2020ko 20 diskorik onenak

2020ko 20 diskorik onenak Ez naiz ni onenak eta txarrenak zein diren esatearen aldekoa. Musikak guztia du subjektibotik, eta guztiok ditugu esperientzia, zein emozio jakin batzuk disko edo abesti jakin batzuei lotuak. Lotura horiek ariman tatuak gelditzen dira, eta behin hori gertatzean berdin du norbaitek disko hori ona edo txarra den badio. Bada hemen doaz 2020 honetan nire belarriek gehien entzun dituzten diskoen zerrenda, baita niri helarazi dizkidaten sentimenduak adierazteko saiakera hutsalak ere. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2020ko-20-diskorik-onenak/@@download/image/8994CDC6-A7C1-4933-BC18-770F1C72B3A5.JPG
2020/12/22

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Ez naiz ni onenak eta txarrenak zein diren esatearen aldekoa. Musikak guztia du subjektibotik, eta guztiok ditugu esperientzia, zein emozio jakin batzuk disko edo abesti jakin batzuei lotuak. Lotura horiek ariman tatuak gelditzen dira, eta behin hori gertatzean berdin du norbaitek disko hori ona edo txarra den badio. Bada hemen doaz 2020 honetan nire belarriek gehien entzun dituzten diskoen zerrenda, baita niri helarazi dizkidaten sentimenduak adierazteko saiakera hutsalak ere.
2020ko 20 diskorik onenak

Onartu behar dut ez naizela horrelako zerrendak egitearen oso zalea, baina gustura egon naiz urtean zehar entzundakoa berriz ere gogoratzen. Ariketa polita izan da, guztia horren azkar kontsumitu eta ahazten dugun garai likido hauetan.

20. Nathy Peluso - “Calambre” 

Izugarri gustuko suertatuko zaizu ala jasanezina egingo zaizu. Nathy Peluso bezalako artista batekin ez dago erdibiderik. Ukaezina da ordea disko honek helarazten duen nortasuna, ahoan bilorik gabe munduko arazoak zerrendatzen baititu hainbat generoren baitan. Izan ere, hip hop erritmoak aurkitzeaz gain (Bussines Woman), beste abesti batzuk soul ukitua dute (Buenos Aires, Llámame) eta trap basatia ere aurkitzen dugu Sana Sana bezalako abestietan. Ahots moldakor, indartsu eta ezin pertsonalago batek ordea estilo guztiak berera eramaten ditu, eta horiei letra bilauak gehietzen badizkiogu urteko proposamen freskoenaren aurrean gaude.


19. Yves Tumor - “Heaven to a Tortured Mind”

Yves Tumor artistak art-rocka egungo parametroetara eguneratu du, baita funk-a ere, ukitu post-industrialak emanez. Honela sortu da sailkatzen zaila, baina gozatzen erraza den disko hau. Melodia bikainak nonahi aurkituko ditu entzuleak, gitarra soloak, soul doinuak… soinudun collage modukoa da. Hala ere, disko honetan ahotsa da protagonista ukaezina, garai ezberdinetako soinuak eguneratu nahian. Kerosene! bezalako abesti bikainen bilduma da diskoa. Yves Tumor-ek iraganaera begiratu du etorkizuna iragartzeko. Ez dakit lortu ote duen, baina etorkizuneko soinua hau izango bada, etorkizun oparoa izango dugu.  


18. Dena - “Ezer Sentitzeko”

Hiruko Ondarrutar gazte honen lehen lan luzea da Ezer Sentitzeko. Bertan musikarekiko pasioa nabaria da. Diskoan doinu gogorrak aurkituko ditu entzuleak, baina elektronikarekin jolasteko konplexurik ez dute izan abestiren batean. Argi dago musika bere osotasunean maite dutela, inongo estilori muzin egin gabe. Rock-ari haize freskoa ekartzera datoz eta ziur zeresana emango dutela. 


17. Touché Amoré - “Lament”

Touché Amoré taldearen seigarren diskoa da hau, eta beste behin kalitate goreneko lan baten aurrean gaude. Amerrikarrek argi utzi dute soinu gogorra eta melodia elkarrekin joan daitezkeela. Hori dela eta, Come Heroin bezalako abestiek inoiz baino gehiago edaten dute metaletik: ahots urratuak, gitarra urratzaileak… soinu zurrunbilo batean murgilduz berehala entzulea. Amerikarren beste disko bikaina da, noizbait huts egingo al dute? 


16. JFDR - “New Dreams”

Disko xumea da, ez du inongo apaindurarik nahi, ez du behar ere. Ametsezko mundu batera garraiatzen dute bere xuxurlatutako ahotsek. Musika kaskoetan jarri, argia itzali eta besterik gabe, entzuteko disko horietako bat da. Plazer hutsa. Islandiarraren ahotsa oinarri elektroniko dotoreetan zehar ibiltzen da, abestiz abesti, inoiz iristen ez den crescendo baten atzetik. Bilatutako efektua da ordea, entzulea erabat hipnotizatua uzteko.  


15. Idles - “Ultra Mono”

Britainiarren soinua murru gogorra da, eta ni behin eta berriz buruz bere aurka kolpatzen naiz plazeraren plazerez. Izan ere, Idles-en musikak badu zerbait norberaren autosuntsiketatik. Norbere buruari eta inguruari kritika zorrotzak jaurtitzen dizkio Joe Talbot-ek garai modernoetako sermoilari bat bailitzan, zuzenean jugularrera. Euren rock-ari hip-hop ukituak gehitu dizkiote, jada ezagunak zaizkigun itzuliguruka ibiltzen ez diren leloekin batera. Honela euren zigilu propia ezartzen diote abestiei, Idles-en abesti bat ez dugu beste edozein talderenarekin nahastuko. Pertsonalitatez gainezka daude, eta ez dute beldurrik berau mundua hobetzeko arma bezala erabiltzeko. 


14. Sufjan Stevens - “The Ascension”

Carrie & Lowell (2015) disko lazgarri bezain bikaina gainditzea ezinezkoa zela banekin, eta beharbada, horregatik gozatu dut horrenbeste Stevens-en azken diskoarekin. Disko hartako soinu akustiko-xumetik urrundu nahiko balu bezala, disko honek elektronika du oinarri bere The Age Of Adz (2010) diskoa gogoraraziz. Hala ere, ez du hain berea duen intimitatea galdu, sentsibilitatez bestetako abesti sorta bat eskainiz. Kasu honetan, intimitate espiritualaz hitz egiten digu, bere mundua ikusteko moduaz eta horrekin batera datozen beldurrez. Ez da beraz, disko erraza, ez emozionalki ezta soinu aldetik ere, esperimentazioarekin jolasten baitu zenbait unetan; entzulearen pazientzia saritua izango da ordea, entzunaldi bakoitzean ezusteko berriak topatuz. 


13. Emma Ruth Rundle & Thou - “May Our Chambers Be Full”

Emma Ruth Rundle kantautorearen eta Thou metal taldearen arteko kolaboraziotik sortutako diskoa da hau. Bi artistek ez dute inongo antzekotasunik, eta beharbada horregatik funtzionatzen du hain ongi elkarrekin. Sortzaile bakoitzak bere nortasunari uko egin gabe, bakarrik sekula lortuko ez luketen emaitza eskuratzera iritsi dira. Emma Ruth-en ahotsa ez da inoiz horrenbeste distortsioren erdian entzun, eta Thou taldeak ez ditu inoiz horren erritmo ederrak sortu; bi muturrek armonia liluragarria sortu dute. Zenbait riff-ek 90. hamarkadako grunge estiloa gogorarazten dute, beharbada hor dago bi artista horren ezberdinen arteko lotura eta hortik tiraka sortu da lan bikain hau. Gurean Anari Horzdun taldearekin elkartu eta disko bat argitaratuko balute bezala da: bitxia bezain hunkigarria.

 

12. KennyHoopla - how will i rest in peace if i’m buried by a highway?

KennyHoopla-k ederki uztartzen ditu pop itsaskorrena eta indie esperimentalena. “Mundua laua da eta hau ertza da” bezalako izenburu misteriotsuen atzean elektronika ukituak dituzte abesti bikainak aurkitzen dira, hastapenetako Bloc Party taldea gogoraraziz. EPari izena ematen dion abestiak ezinbestean mugimenduan jarriko zaitu, bere ezkortasun dantzagarriarekin. Urteko aurkikuntzetako bat dudarik gabe. 


11. Keaton henson - “Monument”

Disko hau sakona da, ederra eta mingarria aldi berean. Keaton Henson-nek intimotasuna beste maila batera eramaten du, entzulearen arima urratzeraino. Gure bizitzei ahotsa jartzen dio Henson-ek. Disko hau bere aitaren heriotzetik eraikia izan da, baina kontatzen dituen gauzak unibertsalak dira erabat, letra eta melodia bakoitza malko bat bailiran. Bere ahots hauskorrak samurtasunez onartzen dun tragedia, bizitzaren zati dela onartuz, eta honen gordintasuna edertuz. Badirudi, nahi gabe, Hensonek, grisez betetako urte amaigabe honi abesten diola, entzuten duen ororen soinu banda bihurtuz. 

 

10. Amaia Miranda - “OUTPUT 1”

Konfinamenduko garai nahasi-ezegonkorretan ezagutu nuen Amaia Miranda, eta bere musika oasi txiki bat bilakatu da. Output EPa osatzen duten hiru abestiak entzun ondoren jakingo duzu zer esan nahi dudan. Hiru piezak elkartuta 6 minutu besterik ez dira, baina nahikoak mundu ero honetatik deskonektatu eta arnas apur bat hartzeko. Sosegua eskaintzen dute gitarraez osatutako erritmo ederrek. Mirandaren musika entzuten dudan bitartean begiak itxi eta konturatzen naiz dugun konpainiarik onena gure burua dela, eta zeinen abandonatua eduki dugun gizarte honetako erritmo azkarregien martxa ez galtzeaz arduratuta. Honekin hautsi eta norberaren erritmo bilatzeko proposamena luzatzen du Mirandak bere musikaren bitartez. Ez galdu aukera.

 

9. Deftones - “Ohms”

Touché Amoré taldearekin gertatzen zaidan antzekoa gertatzen zait Deftones-ekin ere: ba al dakite disko txarrik egiten? Bazirudien 2000. urtean euren maisulan ukaezina den White Pony argitaratu ondoren, ezingo zutela maila mantendu, baina 20 urte geroago disko bikainak argitaratzen jarraitzen dute. Honen adibide da Ohms lana. Azala urratzen duten riff zorrotzak eta itolarria sortzen duten erritmo trinkoak. Melodietan Chino Moreno inoiz baino inspiratuagoa dago, berehala itsatsita geratzen direnak sortuz. Zaila da abesti bakarrarekin geratzea, bere osotasunean hasieratik bukaerara entzuteko lana baita. 


8. Hermanos Gutiérrez - “Hijos del Sol”

Stephan eta Alejandro Gutiérrez anaiek osatutako bikote instrumentala da Hermanos Gutiérrez. Bi dira, baina gitarrak astintzen dituztenean pertsona bakarrean bilakatzen dira. Oinarri latinoetan aurkitzen dute euren sentimendua, mina eta pasioa: komunikatzeko modua. Magia isil bat dariote euren abestiekin, entzuleak ez du inongo momentutan hitz bakar baten beharrik sentituko. Desertua entzun ahalko duzu lan honetan, eta ziur emozionatuko zaituela bere samurtasunak ezkutatzen duen hunkiberatasunak. 

 

7. Ólafur Arnalds - “some kind of peace”

Arnalds-en musika botiketan saldu behar litzateke, arima sendatzeko ahalmena baitu. Azken lan hau ideia batetik sortu omen zen: “ezin dugu kontrolatu gertatzen zaigun ezer. Egin dezakeguna bizitzaren aurrean erreakzionatzeko dugun modua aldatzea da”. Konfinamendua baino lehen amaitu bazuen ere lana, ezin hobeto egokitzen da pandemia garai honetara. Kaos guzti honetan “nolabaiteko bakea” helarazten du, aterpeak eskaintzen ditu Arnalds-ek bere musikaren bidez, norbere barruan galtzeko aukera ederrak.


6. La Maravillosa Orquesta del Alcohol - “Ninguna Ola”

Urteko diskorik ausartenaren aurrean gaudela esango nuke. Talde askok hitz egiten dute disko batetik besterako eboluzioaz, nahiz eta gero aldaketa ez den horrenbeste izaten. Ez da La M.O.D.A-ren kasua. Ahaztu oihuka lagunartean abestu zitezkeen bere abestiez; lehen adin guztientzako taldea ziren, jada ez. Lan honek entzunaldi bat baino gehiago eskatzen du, eta bakardadean gainera. David Ruiz-en poesiak gidatzen du musika batzuetan loop-ak erabiliz, besteetan post-hardcore-a eta baia spoken word-a ere. Estiloak hala ere, ez du garrantziarik hemen, muturreko zintzotasuna helarazten du taldeak. Jada ez dira erabili eta botatzeko talde bat, geratzeko iritsi dira, eta nola gainera! 

5. Amorante - “Bat edo Hiru”

Iban Urizar musikariak Amorante bezala Bat edo Hiru diskoa argitaratu berri du. Ezin garai hobeagorik udazken-negu kutsua duen disko hau kaleratzeko. Izaera iluna du, baina argi printza batzuk ere atzeman daitezke bere melodietan. Pausa bat eskaintzen du garai azkar eta surrealista hauetatik at atseden hartzeko.


4. Sara Zozaya - “(I)”

Batzuk The Roof proiektutik ezagutuko duzue beharbada, gehien gehienok Nerabe taldearen musika ederra ahots eztiz apaintzeagatik. 2018an ordea bere bakarkako bideari egin zion III EParekin, ingelesezko kantuak euskarazkoekin uztartuz. Aurten bere bigarren EPa ezagutu dugu. Barnerakoiak eta hunkigarriak da zinez lan hau. Bertan dauden bost abestiak oso gutxiren eskura dagoen sentsibilitate bat helarazten dute. lili kantuak, lore sorta eder bateko lorerik koloretsuena bailitzan entzuterik handiena lortu du, baina besteek ere merezi dute entzulearen arreta.


3. C. Tangana - “Bien :(“

Guztia ongi doala pentsatu nahi dugu eta irribarre egiten dugu, gure buruak konbentzitzeko besteak baino gehiago. Oroitzapenetatik bizitzen eman ditugu hilabeteak. Zer moduz galdetzean “ondo” erantzuten dugu automatikoki, baina ez gaude ondo. Gutxi gora behera hauxe da C. Tanganaren EP berriak helarazten didana. Bitxia da hain zuzen C. Tangana izatea horrelako lan bat eskaini duena, pertsonaiaren atzean dagoen Anton Álvarez apur bat erakutsiz. Madrildarrak modu anbiguo bezain zehatzean islatzen ditu tristura, bakardadea, intimitatea eta motibazio eza, XXI. mendeko pandemiak. Bien :( abestia hipnotikoa da, ausarta bere egituran. Egungo belaunaldiaren ezinegonak ederki deskribatzen dituen lan interesgarria.

 

2. Viva Belgrado - “Bellavista”

Más Triste que Shiji Ikari bezalako abestiekin aurrerapausoa eman du taldeak euren ibilbidean, soinu urbanoei bidea irekiz. Hala ere, screamo edo punk erritmoen zaleek ez dute beldurtzeko arrazoirik, garrasiak ere oraindik entzun baitaitezke diskoan, melodia eta soinu gogorren arteko sinbiosi ezin hobean. Musikari udako hit-ak baino gehiago eskatzen dietenentzako diskoa da. Letrak zuzenak dira, gordinak, amorruz beteak, edonor senti liteke islatua. Garrasiak hitzak azpimarratzeko baliabide bat besterik ez dira Cerecita Blues bezalako abestietan. Desamodioaren eta nihilismoaren melodiak dira. Baina oihu eta spoken words moduko erritmoen artean flameko ukituak ere aurki daitezke Un collar abestian, diskoko ezustekorik ederrenetakoa. Ez da abesti sorten bilduma ordea, osotasunean erabateko zentzua hartzen duen lana orekatua baizik.

1. Lido Pimienta - “Miss Colombia”

Identitate kulturalaren inguruko hausnarketa da disko hau. Kanadan bizi den eta arbaso indigenak dituen kolonbiar honek bere jatorria oso presente du, baina abertzaletasun sentimendua arrotz zaio. Sentimendu kontrajarri hauen artean sortu dira abesti hauek Kolonbiako musika tradizionala elektronia eta reggatoiarekin nahastuz. Ekoizpen zaindu honetan detaile organikoak edertasun handiz azpimarratzen dira. Horren adibide da Kolonbiako musika tradizionala lantzen duen Sexteto Tabalá kolaborazioen zerrendan aurkitzea. Letrei dagokionez itzuliguruka ibiltzen ez diren aldarriak dira, ozen oihukatuz pertsonala politikoa dela. Artistaren sustraietara bidaia sinboliko ederra da lan hau, mundua inoiz baino globalizatuago honetan.