“Zinemagileen arteko elkarrizketak” ikastaroa antolatu du Koldo Mitxelena kulturguneak

“Zinemagileen arteko elkarrizketak” ikastaroa antolatu du Koldo Mitxelena kulturguneak Iciar Bollain, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonas Trueba zinemagileek hartuko dute parte. Bost saio ireki izango dira, bai zinemazaleentzat eta baita ikasleentzat. Urtarrilaren 14an hasiko da eta apirilean izango du amaiera. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201czinemagileen-arteko-elkarrizketak201d-ikastaroa-antolatu-du-koldo-mitxelena-kulturguneak/@@download/image/251698721_2877285015822647_7879949910796735763_n-1024x703.jpg
2022/01/03

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Iciar Bollain, Lara Izagirre, Carla Simon, Rodrigo Sorogoyen eta Jonas Trueba zinemagileek hartuko dute parte. Bost saio ireki izango dira, bai zinemazaleentzat eta baita ikasleentzat. Urtarrilaren 14an hasiko da eta apirilean izango du amaiera.
“Zinemagileen arteko elkarrizketak” ikastaroa antolatu du Koldo Mitxelena kulturguneak

Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneak Zinemagileen arteko elkarrizketak ikastaroa antolatu du, zinemazaleari film baten ekoizpenean eta errealizazioan ezkutatzen dena hobeto ulertzeko gako berriak eskaintzeko asmoz. Ikastaroan zinema sorkuntzaren barne historia ezagutzeko aukera izango du elkarrizketa formatu bitartez. 

Urtarrila-apirila bitarteko hilero saio bat egingo da. Zinemagile bakoitzarekin batera, arlo batean edo bestean laguntzaile izan ohi duen pertsona bat ere egongo da. Urtarrilaren 14an abiatuko da ikastaroa Lara Izagirre zinemagilearekin eta Paula Olaz konpositorearekin. Musikaren ikuspegitik aurre egin beharreko erronkei buruz hitz egingo dute.

Otsailaren 8an, berriz, Iciar Bollain bere ohiko produktore Koldo Zuazuarekin arituko da solasean. Maixabel filma abiapuntu hartuta, bere ibilbidea aztertuko dute eta proiektuak elkarrekin nola eraikitzen dituzten azalduko dute.

Otsailaren 18an, Carla Simon zinemagile katalanaren eta Ana Pfaff muntatzailearen txanda izango da. Lankideak izateaz gain, Elias Querejeta Zine Eskolako irakasle taldeko kideak dira. Verano 1993 filmean izandako lankidetza hori oinarritzat hartuz, muntaiari eta haren ikuspegi zinematografikoari buruz hitz egingo dute.

Martxoaren 4an, Jonas Trueba zinemagileak eta Javier Lafuente ekoizleak hartuko dute parte eta Quién lo impide azken film luzean jarriko dute arreta. Bost urtez aritu dira proiektu horretan lanean, eta Zinemaldiaren 69. edizioko Sail Ofizialean estreinatu zen.

Azkenik, apirilaren 8an, Rodrigo Sorogoyen eta Isabel Peña Antidisturbios telesailaren sortzaileek zineman zein VOD plataformetan lan eginez azken hamarkadako filmografia sendoenetako bat eraikitzera eraman dituen lankidetza zabalaren nondik norakoak erakutsiko dituzte.

Saio guztiak arratsaldeko 19:00etan izango dira, Donostiako Koldo Mitxelena kulturuneko areto nagusian. Zinemagileen arteko elkarrizketa ikastaroa aurrez aurre eta online eskainiko da. Bi kasuetan, interesa duenak aldez aurretik eman beharko du izena, urtarrilaren 10a baino lehen, honako helbide honetan: programazioa@gipuzkoa.eus.