'20.000 especies de abejas' filmarekin hasiko da Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia

'20.000 especies de abejas' filmarekin hasiko da Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia Apirilaren 21ean izango da emanaldia, Victoria Eugenia Antzokian. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/200-000-especies-de-abejas-filmarekin-hasiko-da-donostiako-giza-eskubideen-20-zinemaldia/@@download/image/20.000 especies de abejas 3.tif
2023/03/09
Apirilaren 21ean izango da emanaldia, Victoria Eugenia Antzokian.
'20.000 especies de abejas' filmarekin hasiko da Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia

Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldia apirilaren 21etik 28ra bitartean izango da martxan Victoria Eugenia Antzokian eta Antzoki Zaharrean, beste agertoki batzuk ere erabiliko diren arren.

Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 especies de abejas (2023) filmak inauguratuko du Zinemaldia, apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian. Zortzi urteko Coco da filmeko protagonista. Bere inguruko guztiek Aitor deitzen diote, behin eta berriz, baina ez du bere burua izen horretan ezagutzen. Oporrak aprobetxatuz, Ane amaren etxera joango da, hiru seme-alabekin batera. Bertan bizi dira Lita ama eta Lourdes izeba, erleen hazkuntzan murgildua. Beren bizitzak aldatuko dituen uda honek beren zalantzei eta beldurrei aurre egitera behartuko ditu hiru belaunaldi oso desberdinetako emakume horiek.

Honako aktore hauek lan egin dute pelikulan: Sofía Otero, Patricia Lopez Arnaiz, Ane Gabarain, Itziar Lazkano, Martxelo Rubio, Sara Cozar, Unax Hayden, Andere Garabieta eta Miguel Garces.

Berlingo Zinemaldian estreinatu zen filma eta Sofia Oterok aktore onenaren Zilarrezko Hartza irabazi zuen bertan. Apirilaren 21ean bertan estreinatuko da komertzialki.

Orotariko filmak
Hainbat gai eta istorio kontatzen dituzten filmak izango direla iragarri dute antolatzaileek: Irango fundamentalismo islamistaren aurkako erresistentzia, Ukrainako gerra, harkien historia Aljeriako Gerran armada frantsesaren bandoan borrokatu zuten soldadu aljeriarrena, XX. mendeko migrazioak, Mendebaldeko Sahararen gaurkotasuna eta Errumaniako gazteriaren egoera Ceaușescuren garaian.

Hauek izango dira emango dituzten film luzeetako batzuk: Iratxe Fresnedaren Tetuan (2022); Philippe Fauconen Les Harkis (2022); Alain Ughettoren Interdit aux chiens eta aux italiens (2022), Mantas Kvedaravičiusen Mariupolis 2 (2022); Alexandru Belcen Metronom (2022); eta Jafar Panahiren Khers nist (2022). 

Bestetik, zinema eta memoriaren inguruko ziklo laburra egingo dute Tabakaleran. Hiru film eskainiko dira: Rithy Panh-en Everything Will Be OK, Mark Cousins-en The March on Rome eta Rabah Slimani-ren Wanibik film sahararra. Proiekzioen ondoren, solasaldiak egingo dituzte filmetako ordezkariekin eta giza eskubideen arloan lan egiten duten aktibista eta erakundeekin.

Saria Carmen Castillorentzat
Zinemaldiaren Saria Carmen Castillo idazle eta zinemagile txiletarrari emango zaio, eta haren filmik ezagunena, Calle Santa Fe (2007) proiektatuko da. Okendo Kultur Etxean Castilloren inguruko erakusketa ere jarri dute.