“Poesia Kaia” egitasmoaren hirugarren edizioa abiatu da Lezon
Atzo eman zion hasiera egitasmoak Poesia Kaia hasierako ekitaldiarekin. Bertan Adolfo Muinosek Aurelio Aguirre Galarraga galiziar poetaren inguruko hitzaldia eman zuen.
Gaur, azaroak 22, 19:00etan, Gezala Auditoriumean, euskal poeten eta poeta galiziarren errezitaldia izango da. Antton Kazabon idazle oiartzuarra (euskaraz), eta Xosé Estevez historialaria (galegoz) arituko dira poemak errezitatzen. Poemak Aurelio Aguirre, Rosalia de Castro, Antton Kazabon eta Lander Zurutuzarenak izango dira, eta Suo-Gân taldeak musika jarriko du.
Ostegunean, 19:00etan, Kultura Aretoan, Aurora Luque 2022ko Poesia Sari Nazionalak eta Maite Lopez de las Heras Safo poetaren euskaratzaileak hitzaldi-errezitaldia egingo dute.
Azkenik, larunbatean, 19:00etan, Gezala Auditoriumean lau poeta bilduko dira errezitaldi batean: Luis Garde (Euskadi Saria 2016), Lizar Begoña (2020an Donostia Kultura III. Poesia Lehiaketa irabazlea), Fermin Herrero (poeta eta irakaslea, Espainiako Kritikaren Saria 2016), eta Mikel Arruabarrena (gipuzkoar poeta eta fisikaria). Jon Makuso musikariak bibolina joko du.
