argitara ateratzeko; porrotaren beldurra. Institutu bateko lau irakaslek esperimentu sozial bat egitea erabakitzen dute: lanorduetan alkohola kontsumitzea, gorputzean gehienez 0,5 º-ra iritsi gabe, nola erreakzionatzen duten eta euren bizitzei eman diezaieketen aldaketak egiaztatzeko. Finn Skårderud izeneko psikologo norvegiar batek, pertsonak, odoleko alkohol mailan 0.5eko defizitarekin jaiotzen direla dioen teoria osatu zuen. Baten batek esan lezake alkoholarekin zuzenean lotzen diren historiako izen handiek berresten dutela hori, Ernest Hemingway edo Winston Churchillek, esaterako. Hipotesi zoro hori, filmeko lau protagonistek frogatuko dute eta hortik tiraz, pelikulak hainbat alderdi garrantzitsu jorratzen ditu: giza izaera, gizakiak mozkortzeko edota alkohola kontsumitzeko duen premia geldiezina, gizatasuna kentzea eta indibidualismoa, eta gizartearen inhibizioa, besteak beste. Une batez komedia frantsesaren kutsua badu ere, azken mezutzat porrotaren beldurra eta porrota eta galera barneratzeko gizakiak duen zailtasuna dituen drama bat dela esan daiteke.

Esperientzia hordigarria da zalantzarik gabe, eta Vinterberg-ek, ñabarduraz betetako gidoi bati esker, trebetasun eta dotorezia uhina duen ekoizpena gauzatzea lortu du. 2020ko ezinbesteko izenburua zalantzarik gabe.

 

5- ‘Bacurau’

Kleber Mendonça Filho, Juliano Dornelles (Filmin & Movistar)

Beste lan sailkaezin baina ezinbestekoa. Egile zinema brasildarra, Spaghetti Western-a eta zientzia fikzio errealistaren arteko nahasketa harrigarria. Landa giroko drama eta komedia lisergikoa ere bada, kontakizun fantastikoaren berezko elementuak errealismo magikoarekin zerikusia duten beste batzuekin ere ugariak dira film osoan zehar. Distopikoa da eta gaur egungoa aldi berean (Bolsonaroren metafora gordina adibidez), komedia, eszena odoltsuak eta narratzaile musikal bat. Irabiatu zoro hori da Bacurau ekoizpen brasildarrean topatuko duzuna.

Ez dago filmeko protagonistatzat har dezakegun pertsonaiarik, filmari izenburua ematen dion herria bera baita protagonista nagusia. Protagonista kolektiboa bera da, zapaltzailearen aurka matxinatu behar duen taldea. Bacurau funtsezko entretenimendua da, bortitza baina pintzelkada komikoak eta tentsio une handiak dituena. Oposizioaren eta erresistentziaren arteko borroka islatzen duen oso hurbileko distopia bat da, non droneak platertxo hegalariak diren, eta herriko biztanleek psikotropikoak hartzen dituzten.  Gaur egun, mundua mugitzen duten botere zapaltzaileei buruzko fabula zikina. Paregabea iruditu zait.

 

4- ‘Mank’

David Fincher ( Netflix)

David Fincher erraldoiaren film berria, Citizen Kane film ezagun eta garrantzitsuaren sorreran gertatutako desadostasunei erreparatzen dien bitartean, 30 eta 40ko hamarkadetako zinemari egindako omenaldia zoragarria da.  Herman Mankiewicz gidoilariaren irudian sakontzen duen gidoi baten bidez, unean uneko testuinguru sozial, historiko eta politikoa zehatz-mehatz azaltzen den bitartean.

Uste dut zazpigarren artea bereziki maite dutenen artean, zinemazaleen artean,  hobeto funtzionatzen duen filma dela, modu lasaian gozatzeko film bat delako, garaiko erreferentzia eta estetikaz bustitzeko paregabea. Aipatzen diren izen, film, estudio, pertsona edota toki horiek ezagutzen ez dituztenei ordea astun xamarra egin dakiekeen filma izan daiteke,  beraz adi. Sinopsi orokor horren babespean, Mank-ek, azpigai desberdinak ere jorratzen ditu. Estudioek igarotzen zuten unearen disekzio bat da, propagandako manipulazio tekniken inplementazioak eragin zuenaren erretratu mingots bat, baliabideak eta hizkuntza zinematografikoa hauteskunde interesen zerbitzura jarriz. Baita, Citizen Kane  nola eta zergatik sortu zen azaltzea ere noski.

Fincherrek bere aitaren gidoia pantailaratu du, aipaturiko film klasikoari omenezko eta keinuz betetako estetika txundigarri bat diseinatuz, plano asko kalkatuz. William Randolph Hearst-ek bere munduaren babeslekuan antolatutako jai horien luxua, barrokismoa eta handitasuna erakusten dizkigu, boteretsuek planeatutako manipulazio politikoa, zinemaren negozioaren krudeltasuna Manken gizatasunaren aurrean, eta komedia eta drama uztartuz egiten du, elkarrizketa txinpartatsuekin eta gogoeta zorrotzekin, zuri-beltz bikainean.  Gainera, Gary Oldmanen talentuaz baliatzen da Mank bezalako subjektu zail hori interpretatzeko, idazle gisa talentu handikoa, baina alkoholaren atzean subjektu ziniko eta lotsagabe bat ezkutatzen duena, beldurragatik edo mirespenagatik, estudioek gertu mantentzen dutena. Fincherrek garai gogoangarriko erretratua eskaintzen du, Erik Messerschmidten zuri-beltzeko argazkiari, enkoadraketa oparoei eta flashback-ak gidoi baten piezak balira bezala erabiltzen dituen muntaiari esker. Armazoi horren atzean zinemaren substratua diren gidoilariei egindako omenaldi bat ere badago.

Film hau ikustea zinemara zergatik goazen ulertzea da.

 

3-‘The Father’

Florian Zeller (zinema aretoetan)

Anthony Hopkins-en interpretazio ikaragarria buru dela, barne-barneraino sartu zaidan filma. Gidoia, edizioarekin batera, tresna narratibo oso indartsuan bihurtzen da hasieratik, zahartzaroko dementziari buruzko ikuspegi berritzaile eta larrigarria eskaintzeko. Hunkituta amaitu dut. Florian Zeller antzerkigile frantziarraren izen bereko antzezlanaren egokitzapen zinematografikoa da, aurreko hamarkadako antzezlan ospetsuenetako bat, hainbat herrialdetan antzeztua, eta orain egileak berak zinemara egokitu duena, gidoia Christopher Hamptonekin batera sinatzen duena. Amona dementziaren biktima galdu ostean idatzi zuen antzezlana.  The Father filmak gaixotasun horri heltzen dio eta lehen planoan kokatzen du. Gizaki baten burmuinean, pixkanaka,  bere nortasuna,  eguneroko bizitzako laguntza eta erreferentzia-puntu guztiak galtzeak eragiten dituen kalteak zorroztasun ia kirurgikoz erakutsiz.  

Izenburuari erreferentzia egiten dion Aita Anne-rena da, Anthony Hopkins, bakarrik bizi den 80 urteko agurea da. Kontratatzen dituen zaintzaileek gehiegi irauten ez dutenez, Anne egoitza batean sartzea pentsatzen hasi da, egoera gero eta jasangaitzagoa delako eta ezin duelako bere gain hartu. Filma Annerekin batera hasten badugu ere, laster Anthonyren ikuspegira pasako gara, eta The Father drama familiarra izateari utziko dio thriller paranoiko moduko batean mutatzeko. Zahartzaroko dementziari buruzko ikuspegi berritzailea aipatu dut hasieran, formalki nola tratatu den, estilo narratiboa, iruditu baitzait txundigarriena. Une honetan hasiko den protagonistaren barne-thriller hori nola landu den hain zuzen ere.

Hortik aurrera, murgilaldi sakoneko esperientzia zinematografikoa biziko duzu. Ondo baino hobeto transmititzen baitu protagonistak sentitzen duen emozio-maila, Hopkins ikaragarri baten bidez, eszena berean eta maisuki, adeitasunetik ankerkeria absolutura igarotzeko gai dena. Bihotza apurtzen duen zaurgarritasuna ere erakusten du, gure aita edota aitona balitz bezala sentituz.  Bi norabideko enpatiaren ariketa bortitza iruditu zait; ezezaguna edota arrotza zaigun hori ulertzeko eta esperimentatzeko baliabide bat , eta baita ispilu bat ere, gu islatuta ikusteko.

Aktoreen zuzendaritza lan ikusgarria, luxuzko muntaia, eta munduko aktore onenetako bi, Anthony Hopkins eta Olivia Colman, zer gehiago behar duzu?

 

2-‘Martin Eden’

Pietro Marcello (zinema aretoetan)

Ze pelikula berezia eta ederra osatu duen Pietro Marcello zinegile italiarrak. Jack London idazle estatubatuarraren 1909ko eleberri baten gidoia egokituz, zehaztu gabeko Italiako historiaren une batean girotu du filma. Martin Eden (Luca Marinelli) marinel txiro eta inozoa da kontakizunaren protagonista, familia aberats batekin harremanetan jarri ostean,  Elena (Jessica Cressy) alaba gaztearekin liluratuta geratuko dena. Une horretatik aurrera liburuak irensten hasiko da eta idazle izatearekin amets egingo du. Martinek bere testuetan islatuko du bere klase sozialaren gordintasuna, eta gizabanakoaren aldeko diskurtsoa integratuko du kolektibitatearen gainetik.

Beste gauza askoren artean, Martin Eden sorkuntza eta ezagutzaren gaineko istorio bat da, artearen eta horrek dakarren guztiaren bidez adierazteko beharrari buruzkoa. Baita bakardadeari, esfortzuari, norbere buruarengan sinesteko orduan konfiantza izateari, sarerik gabe salto egiteari eta zoritxarren aurka borrokatzeko beharrari buruzkoa ere.

Zinema poetikoa da, oraina eta iragana oso modu harmoniko eta sentsualean lotzen dituena, hein handi batean gidoiarekin eskutik doan muntaia lan paregaberi esker. Ohiko narrazio klasikoa, sekuentzia ezberdinetan txertatzen diren eta dimentsio sinboliko eta oroitarazle sakona lortzen duten artxibo dokumentalekin uztartu baititu. Esperientzia liluragarria da, aipaturiko interpretazio, gidoi eta muntaiaz gain,  argazki zuzendaritza ederrak, soinu-banda oroitarazleak eta planoen erabilera magistralak, obra garrantzitsu baten aurrean gaudenaren lurrina uzten baitute amaieran.

 

1-‘Uncut Gems’

Safdie anaiak (Netflix)

Safdie anaiek zuzentzen duten laugarren filma da, eta, zalantzarik gabe, ertzetatik sortutako estiloaren punturik gorenera iritsi dira lan ikaragarri honekin. Hemen ere, gaur egungo amerikar zinema independenteari lotutako edozein etiketa mota alde batera uztea lortu dute, adrenalinaz beteriko 135 minutu txundigarri zuzentzeko. New Yorkeko bitxigile judutar bat gorpuzten duen  Adam Sandler-ek gainera, bere ibilbide osoko interpretazio lanik ikusgarriena burutzea lortu du. Sandler-ek gorpuztutako zirkulu ilun batean sartuta dagoen Howard Ratner-en istorioa kokatzen da tramaren erdigunean. Tira, tornado baten barruan sartuta dagoen gizona hobekiago esanda, eta bertatik ihes egitea ezinezkoa zaiona. Manhattango diamanteen barrutiko bitxigile da eta mundu guztiari dirua zor dion arren,  edozer egiteko prest dago joko horretatik ez ateratzeko. Murgildu den kate luze eta sakon horren barruko katebegi bat moztea denbora kontua besterik ez den arren. 

Safdie anaiek,  gidoitik eta eszenaratzetik hasiz sortzen duten tentsioa gero eta handiagoa eta geldiezina da. Uncut Gems,  thriller, drama eta komediaren konbinazio harrigarria da. Gerta daitekeenarekiko antsietate izugarriaren preso, ikuslea, uneoro, tentsioz eta urduritasunez mantentzen dute, baina errusiar mendi baten modukoa den paseoaz gozatzeko aukera ere eskaintzen  du.

Adikzioari, amets amerikarrari eta betiko gogoratua izango den pertsonaia baten estudioari buruzko komedia beltz baina tragikoa. Usteltasun moralez betetako azpimundu hori erakusteko intentzioz, narrazio histeriko eta amorratu baten erritmopean, film deserosoa bezain liluragarria sortzea lortu dute. Adam Sandlerren izena grabatuta daraman bat-bateko harribitxia.