‘Devs’: 2020ko sorpresarik handiena

‘Devs’: 2020ko sorpresarik handiena Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu didan telesaila hitzen bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironiaz gainezka dagoen gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria, zalantzarik gabe, 2020ak orain arte utzi digun sorpresarik handiena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018devs2019-2020ko-sorpresarik-handiena/@@download/image/pantaila txikian devs_04.jpg
2020/05/26

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Zeinen zaila den hainbeste zirrara eta sentsazio transmititu didan telesaila hitzen bidez transmititzea. Buru-hausgarri existentzial zoragarria iruditu zait, Alex Garland ironiaz gainezka dagoen gidoilari burutsua dela frogatu duen lan zirraragarria. Zientzia fikzioz mozorrotua dagoen lan zorrotza eta txundigarria, zalantzarik gabe, 2020ak orain arte utzi digun sorpresarik handiena.
‘Devs’: 2020ko sorpresarik handiena

Zeri buruzkoa da?
Lily eta Sergei bikotea dira, San Frantzisko hiriko kanpoaldean kokatua dagoen enpresa teknologikoan egiten duten lan, Amaya izenekoa. Enpresa misteriotsu horren barruan, Devs –amaieran DeUs ahoskatzen dela deskubrituko duzu– izeneko azpi-proiektu bat garatzen ari den talde bat dago, eta Sergei bertan erreklutatzen dute, proiektu sekretu horretan lan egiteko. Egun batean bera ez da etxera itzuliko, eta Lilyk, enpresak bere desagerpenaren inguruan ematen dion bertsio ofizialaren atzean beste zerbait ilunagoa dagoela uste du. Amayako fatxadaren atzean zer ezkutatzen den eta bere proiektu klandestinoen benetako helburua zein den ikertzen hasiko da, ondorio beldurgarri eta latzekin topo egiten duen arte.

Zergatik Ikusi?
Desafiatzailea, intimoa, dotorea eta bisualki hipnotikoa delako. Urteko zientzia-fikziozko piezarik dotore eta pertsonalenetako bat izateaz gain, premisaz harago, telesaila abangoardiako teknologia ingurune batean girotutako konspirazio thriller bezala planteatua dagoelako. Hainbat kontzeptuetan sakontzen du gainera, hala nola,  determinismoa, hautapen askea, ingeniaritza kuantikoa, zerk egiten gaituen gizaki eta adimen artifizialaren mugak besteak beste. Zur eta lur utzi nau, emozionalki nokeatuta. Pisuzko beste argudioa, Alex Garland sortzailea da. Beharbada, egungo zientzia-fikzioaren eremuan talenturik sailkaezin eta desberdinena. Ezaugarri oso zehatzak errepikatzen ditu bere obretan: transhumanismoarekiko duen obsesioa eta geure burua ezagutzeko aplikatutako teknologiarekiko duen miresmena. Galdera ugariz eta oso erantzun gutxiz betetako thriller teknologikoa. Garland trebea da indar handiko istorio intimistak jorratzen eta girotze ahaztezinarekin nahasten, hemen ere maisuki lortu du.

Gustuko baduzu, ez galdu:
Zientzia fikzioa gustuko baduzu eta enpresa teknologikoen atzealdean zer gertatzen den ikusi nahi baduzu, izenburu hauek gomendatzen dizkizut:
Ex Machina (2015, Alex Garland).
Silicon Valley  (2014-2019, Mike Judge).

Zuzendaria: Alex Garland
Urtea: 2020
Herrialdea: AEB
Generoa: Zientzia fikzioa / Thrillerra
Iraupena: 8 atal
Non ikusi? HBO