‘World Press Photok 20 urte Gasteizen’ amateur argazki-lehiaketa martxan da

Udazkenean 20 urte beteko dira World Press Photo fotokazetaritzaren nazioarteko erakusketa lehen aldiz Gasteizera iritsi zenetik. Urteurrenaren aitzakian, argazki narratibo eta dokumentalekin lotutako hainbat ekitaldi antolatu dituzte, tartean argazkigintza zaletuentzako lehiaketa amateurra.
Argazkilari profesionalek ezingo dute parte hartu eta gaitegia librea izango da. Argazki-kazetaritzari lotutako ekimena izanik, dokumentu-irudiek balorazio handiagoa izango dute.
Parte-hartzaileek gutxienez sei argazkirekin erakutsi beharko dituzte beren lanak Gasteizko establezimenduetan, izan tabernetan, jatetxeetan, dendetan edo bestelakoetan. Egileak berak egingo du tokiaren aukeraketa.
Lehen saria 1.500 eurokoa izango da, bigarrena 1.200 eurokoa, hirugarrena 800 eurokoa, laugarrena 600 eurokoa eta bosgarrena 500 eurokoa. Lehen saria jasotzen duen gasteiztarrak, berriz, 500 euro jasoko ditu. Lan irabazleak abenduaren 1ean emango dira ezagutzera.
Izena emateko epea urriaren 18ra arte izango da zabalik.