1990eko hamarkadako kolektibo artistikoen inguruko erakusketa jarri dute Donostiako San Telmo museoan
90 berriak erakusketa 80ko hamarkadaren amaiera aldera, 90eko hamarkadan eta milurteko berriaren hasieran lan egin zuten hainbat kolektibo artistikotara egindako hurbilketa da. Antolatzaileek azaldu dutenez, "beren energiak konpromiso sozial, politiko, intelektual, feminista eta ekologistetatik abiatuta ikuspegi alternatibo, periferiko eta mugaz gaindikoekin batu zituzten kolektiboak" dira erakusketaren parte.
Hainbat ekimen eta guneren espiritua jasotzen du, hala nola El Gallinero, Zelai Azpi, Zapatari, Arteleku, La Fiambrera, Las Chamas edo Consonni. 140 sortzaile edo kolektibo inguru daude guztira.
Askotariko elementuak topa daitezke bertan: lan artistikoak, bideo-artea eta bideo dokumentala, elkarrizketen audioak, dokumentu grafikoak, edizio alternatiboak, liburuak eta aldizkariak, egile-argazkiak, erakusketa-argazkiak, proiekzioak eta altzariak.

Erakusketaren ibilbidea kronologikoa da eta bilakaeraz gain, garai bakoitzeko gertakari sozialak ere nabarmentzen ditu. San Telmo Museoan izango da ikusgai ekainaren 4ra arte.
Jarduera osagarriak
Erakusketaren harira, bestelako ekintzak ere antolatu dituzte. Apirilaren 19an, Odile Kruzeta kazetariak 90eko hamarkada, hain ederra izan al zen? hitzaldia emango du, 19:00etan. Apirilaren 28an, berriz, Nicolas Bourriaud, erakusketa komisarioa eta arte kritikari eta historialariaren solasaldia izango da, 90eko hamarkadako artearen gaiez eta ereduez. Frantsesez izango da hitzaldia, baina euskara eta gaztelaniazko itzulpena izango da. Azkenik, Peio Agirre, Asier Pérez eta Beatriz Silva artistekin mahai-ingurua egingo dute, Nekane Aranburuk moderatuta, ekainaren 2an.
Bestalde, bisita gidatuak ere egingo dituzte, larunbatetik aurrera. Astearteetan 18:00etan eta larunbatetan 10:30ean izango dira euskarazkoak. Izen-ematea webgunean egin beharko da.


