“Januhairy”: bada garaia aldarrikatzeko emakumeek ez dutela zertan depilatu ez badute nahi

“Januhairy”: bada garaia aldarrikatzeko emakumeek ez dutela zertan depilatu ez badute nahi Depilazio femeninoak sekulako eztabaidak sortzen ditu emakume bat depilatu gabe azaltzen den bakoitzean. Noiz arte? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/201cjanuhairy201d-bada-garaia-aldarrikatzeko-emakumeek-ez-dutela-zertan-depilatu-ez-badute-nahi/@@download/image/VcD5rmDhmpCdvXEmsVuKE7.jpg
2020/01/16

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Depilazio femeninoak sekulako eztabaidak sortzen ditu emakume bat depilatu gabe azaltzen den bakoitzean. Noiz arte?
“Januhairy”: bada garaia aldarrikatzeko emakumeek ez dutela zertan depilatu ez badute nahi

Mendeetan zehar emakumezkook azken ileraino depilatu beharraren presio soziala sentitu dugu, bada garai kate horietatik (ere) askatzeko. Hala uste du behintzat “Januhairy” mugimenduak, garaia dela emakumeok gure ileak onartzeko eta baita gizarteak onartu ditzan ere. "Januhairy" hitza ingeleseko "January" (urtarrila) eta "hairy" (iletsua) hitzen baturatik dator.

Horrela “Januhairy” proiektuak urteko lehen hilabetean ez depilatzera animatzen ditu emakumeak, euren gorputzaren pentsamendu eta ideia positiboak zabalduz. Zehazki, “Januhairy” ekimena Britainia Handiko gobernuaren Body Gossip erakundeak proposatu zuen “body positive” mugimendua bultzatzen duen hezkuntza programari ikusgarritasuna eman eta positiboki kontzientziatzeko ume britainiarrak.

Bere mezua zabaltzeko, erakunde honek Instagram kontu bat ireki zuen, bertan emakumeek naturaltasunez erakutsi zitzaten euren gorputzeko ileak, eta bide batez munduak jakin zezan emakumezkoek ere gorputzean ileak ditugula.

Izan ere, harrigarria dirudi 2020. urte hasi berri dugun honetan, oraindik ere emakumezkook gure ileak erakusteko beldur izatea edo itsusi sentitzea ile horiek. Zenbat urte gehiago igaro behar dute hau normalizatzeko?

Ez depilatzea hautatzen duten emakumeak oraindik albiste bilakatzen dira. Amaia Romero abeslari Iruñarra alfonbra gorri batean azaldu zen bere hanketako ile eta guzti eta albistea berehala zabaldu zen zoritxarrez, mota guztietako iritziekin batera.

Argi dago oraindik lan ugari dagoela atzetik emakumearen gorputza bere horretan onartu eta errespetatzeko eta emakumearen gorputz idealizatu eta distortsionatu horrekin apurtzeko. Horregatik dira hain garrantzitsuak “Januhairy” bezalako ekimenak. Emakumeon benetako gorputzari ikusgarritasuna emateaz gain, belaunaldi berriei euren gorputak modu osasuntsu eta naturalago batean onartzen laguntzen die.