‘Nafarroako ostalaritzaren historia, emakumeek kontatua’ erakusketa jarri dute Iruñean
20 estudio-irudi eta 40 etxe-argazki bildu dituzte Kondestablen paratutako Nafarroako ostalaritzaren historia, emakumeek kontatua erakusketan. Lanean ari diren 22 eta 75 urte bitarteko 25 emakume ostalariren eguneroko bizitza islatzen dute irudiek, eta askotariko negozioak dituzte, hala nola mendiko benta edo gaueko aisialdi-taberna.
"Emakumeak ere ostalaritzaren historiaren parte" direla azpimarratzen dute irudiek, hala nola establezimenduak kudeatzen, garbiketa-lanetan, negozioen jabetzan eta suen maneiuan, "askotan gizonezkoen irudiek ikusezin bihurtu dituzten lanetan": "Gerenteak, sommelierrak, zerbitzariak, sukaldariak edo jabeak ziren edo diren arren, <<Nagusia ba al dago?>> galderari aurre egiten jarraitzen dute". Horregatik, haien gogoetak jasotzeko, argazkiekin batera haien testigantzak, gainditze-istorioak eta ostalaritzan emandako bizitzak agertzen dira, sektore horretan aritzen diren emakume guztiei omenaldia egin nahian.

Honako emakumeak dira protagonista erakusketan: Belaguako mendatean dagoen Juan Pito bentako Ana Maria Gabas Martinez, 55 urte, Nerea Urzainki Gabas, 28 urte, eta Idoia Urzainki Gabas, 22 urte; Iruñeko Bodegon Sarriako Arantxa Galarza Lecea, 49 urte; Iruñeko ANAPEH-ko idazkari nagusia den Beatriz Huarte Cruz, 50 urte; Leitzako Beatriz Enea jatetxeko Beatriz Zabaleta Cestau, 75 urte; Antsoaingo Feel the Music garagardotegiko Belen Martinez Ruperez, 62 urte; Elbeteko Posadako Belen Urrutia Hualde, 51 urte; Arguedasko Camino de Las Bardenas Landa Hoteleko eta Dezerto Bardenas ostatuko Consuelo Urmeneta Resa, 54 urte; Iruñeko Baluarteko Terrazan dagoen Catering Cock-eko Diana Diez Perea, 35 urte; Iruñeko Nicolette tabernako Eva Gomez Ullate del Pozo, 57 urte; Urzainkiko Aiñari Lojan-eko Iratxe Garro Nekotxea, 47 urte, eta Gema Garro Nekotxea, 41 urte; Iruñeko El Temple ostatuko Maite Fernandez Santacruz, 60 urte, eta Clara Fernandez Santacruz, 68 urte; Beintzako Orbela aterpetxeko Idoia Etxeberria Irigoien, 48 urte; Izabako Katalin Garde landetxeko Maria Angeles Ezquer Aznarez, 57 urte; ANAPEHko lehendakari eta Larragako El Castillo hoteleko Maria Angeles Rodriguez Reta, 61 urte; Lekunberriko Ayestaran hoteleko Maria Jesus Ayestaran Oquiñena, 52 urte; Etxalekuko Herriko Ostatuko Maritxu Erbiti Beloki, 55 urte; Iturengo Tresanea Turismo Apartamentuetako Mirentxu Goienetxe Irigoien, 50 urte; Iruñeko Rosa Galán Calero, 49 urte; Iruñeko Northern Spain Travel-eko Stephanie Mutsaerts Hermans, 53 urte; eta Donamariako Bentako Lorea Luzuriaga Badiola, 48 urte, eta Haizea Luzuriaga Badiola, 43 urte.
Nafarroako Ostalaritza Enpresa Txikien Elkarteak (ANAPEH) antolatu du erakusketa eta apirilaren 19ra bitarte bisita daiteke Kondestableko Jauregiko patioan; astelehenetik larunbatera, 08:00etatik 22:00etara, eta igandeetan, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara. Ondoren, erakusketa ibiltari bihurtuko da.


