1975: iraultzaren benetako urtea?

1975: iraultzaren benetako urtea? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/1975-iraultzaren-benetako-urtea/@@download/image/52p35-1_1366796782.jpg
2005/05/06
erreportajea
Gonzalo Ibañez
1975: iraultzaren benetako urtea?
1977 urtea giltzarritzat jotzen da rockaren historian, orduan sortu omen zelako musika mundua goitik behera irauli zuen punk mugimendua. Dena den, iraultzaren haren arra lehenago sortu zen, 1975 urtean, hain zuzen. 

Askotan esan izan da musika "olatu berriaren" zero urtea 1977a izan zela. Izan ere, 1977ko mugimenduak oihartzun handia izan zuen komunikabideetan, eta gauza guztiak katalogatzeko joera dagoenez, data zehatza jarri nahi izan zitzaion eztanda hari. Dena den, 1977a baino pare bat urte lehenagotik, zerbait egosten ari zen musika munduan. Orain argi dago: 1975a izan zen zero urtea.

Gauzak diren bezala: 1975ean, rock & rollak bere historiako garairik txarrenetakoa bizi zuen. Egoera negargarri horretaz jabetzeko, nahikoa da garai hartako prentsaren ranking-ak begiratzea: rock sinfonikoa, A.O.R. estiloa, disko-musika, heavy zaharkitua… giroa penagarria zen benetan. Gainera, betiko izartxo eta balada-egile jasangaitzek disko negargarriak egiten jarraitzen zuten (Stones, Rod Stewart, Elton John…)

Panorama hura nahikoa negargarria ez balitz bezala, AEBtan ordurako bananduak zeuden New York Dolls, MC5 eta Stooges taldeak, eta Ingalaterran ere glam rock-a gainbeheran zegoen. Horrexegatik, benetako rock´n´rollaren espiritua, esentzia eta amorrua katakunbetara itzuli zen. Rock´n´rolla itzuli egin zen garagardo, izerdi eta ke usaineko taberna eta klub txikietara. Itzuli egin zen underground-era.

Ingalaterra 74-75: pub-rocka

Pub rock delakoak ez zuen sekula estetika komun eta zehatzik izan, ezta soinu jakinik ere. Baina talde guztiek antza zuten gauza batean: denek antzeko modua zuten kantak interpretatzeko, eta areto eta antzokietan aritu beharrean, tabernetan aritzen ziren. Pub rock-ean, ikuslegoaren eta musikarien arteko hurbiltasunak giro berezia sortzen zuen, agertoki kobentzionaletako zurruntasunetik urrun.

1970eko lehen pub rock olatuari, bigarren bat jarraitu zitzaion 1974-75ean. Hain zuzen, olatu hura punk musikaren aitzindari garbia izan zen. Izan ere, lehen pub rock olatuko taldeek soul eta countryaren eragina bazuten, bigarren olatukoek askoz soinu rockero eta gogorragoei heldu zieten. Horren erakusgarri onak dira Dr. Feelgood, Eddie & the Hot Rods, Count Bishops eta Hammersmith Gorillas. Baita hasierako Motorhead ere.        

Aipatutakoak benetako rock´n´roll taldeak ziren, eta zenbait salaketa sozial kenduta, bere egiten zituzten punk-aren helburuetako batzuk. Azken batean, bi mugimenduek gauza bera nahi zuten: multinazionaletako rock izarrek zuzendutako musika merkatu mengela irauli nahi zuten.

Pub-rockak ez zituen punkaren osagai politiko, sozial eta estetikoak izan, talde haientzako musika baitzen gauzarik garrantzitsuena. Musika ona egin nahi zuten, zerbeza bat hartuaz entzuteko moduko musika ona. Besterik ez.
Elvis Costello, Nick Lowe, Paul Carrack, Ian Dury, Mark Knopfler eta Joe Strummer dira pub rock mugimendu hartan hasi, eta urte batzuk igaro ondoren, ospe handia lortu zuten musikarietako batzuk.

New York: 1975

Egun, kristo guztiak daki punka New York-en sortu zela, eta ez Ingalaterran. Dena den, mugimendu bezala -eta batez ere komunikabideei dagokionez-, Londresek jantzi zuen iraultza hura sortu izanaren dominatxoa. Hala ere. New York-eko mugimenduak izandako garrantzia ukaezina da. Izan ere, bertako musikari gazte batzuek New York Dolls eta Velvet Underground taldeen –hain zuzen, hiriak inoiz emandako talderik onenak- lekukoa hartu zuten. Musikaren berpizte hori CBGB eta Max´s Kansas City klubetan gertatu zen.

Hain zuzen, New York Dolls taldea 1975ean banandu zen, eta garai hartan, Malcon Mclaren izeneko gazte bat zen beraien managerra. Ondoren, Sex Pistols taldearen managerra izan zen Mclaren, eta ondo frogatuta dagoenez, 1977an yankiengandik ikasitakoak aplikatu zituen Ingalaterran, punk iraultza pizteko.
Hala,  New York Dolls taldeak utzitako hutsunea beste talde batzuek bete zuten: Ramones, Dictators, Neon Boys, Wayne County & The Backstreet Boys, Mumps, Patti Smith….

Laburbilduta, New York-eko garai hartako underground soinua hiru "korrontetan" sailka daiteke. Batetik, Dictators taldeak metala eta surfaren arteko nahasketa zaratatsu eta dibertigarria egiten zuen. Bestetik, Ramones taldeak gaizkile nerabeen irudia goratu zuen, pop pildorak azkartasun eta sinpletasunaz bilduz. Hirugarrenik, Television taldeak eta Patti Smith-ek, AEBtako underground literaturaren izen handien autore ikuspuntua hartu zuten. Azkenik, Blondie eta Mumps taldeen retro pop camp musika aipatu behar da, urte batzuk beranduago New Wave izena hartu zuen estiloari aurrea hartu ziona.

New York-en itzalpean

New York izan zen epizentroa eta motorra. Baina AEBtako beste hiri batzuetan ere, Boston-en eta Cleveland-en adibidez, oso talde interesgarriak sortu ziren garai berean: DEVO, Rubber City Rebels, Rocket from the Tombs, Nervous Eaters, Modern Lovers, DMZ, Real Kids, Electric Eels….

Nervous Eaters taldeko kantari eta gitarrajotzaile Steve Cataldok behin baino gehiagotan esana da: "Bostonen mugimendu sendoa sortu zen Rat Club aretoaren inguruan, baina sekula ez genuen New York-eko olatuak izandako oihartzunik izan". Hala ere, mugimendu hura esistitu zela frogarik onena da Nervous Eaters taldearen "Eaterville" diskoa. Penniman Records diskoetxeak oraintsu argitaratu duen aipatu diskoan, 1973-1975 urteetan egindako grabazioak entzun daitezke, eta Nervous Eaters taldearen soinuak Ramones edo Dictators-en antz handia duela frogatzen du.

Australia: 70eko hamarkada erdialdea

70eko hamarkadan, bi talde ari ziren soilik Australiako lehen punk rock olatuan, baina urteekin, bi talde horiek berebiziko eragina izan dute mundu osoan: The Saints eta Radio Birdman taldeez ari gara.

The Saints taldeak 50-60ko hamarkadetan zituen sustraiak, rythm & blues estiloan eta 70eko hamarkadako rock gordinean, hain zuzen. Radio Birdman-ek, aldiz, 60-70 hamarkadetako rock underground amerikarraren eragina zuen. Bi talde horiek gaur egun arte bizirik iraun duen suziria piztu zuten: garage rocka.
Behar bada, Australiako garage rocka ez zen Londreskoa eta New Yorkekoa bezain ospetsua izan, baina gaur egun, Australiatik heldutako eskola haren eragina begibistakoa da: Suediatik Japoniara, edo Argentinatik Donostiako Buenawistara, nonahi antzematen da haien itzala.

Australiako mugimenduaren epizentroa Sydney hiria izan zen: 1974-78ra, Radio Birdman jaun eta jabe izan ziren han. The Saints taldea Brisbane hirikoa zen, baina 1977an aldatu ziren Sydney hiriburura.

Punk britaniarrak eztanda egin zuenean, Australiako bi talde hauek Ingalaterra konkistatu nahi izan zuten, baina ez zuten zorte onik izan. Izan ere, Erresuma Batuan interes gutxi izan dute beti antipodetako taldeekiko. Saints-ek Radio Birdman-ek baino zorte hobexeagoa izan zuen, baina beraiena bost minutuko izarraldi laburra izan zen. Porrot haren eraginez, bira bukatutakoan, Radio Birman desegin egin zen. The Saints taldean aldaketak izan ziren, eta jatorrizko taldekide gehienak aldatu ondoren, beste musika estilo batzuk egiten hasi ziren
Aipatutako mugimendu hauek, punk-a eta new wave delakoak baino oihartzun txikiagoa izan zuten. Dena den, haiek izan ziren iraultzaren benetako aitapontekoak. Laburbilduz: 1975 urteak musika talde eta disko sorta zoragarria utzi zizkigun.

Gertakariak



Espazioan Lurretik 225 kilometroko distantzira, Apolo XVIII. eta Soyuz XIX. koheteek akoplamendu maniobra egin zuten. Ondoren, hantxe bertan, Thomas Stafford astronauta iparamerikarrak eta Alexei A. Leonov sobietarrak bostekoa eman zioten elkarri.

Bill Gates-ek Microsoft enpresa sortu zuen. Ordutik bapo aberastu da gero!

Angolan
Gerra zibila piztu zen, Afrikako herriak Portugalengandik independentzia lortu ondoren. Angolako gatazka, gerra hotzaren ispilu izan zen: Sobiet Batasunak eta Kubak laguntza eman zioten bertako gobernuari, eta AEBek gerrila antikomunistaren alde egin zuen.

Steven SpielbergZine zuzendariak "Jaws" ("Marrazoak") filma estreinatu zuen. Pelikulak arrakasta handia izan zuen mundu osoan. 1975ean, baina, film eder bat baino gehiago ekoitzi zen: "O Thiassos" (Theo Angelopoulos), "The Man who would be king" (John Huston) eta "Dersu Uzala" (Akira Kurosawa).

Vietnam Gerra 1975eko apirilaren 30ean amaitu zen, AEBtako armadak ingurutik alde egin zuenetik bi urte igaro ondoren. Ipar Vietnamgo armadaren tankeak Hego Vietnamgo hiriburuan, Saigon-en, sartu ziren.

Zenbait talde



Ramones “Ramones” Sire, 1976
Uharte batera disko bakarra eraman beharko bazenu, hau aukeratu. Disko honek ederki frogatzen du, abesti onak egiteko, batek ez duela zertan musikari ona izan behar. Abesti laburrak, batere birtuosismorik gabe eta jatorrizko rock´n´rollaren zordun.

Dr. Feelgod “Malpractice” Liberty, 1975
Rock´n´roll eta R&B; disko aparta, Johnny Kid & The Pirates taldearen oinordeko zuzena. Beren bigarren disko honetan, ingeles hauek beren onena eman zuten, pub rocka gogortuz eta punk txakurkumeen intentsitatea gaindituz. Kitzikagarriak.

Radio Birdman “The essential (1974-1978)” Sub pop, 2001
Taldearen ibilbidea jasotzen duen antologia hau Radio Birdman ezagutzeko modurik onena da. Bestalde, ezinbestean irakurri beharrekoa da Vivien Johnson-ek idatzitako biografia, aurten Leioa Discos Crudos diskoetxeak gaztelaniaz argitaraturikoa.

The Heartbreakers “What goes around… live in NYC, 1975” Bomp, 1991
Ez da beren zuzeneko diskorik onena, baina garai hartan Richard Hell-ek taldean jarraitzen zuen, eta hor datza diskoaren grazia. Kanten zerrenda, urteekin Heartbreakers-en klasikoak bihurtutako abestien, eta Voidoids taldea izango zenaren arteko nahasketa da.

The Modern Lovers “The modern lovers” Beserkley, 1976
The Modern Lovers erreferentzia handia izan zen punk talde britainiarrentzat. Velvet underground taldearen eragina zuten, eta Jonathan Richman-en gidaritzapean, urteen joan etorriari ondo eutsi dion disko atenporal hau egin zuten.

Motorhead “On parole” UA, 1979
1975-1976a bitartean grabatutako diskoa da, eta dirudienez, United Artists diskoetxeari ez zitzaion askorik gustatu, bere garaian ez baitzuen argitaratu ere egin. Pub rockak emandako fruitu basatiena Motorhead izan zen, eta egun ere, punk-etik eta heavy-tik at jarraitzen dute.

The dictators “Go girl crazy” Epic, 1975
Detroit-eko rockaren eta punk-aren arteko benetako katebegia: rock´n´roll hoberenaren esentzia bizirik iraunarazi zuten, rock gogorra eta zatarkeria nahastuaz. Disko honetan, garbi utzi zuten himno nerabeetan kontzentratutako beren doktrina berezia.

The Runaways “The runaways” Mercury, 1976
Neska gaiztoek egindako rock makarroia. Gizonezkoen agindupeko negozioan, emakumezkoek ere gauzak ondo egiten zituztela erakutsi zuten. “Cherry bomb” abestia dakar, benetako printzipio deklarazioa.

Nervous Eaters “Eaterville vol. 1” Penniman Records, 2004
Ez zuten Bostongo beste talde batzuen zortea izan (Cars, Modern Lovers, Real Kids). Disko honek 73-75 urteetan grabatutako materiala biltzen du, eta Nervous Eaters ezkutuan gordetako altxor horietako bat dela erakusten du.

Patti Smith  “Horses” Penniman Arista, 1975
Bere poesia eletrifikatu zuen, garai hartako disko klasikoetako bat grabatuaz. New York-eko CBGB klubarekin lotutako mugimenduaren lehen diskoa izan zen. Diskoaren azaletik bertatik, punk jarrera argia dario.