‘SITIO DISTINTO: Gure sustraiak josten’

‘SITIO DISTINTO: Gure sustraiak josten’ Galiziatik lan bila etorritako familiekin bete zen Euskal Herriko kostaldea 50-60ko hamarkadetan, eta pixkanaka, euskalduntzen joan dira belaunaldi berriak, erabat integratu arte. Davide Cabaleirok ez du arbasorik Euskal Herrian; familia erdia Galizian eta beste erdia Kuban du, baina Irlandan zegoela, euskaldundutako galego bat ezagutu zuen eta jakingura piztu zion. Euskal Herrian finkatuta, erabat euskaldundu da Cabaleiro, eta galiziarren istorioak biltzen dabil ‘Sitio distinto: gure sustraiak josten’ dokumentalean. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018sitio-distinto-gure-sustraiak-josten2019/@@download/image/LANEAN_SITIO_DISTINTO_KARTELA.jpg
2017/07/19
erreportajea

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Galiziatik lan bila etorritako familiekin bete zen Euskal Herriko kostaldea 50-60ko hamarkadetan, eta pixkanaka, euskalduntzen joan dira belaunaldi berriak, erabat integratu arte. Davide Cabaleirok ez du arbasorik Euskal Herrian; familia erdia Galizian eta beste erdia Kuban du, baina Irlandan zegoela, euskaldundutako galego bat ezagutu zuen eta jakingura piztu zion. Euskal Herrian finkatuta, erabat euskaldundu da Cabaleiro, eta galiziarren istorioak biltzen dabil ‘Sitio distinto: gure sustraiak josten’ dokumentalean.
‘SITIO DISTINTO: Gure sustraiak josten’

Bitxia da Davide Cabaleirok (A Coruña, 1982) Euskal Herriarekin duen harremana. Milaka galiziar etorri ziren 50-60ko hamarkadetan lan bila, eta haien testigantzak biltzen dabil Sitio distinto: gure sustraiak josten dokumentalean. Erdi galego, erdi kubatarra bada ere, ez du sustrairik Euskal Herrian. Halere, primeran mintzatzen da euskaraz, eta bi herrialdeen arteko harremana josteko helburuz grabatu du filma. Grabaketa lanekin amaitzen ari direla harrapatu ditugu eta zorte apur batekin, Donostiako Zinemaldian aurkeztuko dute lana.


Azken asteetan oso lanpetuta ibili da Cabaleiro; grabaketa amaituta, muntaiarekin dabil, dokumentalari azken pintzeladak eman nahian. Bost urteko proiektua amaierako fasean sartuta, urduritasun handiz dabil Zinemaldiaren baiezkoaren zain, lana bertan estreinatzeko asmoa baitu: “Azkenaldian egunean 10 orduz nabil lanean, azken ukituak ematen. Hilabete bukaerarako dena amaituta egon behar du, eta Zinemaldiak onespena ematen badigu, bertan izango da ikusgai. Estresa nabarmena den arren, oso pozik nago bost urtetako proiektua azken txanpan sartu delako”.

Galegoa eta euskara
Grabaketak urtebete iraun du eta Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu dituzte hona etorritako galegoen istorioak bilduz. Euskaraz eta galegoz errodatutako filma da, elkarrizketatu bakoitzak bere duen hizkuntzan hitz egin baitu; istorio guztiak batzen dituen haria berriz, esperientzien bidez lotutako bi herriak dira, Galizia eta Euskal Herria. “Elkarrizketa pila egin ditugu, eta azkenean aukeraketa bat egin dugu bildutako material guztiarekin, kontaketa sakon eta adierazgarrienak aukeratuz. Oarsoaldea, Trintxerpe, Orereta, Pasaia, Bizkaiko ezkerraldeko herriak, Donostia, Bilbo... asko dira galego komunitateak izan dituzten guneak, eta guztietan istorio bitxiak entzun ditugu”.


Istorio intimo eta gertukoak bilatu ditu Cabaleirok, eta bildutako kontaeren artean Ondarroako anekdota bat kontatu digu dokumentalaren zuzendariak: “Ondarroako galegoen istorioak biltzen ari ginela, deskubritu genuen herriko bizilagun baten eta atzerritar baten arteko lehen ezkontza galiziar baten eta Ondarroako ezker abertzaleko baten artekoa izan zela, duela 60 urte. Herriarentzat sekulako ikuskizuna izan zen!”. Dena den, dokumentalak galegoen inguruko topiko asko hausteko balioko duela uste du Cabaleirok. “Euskal Herrira duela zazpi urte iritsi nintzen, eta nire kasuan integratzeko arazorik izan ez nuen arren, galegoen inguruko topiko zabalduenetako bat hori da, integratzeko borondate gutxi izan dutela eta ghetto antzekoetan bizi zirela. Egia da hiri askotan galegoz osatutako auzoak daudela, baina langileentzat egindako etxeetan bizi zirenez, azkenean denak elkarrengandik gertu egoten ziren. Dena den, dokumentalean argi ikusi daiteke belaunaldi berriak erabat integratu direla, eta galego bezain euskaldun direla”.


Hain zuzen, galego batek irakatsi zion lehen aldiz euskara Cabaleirori. Irlandara egindako bidaia batean ezagutu zuen, eta bertan piztu zitzaion Euskal Herriarekiko interesa zuzendariari: “Galiziako telebistan lan egin ondoren Irlandara joan nintzen urtebetez, ingelesa ikastera, eta bertan Isaac Xubin galiziarra ezagutu nuen. Cork-eko Unibertsitatean euskara eskolak ematen zituen eta berak bultzatu ninduen izena ematera. Euskal Herrira etorri nintzen ondoren bizitzera; bi urte Gipuzkoan eta, ondoren, beste bost eman ditut Bilbon”.


Dokumentalarekin herritarrak eta belaunaldiak elkar lotzea espero du Cabaleirok. Zinemaldiko estreinaldiaren aurretik aurre-estreinaldi bat egingo dute Bilboko Kafe Antzokian, eta bertan bilduko dira dokumentaleko hainbat partaide, hala nola, Zenbat Gara elkartea, eta baita testigantza eman duten bizilagunak ere. Ondoren, Galiziako telebistan emititzeko asmoa dute. Euskal Herrian berriz, EiTBk eskainiko du estreinaldiaren ondoren.

Fitxa teknikoa:

Film mota: Dokumentala
Zuzendaria: Davide Cabaleiro
Hizkuntza: Euskara eta galegoa
Estreinaldia: Donostiako Zinemaldia (konfirmazioaren zain)