20.000 km Ameriketan barrena

20.000 km Ameriketan barrena https://www.gaztezulo.eus/albisteak/20000-km-ameriketan-barrena/@@download/image/8p30-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Ander Usabiaga
Oreretako Eneko eta Andres Fraile aita-semeek bidaia ederra egin dute; sei hilabetetan Buenos Airesetik Mexiko D.F-ra joan dira. Guztira, 20.000 bat kilometro egin eta hamahiru herrialde zeharkatu dituzte.

Argentina, Paraguai, Bolivia, Brasil, Peru, Kolonbia, Panama, Nika-ragua, Mexiko... Ez dago batere gaizki, ezta? Eneko eta Andres Fraile oreretarrak martxoaren 27an itzuli ziren Euskal Herrira eta oso esperientzia ederra izan dute.
Eneko Brasilen egondakoa zen eta Ameriketara itzultzeko gogoa zuen. Aitari proposatu eta bi alditan pentsatu gabe, trasteak hartu eta hara joan ziren biak iazko urrian. Helburua Buenos Airesetik Mexikoko hiriburura joatea zen, baina bertakoek erabiltzen dituzten garraioak erabilita: trenak, autobusak, txalupak, itsasontziak, hidrohegazkinak... Horrez gain, lo egiteko, ostaturik merkeenetara jo zuten. "Ostatu merke ugari daude Hegoamerikan eta neska-mutil bikote asko honelakoetara joaten dira sexu harremanak izatera", esan digu Andresek. Beraz, ez dira ohiko turisten moduan ibili.
Paraguain guaraniz
Bidaia Argentinako hiriburuan hasi zuten, "kultura aldetik, hiri europear samarra da, eta nolabait egokitzearren erabaki genuen handik abiatzea", dio Enekok. Buenos Airesetik Paraguaira. Herrialde honetan bertako indiarren hizkuntzaren indarrak harritu zituen gehien: "jende gehienak guaraniz egiten du, bai indiarrek, baita ladinoek ere. Ladinoek indiarren hizkuntza bere egin duten toki bakarra da Hegoamerikan", azaldu digu Enekok. Ladinoak indiarren eta zurien arteko nahasketa dira.
Pasaporteekin arazoak
Ondoren, Brasilera joan ziren gure lagunak. Brasilen, besteak beste, Rio de Janeiron, Sao Paulon eta Amazonian izan ziren. Bertako senitarteko batzuk agurtzeko aukera ere izan zuten. Dena den, Brasilen larrialdi txiki bati aurre egin behar izan zioten. "Paraguaitik Brasilera, Iguazuko muga zeharkatzerakoan, ez ziguten pasaporteetan zigilurik jarri, ganoragabekeriagatik. Aste batzuk han igaro ondoren, Boliviarako bidean gindoazela, ordea, poliziaren kontrol batekin topo egin genuen. Poliziek autobusa gelditu eta ustez droga kontuekin zebilen morroi bat atxilotu zuten. Guri ere pasaporteak eskatu zizkiguten eta zigilurik ez genuela ohartu ziren. Komisaldegira eraman gintuzten eta 15.000 pezeta inguruko isuna jarri ziguten, baita Brasiletik alde egiteko hiru eguneko epea eman ere", dio Andresek.
Heriotzaren eta maitasunaren trena
Brasiletik Boliviara joateko bidaiaz ere badute zer kontaturik. Izan ere, aita-semeek oso tren bitxia hartu zuten. Brasildarrek "Heriotzaren Trena" esaten diote eta boliviarrek, aldiz, "Maitasunaren Trena". "Trena oso zaharra da, oso poliki joaten da eta lepo egoten da beti. Bagoi guztiak trastez eta kaxez gainezka daude eta kontrabando handia dago. Edozein bidariarik nahi izanez gero, trena geldierazteko palanka sakatu eta gelditu egiten da. Horrexegatik diote brasildarrek Heriotzaren Trena dela. Aitzitik, trena askotan gauez ibiltzen da, eta ilunpetan. Jendea bata bestearen gainean dago eta musika jartzen dute. Nesketan edo mutiletan egiteko aukera ona omen da eta hori dela eta, boliviarrek Maitasunaren Trena esaten diote", dio Enekok.  
Oraingo honetan, poliziarekin ez, militarrekin izan ziren arazoak. "Militar talde batek trena gelditu eta jendearen trasteak ateratzen hasi zen; lapurretan ari ziren", azaldu digu Andresek.   Bidaiarion esanetan, Boliviako hiriburua harrigarria eta surrealista da: "La Paz 4.000 bat metrora dago, krater handi moduko batean, inguruan ez dago inongo landarerik, eta han, mendi puntan, bi milioi lagun bizi dira".
Hegazkinez joan beharra
Perun Lima hiriburuan, Machu Picchun eta Iquitosen egon ziren, besteak beste. Iquitos Amazonian dago eta Enekok azaldu digunez, ez dago errepidez haraino joateko tajuzko biderik. Ibaitik ere oso luzea da bidaia eta hortaz, ia denak hegazkinez joaten dira. Enekoren esanetan, "Iquitos ohianaren erdian dago eta oso ederra da. Hiria kautxoaren boom-aren ondorioz zabaldu eta aberastu zen mende hasieran. Hala ere, Asiako herrialdeak kautxoa merkeago ekoizten hasi zirenean, gainbeheran etorri zen. Horregatik, mende hasieran eraikitako jauregiak oso egoera txarrean daude gaur egun. Iquitos dekadentea eta erromantikoa da".
Panamako Kuna indiarrak
Frailetarrak Kolonbian ere izan ziren. Askotan entzun izan dugu Kolonbian bortizkeriaren arazoa latza dela. "Ez da jendeak uste bezainbestekoa, baina dena den, larria da. Eta larriena ez da gerrilla, delikuentzia eta paramilitarrak baizik. Hego Amerika osoan gertatzen den bezala, ordea, aberastasuna oso gaizki banatuta dago eta hori konpondu eta hezkuntza sustatu ezean, ez dago ezer egiterik", diote.
Kolonbiatik Panaman sartu ziren. Han kuna indiar komunitateen antolaketarekin liluratuta geratu ziren. Kunatarrek, Mexikoko EZLNko zapatisten eskaeren ildotik, sekulako autonomia dute eta Andresek dioskunez,"ia-ia independenteak dira, bai kulturan, bai ekonomian, baita justizian ere, autonomia osoa dute. Oso delikuentzia gutxi dago, eta zigorren bat ezarriz gero, beraiek ezartzen dute".
Eta bukatzeko, Nikaraguan, Guatemalan eta Belizen barrena ibili ondoren, Mexiko D.F-ra iritsi ziren. Eta hara zer topatu eta Zapatour ospetsua! Mexikon Marcos komandanteordea ikusteko eta entzuteko aukera izan zuten. Ez da amaiera txarra!