2020ko Elkar Saria Seaska, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak, jasoko du

Aurten ez da Elkar Sariak banatzeko ekitaldirik egingo ordea. Alta, Elkar Fundazioak sariak emango dituela iragarri du. Esaterako, Joseba Jaka beka Juanjo Olasagarre idazleak jasoko du; eta Ipar Euskal Herriko Ikastolen Federazioak, Seaska izenez ezagutuak ere, saria izango du.
Sari hauen helburua euskara eta euskal kulturaren inguruan egindako lana ezagutzea eta goraipatzea da. Hala, Elkarrek Seaskak aitorpena merezi duela erabaki du. “Eskolaren bidez, 50 urte luzez euskararen alde Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoan, egindako lana aitortzeko”.
Guraso talde baten ekimenez, Seaska Baionan jaio eta 1969an ofizialki finkatu zen Arrangoitzen. Bost ikaslerekin zabaldu zenetik, etengabea izan da Ipar Euskal Herriko lurraldeetan egindako lana. Milaka ikasle eskolatu ditu euskaraz, eta hezkuntza euskalduntzeko akuilu izan da Ipar Euskal Herrian.
Gaur egun 37 ikastetxeko sarea du eta 4.000 ikasle ari dira ikasten. Seaskaren ekarpena beste hainbat ekimenekin batera, inolako zalantzarik gabe, ezinbestekoa izan da Ipar Euskal Herrian euskara gal ez dadin.
Pio Jorajuria Seaskako lehendakariak adierazi du “ohore handia da, egun, aitortza jasotzea”. Saria Gotzon Huegun eskulturagilearen artelana da, eta, ohiko ekitaldiaren faltan, aukera dagoenean emango dio Elkarrek saria Seaskari.
Bestalde, aurten ezin izan da Seaskaren alde Herri Urrats jaialdia antolatu, pasa den maiatzaren 10ean ospatzekoa zena. Horregatik, sari honek are indar handiagoa hartzen du ez dezagun ahaztu Ipar Euskal Herrian Seaskak egiten duen lana eta sustengatu dezaegun.