2020ko dokumentalik onenak

2020ko dokumentalik onenak Telesail onenen zerrenda argitaratu ostean, eta filmeena aipatu aurretik, azken urteetan urrezko aro moduko bat bizitzen ari diren dokumental nabarmenenak aipatzeko ordua iritsi da. Kasu honetan, 2020. urtean ikusi ditudan onenak: https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020ko-dokumentalik-onenak/@@download/image/dklkyum.jpg
2020/12/28

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Telesail onenen zerrenda argitaratu ostean, eta filmeena aipatu aurretik, azken urteetan urrezko aro moduko bat bizitzen ari diren dokumental nabarmenenak aipatzeko ordua iritsi da. Kasu honetan, 2020. urtean ikusi ditudan onenak:
2020ko dokumentalik onenak

12- ‘El estado contra Pablo Ibar’

HBO

Ikaragarria iruditu zait. Kasu ezagunari buruzko kontakizun oso zehatza. Ikusle gisa jakin-minez egoteaz harago, era guztietako emozioen zurrunbiloan murgilduko zarete. Adeitasunez eta errespetuz tratatzen ditu inplikatutako guztiak. Oso deigarria iruditu zait tonuaren inpartzialtasuna helduleku gisa erabiliz,  judizioaren tentsioa eta irudien hunkiberatasuna osatzen duten nahasketa leherkorra eta alegiazkoa, zeinen ongi osatua dagoen. Azken urteetan modan jarri diren Netflixeko true crime horietatik baino, Errol Morrisen  The Thin Blue Line (1988) dokumentaletik gertuago dagoela esango nuke.

11- ' My Mexican Bretzel’

Filmin

Filmin plataforman eta Bartzelonako Zinema Jaialdiaren baitan ikusteko aukera izan dudan filmaren hasierako esaldiak laburbiltzen du lan hau: "Gezurra, egia esateko beste modu bat da" dioena. Fikzioa eta dokumentalaren artean igerian dabilen ekoizpen honetako zuzendariak, Vivian Barrettek eta Léon Barrettek 40. eta 60. hamarkadetan filmatutako irudiak uztartzen ditu lan bitxi eta sailkaezin bat burutzeko. Hortik abiatuz, ikuslea ispilu-joko interesgarri baten geruzan murgiltzen du, errealaren -zuzena al da zineman errealitateaz hitz egitea?- eta fikziozkoaren -fikzioa beste errealitate mota bat al da?- artean, guztia dokumental moduan bilduta.

 

10- ‘Tiger King’

Netflix

Liluragarria bezain surrealista. Ziurrenik aurten ikusi dudan dokumentalik bizarro, bitxi eta sailkaezinena, errealitateak fikzioa gainditzen duenaren froga dokumentatua. Tiger King bezala ezaguna den Joe Exotic tigreen merkatari xelebrearen eta Carole Baskin tigreentzako erreserba baten jabearen arteko eztabaida da ekoizpenaren ardatz nagusia. Hortik aurrera ordea, animalia exotikoak, krimen antolatua, narkotrafikoa, mafiosoak, iruzurgileak, arloteak, drogazaleak, ezkontzak, sektarismoa, armak, indarkeria, desagertutako pertsonak, ego-gerrak, gezurrak, mehatxuak, telezaborra... hori guztia eta askoz gehiago da cocktail leherkor xelebre honetan topatuko duzuna.

Arrakasta itzela izan du dokumental honek aurten Netflixen; tramaren ustekabeko biraketengatik eta testigantza harrigarriak ematen dituzten elkarrizketatuengatik zuirrenik. Ikusten duzun unetik, lagunekin komentatu nahiko duzun dokumental harrigarria.

 

9- ‘David Attenborough: A Life on Our Planet’

Netflix

94 urte bete berritan, David Attenborough handiak, azken hirurogeita hamar urteetan egin duen lana egiten jarraitzeko energia eta gogoa soberan dituela frogatu du beste behin ezinbesteko lan honekin. Irudien bitartez, bere bizitzako mugarri batzuk paraleloan jartzen ditu, baita planetak une honetan gizakiaren presentzia nola pairatzen duen ere. Zientzialariak badaki zertaz ari den, lehen pertsonan ikasi eta ikasi duelako, eta bere helburu bakarra errealitate gordin hau iraultzen saiatzea da, bere hitzetan, 2.100 urtea baino lehen desagertze masibo berri batera garamatzana.

Dokumentala, bizi dugun egoeraren larritasunaz diharduen arren, beste ekoizpenetan egin bezala, hemen ere, amaieran mezu positibo bat zabaltzeko intentzioz zuzenean kamerari, ikusleari, begiratzen dio, larrialdia gelditzeko irtenbideak eskainiz. Hori guztia, gainera, azken 60 urteetan parte hartu duen ikus-entzunezko lan guztien irudirik onenetako batzuen artean bilduta dago. Aurkezle eta kontalari gisa, klixe sentimentalak, erretorika akademikoa eta hiztegi zientifikoa alde batera utzi eta gaiak modu argi eta erakargarrian azaltzen jakin du beti, eta hemen ere hala egiten du.

Dokumentala gai miresgarri eta sinple batekin amaitzen da. Naturak bizirik iraungo du gizarte gisa dugun gainbeheratik, baina gizakiak ezingo dio horri aurre egin. David Attenborough-k Chernobylgo zentral nuklear ezagunean gizakiek eragindako istripua hartzen du adibide gisa, eta bi egoerak alderatzen ditu; 30 urte beranduago, natura eraikinen artean zabaltzen ari baita eta gertatu zen suntsiketa, modu naturalean, konpontzen eta birsortzen ari da. Gizakia ordea ezin da bertan bizi.

 

8- ‘Dick Johnson Is Dead’

Netflix

 

Kirsten Johnsonek errealitatearen eta fikzioaren mugak aztertzen ditu, zahartzaroko dementziak jota dagoen aitari agur gutun berezi, surrealista eta samurra grabatzeko helburuz. Horretarako sorkuntza zinematografikoaren magia eta bere familiaren umore beltza erabiliko ditu, 86 urteko aitaren oroitzapena betiko bizirik mantentzeko ahalegin guztiak egiteko.

Zuzendariak, bizitza aita alboan izan gabe jasan ezin duen arren, aita “desagertzeko“ prozesuari ekin dio jada. Iristear dagoen trauma uxatzeko, zuzendariak bere aitari berarekin film bat egitea proposatuko dio, eta, bertan, bere heriotza pantailaratuko du. Tira bere heriotzaK hobekiago esanda. Aita protagonista dela, era guztietako heriotza posibleak antzeztuko baitituzte, umore beltza ardatz hartura noski. Dokumentalgintzaren kodeak lehen pertsonan aldatzeko eta, ustez, zinema eta bizitza bereizten dituzten lerroak erabat desitxuratzeko interesa duen orok ikusi beharko lukeen lan berezia. Maitasunez eginiko dokumental dibertigarria eta tristea. Maitasuna da dokumentala garraiatzen duen mekanismoa. Alabak aitari dion maitasuna, aitak alabari, bilobei, biloben gurasoei dien maitasuna, eta haren lagunek berari diotena.

 

7- ‘Immigration Nation‘

Netflix

AEBetako Immigrazio eta Aduanen Kontrolerako Zerbitzua sakon aztertzen duen dokumentu paregabea,  etorkinen borrokari buruzko testigantza hunkigarriekin hornitua. Sei atal dituen dokumental latz honek, immigrazioaren labirinto beldurgarria erakusten du, gehienetan deportazioan amaitzen dena. Agentziaren lana eta hainbat eragileren iritziak ere islatzen ditu: “Siempre pensé que los gringos eran buenos, pero ahora pienso ¿dónde están los gringos buenos?” aipatzen du hondurastar batek.

6- ‘Las tres muertes de Marisela Escobedo’

Netflix

Mexikoko Chihuahua estatuko gizartean nagusi izan daitekeen zigorgabetasun mailari buruzko dokumental tristea, beharrezkoa bezain sinestezina. Lanari izenburuari izena ematen dion Marisela Escobedo-ren istorioa azaltzen duen ekoizpena.  Bere alabaren feminizidioa Mexikoko sistema judizialaren akatsengatik zigorrik gabe geratu ondoren, inolako beldurrik gabeko ama borrokalari eta kementsuak gurutzada nekaezina hasiko du, justizia egiten saiatzeko, hiltzailea espetxeratzeko eta Mexikoko justizia-sistema salatzeko.

Carlos Pérez Osoriok narratiba lineal, zuzen eta erretorikarik gabekoa erabiltzen du gertatutako guzti horretatik ahalik eta gutxien aldentzeko: familia bereko bi emakumeren heriotza bidegabearen kontakizun gordina. Ikusle gisa, tragedia horren lekuko bilakatzen gaitu hasieratik, urratsez urrats , egitateekin eta lekukotasunekin, eta beharrezkoak ez diren doako indarkeria-irudirik erabili gabe. Apurka-apurka agerian utziko ditu sistema judizial horren eraginkortasun eza, burokraziak berak eta bere sustrairik sakonenak ere kutsatu dituen ustelkeriak oztopatua.

5- 'For Sama'

Min ematen duen dokumentala eta kontzientziak astintzen dituena. Kasu honetan, estetikaz edota baliabide zinematografikoez hitz egitea hutsala eta zentzugabea iruditzen zait; eskuko kamerarekin grabatua dagoelako bai, ahal den moduan, baita ere, eta era traketsean batzuetan, noski, baina kontatzen duena hain da bortitza eta gordina, hain da beharrezkoa dokumental hau ikustea…

Waad al-Kateab izeneko emakumea kokatzen da istorioaren erdigunean. Tira hobe esanda berak abiatzen du istorio honen bidea. Bost urtez grabatu du bere bizitza Siriako Alepoko setioan. Bonbak inguruan erortzen diren bitartean, ume jaio berriarekin –Sama- eta senarrarekin bertan geratzeko erabakia hartzen duena. 500 bat orduko irudiak grabatu ditu, Aleporen setio bortitz eta hilgarria dokumentatuz. Kamera eskuan hartu, eta Kateab-ek bere eguneroko bizitza pantailaratu du,  senarrak  lan egiten duen eta Sama alabarekin bizi den ospitalean. Suntsitutako bizitzak, zauriak, eta bonbardaketa bakoitzaren ondoren salbatu ahal izan zituztenak. Alaba Samari eskaintzen dion gerraz haraindiko gizatasun istorio ikaragarri bat da. Maitasunari eta gerrari buruzko lehen pertsonan grabaturiko istorio urratzailea eta mingarria, suntsitzailea. Lan hau gatazka horri buruz dihardu, baina batez eta Al Kateabek gertaeren leku berean filmatutako irudien bidez transmititzen duen horri guztiari buruz.

 

4- ‘Colectiv’

HBO

Erraietaraino ustela dagoen sistema bat zuzentzea posible al da? Zer behar da hori lortzeko? Zer gertatzen da zikoizkeriak gizateria gainditu duenean? Alexander Nanauk galdera horiek aztertzen ditu "Colectiv" dokumental paregabea. Kazetari eta politikari talde baten behaketa zehatzaren bidez, Errumaniako ustelkeriaz gainezka dagoen hodia agerian utziz.

Dokumental honek 2015eko urriaren 30ean Bukaresteko Colectiv Clubean izandako tragediaren ondorengo gertaerak jarraitzen ditu, 65 gazte hil eta dozenaka zauritu ziren sutea gertatu zen bertan. Tragediak, ustelkeriaren eta Gobernuaren dimisioaren aurkako protesta publikoak eragin zituen.Ironiko xamarra den arren, auzia sakon ikertzen hasi zen errumaniar hedabide bakarra kirol egunkari bat izan zen, Sports Gazette delakoa, Catalin Tolontan kazetariaren gidaritzapean. "Prentsa agintarien aurrean makurtzen denean, agintariek tratu txarrak emango dizkiete herritarrei", aipatzen du Tolontanek dokumentalean. Arazoa da agintariek ez dutela soilik herrialdea gaizki tratatu, hondoratu egin dutela baizik.

Alexander Nanau zuzendariaren kamerak ikerketa horri jarraitzen dio, erreportariak heroiak izan zirela argi utziz. Halaber, biktimen senitarteko batzuk beharrezko errukiarekin eta morborik gabe enfokatzen ditu. Dokumental eredugarria da zentzu guztietan. Giza miseria, bere modurik burokratiko eta politikoenean ikusteko aukera eskaintzen duen lan zoragarria da Colectiv. Ezin hobeto editatutako dokumental zirraragarria da, inpotentzia pizten duena, begiak irekiko dizkizuna eta gizateria zeinen gaixorik dagoen xehetasunez irudikatzen duena.

 

3- ‘El año del descubrimiento’

Urteko dokumentalik ez komertzialena, baina urteko dokumentalik beharrezkoena ziurrenik. Neoliberalismoak gure gizartea nola eraldatu duen eta gizabanako gisa nola eraldatzen gaituen erakusten digun lan txundigarria.  Zaila ez, ezinezkoa iruditzen zait dokumental honek ikuslearengan lortzen duen eragina hitzen bidez adieraztea. Dokumentaltzat hartu arren, genero zehatz baten barruan nekez sailka daiteke lan hau; irakurketa geruza asko dituen ikus-entzunezko esperimentu baten aurrean gaudela esatea iruditzen zait zuzenena.

Testuingurua aipatuz hasiko naiz. 1992.urtean funtsezko bi ekitaldi gertatu ziren Espainian: Bartzelonako Joko Olinpikoak eta Sevillako Nazioarteko Erakusketa, Amerikako aurkikuntzaren V. mendeurrena ospatzearekin lotuta. Felipe Gonzalez PSOEren agintera igo eta hamar urtera, Espainia, nazioartearen aurrean,  “herrialde eferbeszente, moderno eta zibilizatu gisa” agertzen dan eta “etorkizuneko munduko potentzia ekonomikoa” bezala. Cartagenan bestalde, lantegien itxieragatik eta desegite industrialagatik izandako istilu eta protestek, indarkeria maila gero eta handiagoa eragiten dute, eskualdeko parlamentuak molotov koktelekin piztutako sutearekin amaitu arte.

Hori guztia irakurrita, artxibo irudiz osaturiko dokumental historiko bat ikusiko duzula pentsa dezakezu, kronologikoki muntatua, protagonisten elkarrizketak tartekatuz eta guztiaren errepasoa eginez. Ahaztu hori guztia. Testuingurua hori da bai, baina 3 ordu irauten dituen esperimentu honetan ez duzu halako konbentzionalismo narratiborik ikusiko, ez, behintzat, ohikoa dena. ikus-entzunezko esperimentua dela nahita aipatu dut, hala iruditu zaidalako. 

López Carrasco zuzendariak gidoia harilkatzeko erabili duen forma, kontakizuna, pertsonek eta pertsonekin izandako elkarrizketen bidez mugitzean datza. Narrazioa elkarrizketen gainean eraikia dago.  Horietako batzuk argigarriak dira, beste batzuk langile klaseko jendearen arteko elkarrizketa arruntak. Batzuek iraganaz hitz egiten dute eta beste batzuek orainaz. Batzuek itxaropen-maila altua erakusten dute, eta beste batzuek sutsuki adierazten dute zirkunstantziek gero eta baztertuagoa duten gizarte-talde baten etsipena.

Zinemagile gisa dituen arma guztiak erabiltzen ditu gertaera haren eta ondorioen erretratu koral bat aurkezteko. Hasteko, bere aurreko film luzearekin (El futuro) lotzen du, tabernan edaten duten bitartean hitz egiten duten gazte talde bat grabatuz. Film hartan bezala, ez gara gai elkarrizketa osoak entzuteko, eta musika, altua eta desitxuratua, ahotsekin nahasten da, ulertezin bihurtuz, deserosoa esango nuke. Musikaren aukeraketa ez da kasualitatea, 1992ko musika da. Hi8 bideo formatuan grabatutako egotea ere ez da kasualitatea. El futuro dokumentalean gertatzen zen bezala, ikusten ari garena orainaldian ala iraganean gertatzen ari den planteatzen baitigu dokumentalak.

Bide eta forma berezi hau erabiliz, "zer" eta "nola" elkarrekin bat egin dezaketenaren beste adibide paregabea iruditu zait. Muntaiatik hasiz adibidez: une eta hitz zehatz bakoitzaren aukeraketarekin, kokatze eta mihiztatze lan ikaragarria dagoela nabari da. Protagonisten hitz zehatzetatik mezu konkretuak ateratzeko intentzioz eraikiak. Dokumentalak 3 ordu irauten dituen arren, ez dela ezer falta eta ez dagoela ezer soberan sentsazioarekin amaitzea harrigarria iruditu zait.

Umiltasunetik, txikitik, azaltzea lortzen duen dokumental harrigarria iruditu zait; tabernako barran dagoen ezezagun baten keinu batetik hasi, zigarro baten zupadatik jarraitu eta bi amets errepikakorrekin amaitu arte. Liluragarria ekoizpen honen atzean dagoen lana eta istorioa kontatzeko aukeratu duten forma.

 

2- ‘How to with John Wilson’

HBO

Esango banizu, telesail-dokumental hau, une honetan Ikusten ari ez zaren gauzarik surrealista, dibertigarri, berezi, triste, bitxi eta batez ere sailkaezinena dela? Bizitza modernoari buruzko umorezko tutorial gisa planteatuta, kamera hartu eta New York hirian milaka eta milaka ordu grabatu ditu John Wilson dokumentalista ia ezezagunak.  Lehen pertsonan kontatuta, giza izaera, oinarrizkoenetik xehatu nahi du telesailak, eta horrekin guztiarekin pertsona eta egoera bitxien bilduma zoragarri bat sortzea lortu du, espontaneoki sortzen den narratiba bat erabiliz. Koherentzia inkoherentziaren barruan. Dokumentalak samurtasunaren eta deserosotasunaren artean mugitzen den umore mota bat du ezaugarri, eta atal guztiak, absurdotik jaiotzen dira eta autokritika basati batetik. Soziologia, New York edota umorerik apurtzaileenaren zalea bazara, gomendio saihestezina. 2020ari pasa zaion gauzarik onenetarikoa ezbairik gabe.

 

 1- ‘The Last Dance’

Netflix

90eko hamarkadako bigarren zatiko Chicago Bulls historiako kirol talderik onenetakoa izan zela diote askok, eta noski Michael Jordan historiako jokalaririk onena. 10 ataletan zatikaturiko telesail dokumental honetan, talde horren erregealdiaren gaineko erradiografia txundigarria ikusteko aukera izango duzu. Baita garai hartako testuingurua heldulekutzat hartuz, aldagela barruan izan ziren tira-birak, apurka-apurka loratzen joan ziren liskarrak eta jakina botere-borrokak. Erabat txundituta amaitu dut maisulana iruditu zaidan lan hau ikusten eta konfinamenduko astez asteko nire “drogan” bilakatu da. Ikerketa eta dokumentazio lan ikaragarria eta 90eko hamarkadako NBA ligako jarraitzaile ginenontzat opari nostalgiko eta zirraragarria!