Tartean Teatroak “Kortxoaren dilema” thriller politikoa estreinatuko du udazkenean

Tartean Teatroak “Kortxoaren dilema” thriller politikoa estreinatuko du udazkenean Minbizia duen irakaslea izango da protagonista, hil ala biziko erabakia hartu beharko duena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201ckortxoaren-dilema201d-thriller-politikoa-estreinatuko-du-tartean-teatroak/@@download/image/kortxo-768x1106.jpeg
2023/07/13
Minbizia duen irakaslea izango da protagonista, hil ala biziko erabakia hartu beharko duena.
Tartean Teatroak “Kortxoaren dilema” thriller politikoa estreinatuko du udazkenean

Tartean Teatroaren lan berria, Kortxoaren dilema, ikusteko aukera izango da udazkenetik aurrera. Patxo Telleria eta Mikel Martinez izango dira antzezleak eta Mireia Gabilondo zuzendaria. Konpainiak jakinarazi duenez, “endreduzko thriller politikoa da, bi aktorerentzat, espazio eta denbora unitate bakarrean”.

Bi aktoreak irakasle eta ikasle baten azalean sartuko dira. 70 urteko irakaslea Etika eta Filosofia Politikoan katedradun jubilatua da, ezkertiarra, polemikoa eta itzal handikoa, "Noam Chomsky iberiarra".  Pronostiko gaiztoko minbizia dauka, baina sendatzeko aukera sortu da ezustean. Aberats ospetsu batek osasun sistema publikoari dohaintzan eman dion radioterapia ekipamendu batean tratamendua har dezake.

Iritzi publikoak goraipatu egin du donazio hori. Bakan batzuk, ordea, gaitzetsi egin dute. Haien ustez buru zuritze bat da, trilero baten trukoa, legez ordaindu beharko lituzkeen zergak ez ordaintzeko, eta bere enpresetan agertu diren trapu zikinak estaltzeko. Aberatsaren amarru horren salatzaileetako bat, nabarmenetakoa, irakaslea izan da. Orain erabaki latza hartu behar du: bere printzipioekiko leiala izan eta bizitza salbatzeari uko egin ala prakak jaitsi eta filantropoari ipurdian pot egin.

Gaur hartu du erabakia eta publikoki iragartzera doan unean, ezezagun bat, bere ikaslea (60 urte) izandako bat, agertuko zaio ezustean, aspaldiko kontuak garbitzera.

Bilboko Arriaga Antzokian estreinatuko dute azaroaren 15ean eta 16an, eta beste hainbat herritan ere izango dira, tartean Igorren, Eibarren, Errenterian, Santurtzin, Andoainen, Bergaran, Getxon eta Gasteizen. Emanaldien datak hemen ikus daitezke.