‘Dark’ telesailaren itzulerarekin ez galtzeko oinarrizko irizpideak!

‘Dark’ telesailaren itzulerarekin ez galtzeko oinarrizko irizpideak! Onartu ezazu: zeu ere 'Dark' telesailaren atal guztiak berrikusteko beharra sentitzen duzu, azken denboraldia hasi baino lehen ideia zoro horiek guztiak ordenatzeko. Lasai, ez zaude bakarrik. Ez da gehiegizkoa esatea 'Dark' inoiz ikusi dudan telesailik konplexuenetako bat dela. Horregatik, itzulerarekin ez galtzeko oinarrizko irizpide batzuk aipatuko dizkizut. Ekainaren 27an hirugarren eta azken denboraldia iritsiko baita Netflix plataformara. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/2018dark2019-telesailaren-itzulerarekin-ez-galtzeko-oinarrizko-irizpideak/@@download/image/donde-se-rodo-dark.jpg
2020/06/19

Testua: Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre

Onartu ezazu: zeu ere 'Dark' telesailaren atal guztiak berrikusteko beharra sentitzen duzu, azken denboraldia hasi baino lehen ideia zoro horiek guztiak ordenatzeko. Lasai, ez zaude bakarrik. Ez da gehiegizkoa esatea 'Dark' inoiz ikusi dudan telesailik konplexuenetako bat dela. Horregatik, itzulerarekin ez galtzeko oinarrizko irizpide batzuk aipatuko dizkizut. Ekainaren 27an hirugarren eta azken denboraldia iritsiko baita Netflix plataformara.
‘Dark’ telesailaren itzulerarekin ez galtzeko oinarrizko irizpideak!

Alemaniako herrixka batean gertatzen da trama nagusia, ikuspuntu eta atmosfera iluna helduleku gisa erabiliz eta denbora tarte desberdinak uztartuz (1952-1986-2019-2052..?), bi umeren desagerpen -hasiera batean behintzat- misteriotsua azaltzen duen istorio bikaina eta harrigarria.

Ohar garrantzitsua telesaila hastear bazaude: kalkulagailua, boligrafoa eta koadernoa gertu izan, une askotan nahasmenean erortzeko arriskua izango baituzu. 

Misterio korapilatsu baina ustez nahiko arrunt bat bezala hasten dena, berehala nabarmentzen da dirudiena baino askoz anbizio eta konplexutasun maila altuagoa duelako. Winden izeneko herrixkan girotua, garai eta denbora ezberdinen artean mugitzea ahalbidetzen duen basoetako tunel batekin pizten da tramaren metxa nagusia. Telesaila, 2019 urtean, Mikkel izeneko nerabe baten desagerpenarekin hasten da.


Une horretatik aurrera, Dark-ek hiru denbora-lerro lotzen ditu; hasieran bereizten nahiko zailak direnak eta nahasmena eragin dezaketenak, batez ere familia bereko kideen bertsio gazte eta helduen agerpenekin. Iristear dagoen hirugarren denboraldi horri begira, telesailak darabiltzan denbora-lerroak errepasatuko ditut, baita horien artean nola mugitu daitekeen ere.

Oinarrizko hiru zutabe:

  • Telesailean, pertsonaiak adin eta garai desberdinetan ikusten ditugu. Hori da argi eduki behar den lehen gauza armiarma sarean itsatsita ez geratzeko, gainera, atariari eta denboran egindako bidaiei esker, baliteke pertsonaia bat bikoiztuta agertzea garai berean.
  • Telesaila bost denbora-tarte desberdinetan gertatzen da (orain arte ikusi dugunaren arabera behintzat): 1921, 1953, 1986, 2019 eta 2052.
  • Lau familia nagusi daude: Tiedemann, Doppler, Kahnwald eta Nielsen.

Nor da nor?

Telesailaren jarraitzaile batzuek zuhaitz genealogikoak osatu dituzte hainbeste seme, aita, ama, maitale, lagun eta etsaien artean ez galtzeko, eta bi haurren heriotzak hurrengo puntura garamatza, Dark-ek bere pertsonaiak denboran zehar bidaiatzeko erabiltzen duen metodoa dena.

Hemen irudia handiagoa ikusteko

 

Denbora-lerroekin gora eta behera

Telesailak hainbat garaitan erakusten ditu Winden herrixkan gertatzen diren misterio horiek, baina guztietan, beti egun berak ikusten dira: lehen denboraldiak, 1953, 1986, 2019 eta 2052. urteko ekainaren, 21a eta azaroak 4-12 bitarte barne hartzen ditu. Bigarrenak aldiz, 1921, 1954, 1987 eta 2053 urteak, eta ekainaren 20-27 bitarteko astea (justu lehen zatiaren ekintzak gertatu eta urte bete beranduago)
Urte horietako askotan, zentral nuklearrarekin lotuta duen gertakariren bat dago: 1953a lehen planoak egin ziren urtea da, 1986an leherketa bat gertatu zen, eta, ondorioz, material erradioaktiboa isuri zen basoan eta 2020an, zentrala itxi egiten da.  Hala ere, aurrerago zerbait gertatzen denaren susmoa dago, 2052ko irudiak ikusten ditugunean, itxura distopikoa duen Winden bat ikusten baitugu, bizirik atera diren hainbat pertsona elkarren artean borrokan dituena.


Urte horiek guztiek aldi baterako bukle itxi bat osatzen dute, 20ko hamarkadan hasi eta 2050eko hamarkadara arte iristen dena (orain arte dakiguna behintzat), eta ezkontza, liskar, lagun, interes eta dena delakoen bidez elkarren artean harremana izan duten herriko hainbat familia biltzen dituzte. Istorioan barneratzen garen familia Kahnwaldtarrak dira. Jonasen aitona Daniel da, 1953an Winden hiriko poliziaburua izandakoa. Eta guztia 1921eko pertsonaia batzuen argazkiarekin hasten da.

Garai desberdinen artean mugitzeko metodo nagusia, basoan dagoen haitzulo natural bat da. 1986an, zentral nuklearraren istripu garaian, haitzulora iragazitako material erradioaktiboek, garai ezberdinak lotzen dituen har zulo moduko bat bihurtu zuen. Kobazulo nagusitik abiatzen diren tunelak, plantaren azpitik doazenak, garai desberdinetarako beste atari batzuk dira. Bertatik sartzen direnek 33 urte egiten dute jauzi iraganera (edo etorkizunera), gainera izarren lerrokatze bat ere badago, 33 urtean behin kobazuloa aktibatzen duena.

Hori da Jonasek denboran zehar bidaiatzeko erabiltzen duen metodoa, baina bere bertsio helduak (2052tik datorren ezezagun hori) H.G. Tannhaus erlojugileak egin zion aldi baterako kutxa bat ere erabiltzen du, 1953an bere bila joan zena.
Eta, ondoren, Noah dago, sekta bateko apaiza 1986an, “Arka” deituriko tortura-ganbera moduko bat eraikitzen duena, non haurrekin esperimentatzen duen, haiek denboran zehar bidaiatzeko erraztasun handiagoa duten egiaztatzeko. Bere esperimentuak, ordea, ez dira ondo ateratzen eta, ondorioz, haur horien gorpuak garai ezberdinetan agertzen dira, beti kobazulotik gertu. Orain arte 2053. urtetik ikusi ahal izan denaren arabera, denboraren beste makina bat dago, zenbait pertsonaiek iraganera itzultzeko erabiltzen dutena.

'Dark' 60 segundotan

Netflixek 60 segundoko laburpen bideo bat atera berri du, ekainaren 27an estreinatuko den hirugarren denboraldiari begira. Bideo hau hain da laburra, agian ez zaizula oso baliagarria izangobaina tira, bitxia iruditu zait. Hemen bideoa.