‘Hamaika irakurtzeko jaioak’ ipuin-bilduma argitaratu dute

‘Hamaika irakurtzeko jaioak’ ipuin-bilduma argitaratu dute Hamabi idazlek sormen egonaldiak egin dituzte, eta hamaika ipuin idatzi dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018hamaika-irakurtzeko-jaioak2019-ipuin-bilduma-argitaratu-dute/@@download/image/11 irakurtzeko jaioak argazkia.jpeg
2026/02/20

Testua: Maitane Legarreta

Hamabi idazlek sormen egonaldiak egin dituzte, eta hamaika ipuin idatzi dituzte.
‘Hamaika irakurtzeko jaioak’ ipuin-bilduma argitaratu dute

Geuretik Sortuak egitasmoak sormen egonaldiak antolatzen ditu Euskal Herrian, eta iaz ere hamabi idazlek izan zuten horretarako aukera. Euren bizilekua ez den herri batera joan, bertako errealitatea ezagutu eta fikziozko ipuin bana sortu dute idazleek. Hortik sortu dira Hamaika irakurtzeko jaioak liburuko hamaika ipuinak.

Honako hauek izan dira idazleak eta tokiak: Atxondon egon da Miren Artetxe Sarasola; Gorlizen, Maitane Perez; Amasa-Villabonan, Maitane Nerekan Umaran; Nafarroako Goi Erriberan, Zigor Garro; Baigorrin, Naia Arantzamendi; Aulesti, Amoroto eta Munitibar herri multzoan Oier Guillan; Ikaztegietan, Peru Calabaza Saban; Oiartzunen, Saioa Iribarren eta Ander Basaldua; Etxalar, Arantza, Bera eta Lesakan, Goiz Eder Iturain; Asparrena eta Ziordian, Ixabel Agirresarobe, eta Ortzaizen, Garazi Albizua.

Saioa Iribarren eta Ander Basalduak elkarrekin idatzi dute, Oiartzungo memoria historikoaren hariari tiraka. Peru Calabazak Bizkaitik Ikaztegietara bidaiatzen duen komunitate berezi baten inguruko esamesetan oinarrituta idatzi du Atizabalik izeneko kontakizuna. Maitane Nerekanek, berriz, maitasunari buruzko gogoeta filosofikoa idatzi du.

Maitane Perezek militantzia-iragana izan duen emakume baten itzulera kontatzen duen narrazioa ondu du. Goiz Eder Iturainek ere Bortzirietako arkitekturan oinarritutako ipuin bat egin du.

Liburu aurkezpenak
Hainbat tokitan aurkeztuko dituzte liburuko ipuinak. Otsailaren 26an, Maitane Nerekanek eta Maitane Perezek Villabonan aurkeztuko dituzte euren bi ipuinak. Hurrengo egunean, hilaren 27an, Goiz Eder Iturainek Arantzan izango da. Gainerako hitzorduak agendan kontsulta daitezke.