“Zero sakrifizio” legea EAEko txakurtegi guztietara zabalduko da

Arabako hiriburua aitzindaria da animalien babesean. 2013an animalien zirkuari jarri zitzaion betoak hala erakusten du eta “zero sakrifizio” deitutako araudia ere aspaldi zegoen martxan Gasteizko txakurtegietan. Orain, maskoten ongizate proposamen hau EAE guztira zabalduko da parlamentua onartu ondoren.
Horrela, laster martxan egotea espero den legearen bidez txakurtegiek ezingo dute sakrifiziorik egin bertako txakurrak denbora asko baldin badaude ere bertan. Eutanasia onartua izango da soilik gaixotasun kutsakorren bat edo senda ezin daitekeen bat baldin badute animaliek eta honek mina eta sufrimendua eragiten badiei. Hori bai, beti beharko da albaitariaren txostena aurretik.
Horrela, garai berrietara egokituko da EAEko araudia, egun asko hazi baita animaliekiko sentsibilitatea eta familia askotan kide bat gehiago izatera iritsi dira maskotak. Arau berri honek 100.000 euroko isunak ezarriko dizkie animaliekiko tratu-txar kasu larrienei eta belarri eta isatsen erauzketa estetikoa debekatuko du. Honetaz gain, legeak debekatu egingo du balkoiak edo garajeak bezalako lekuetan animalia lau orduz baino gehiago lotuta edo itxita edukitzea. Horrela, ariketa egitera kalera ateratzeko eskubidea esleitzen zaie eta kanpoan bizi badira eguraldi baldintzei aurre egiteko aterpe bat eskaini beharko zaie. Bidaiatzerakoan ere, eurentzat egokia den leku bat ezarri beharko zaie. “Aldi baterako” ibilgailua geldi baldin badago eta barruan egon behar baldin badute itzalean aparkatu beharko da eta aireztatu dadin leihoak irekita utzita. Gainera, arau orokor batek ez badu behartzen edo kanpotik ikusgarria den seinale bat ez baldin badago hotel, ostatu, komertzio eta garraio publikora sarrera edukiko lukete.
Araudi berriak ez die aipamenik egiten ehizari eta zezenketei
Tramite bidean den araudi berriak maskoten egoera erregulatuko du animalia hauen gehiegizko populazioarekin eta abandonatzeekin amaitzeko. Haatik, araudi berriak ehiza, arrantza eta zezenketa ikuskizunen inguruan ez du aipamenik egiten, nahiz eta usakumeen txapelketak eta animaliekin burututako zirkuak debekatzen dituen.