18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako dokumental zinemaren inguruko tailerra antolatu dute Bilbon
Bilboko Udalak dokumental zinemari buruzko Konekta Doku formazio-tailerra antolatu du 18 eta 30 urte bitarteko gazteentzat. Lau saio izango dira guztira La Perrera eraikinean: apirilaren 1ean, 22an eta 29an, eta maiatzaren 6an.
Lankidetzarako eta ideiak trukatzeko eremu bat sortzea da asmoa, gazteriaren parte hartzea sustatzeko eta haien trebetasunak eta sormenerako gaitasunak sustatzeko.
Hamabost gaztek parte hartu ahal izango dute, doan, eta bertan ikus-entzunezko hizkuntza eta kontagintzako baliabideak ikasiko dituzte. Gainera, amaieran, gazteek egindako dokumental bat sortu, produzitu eta proiektatuko da.
Parte hartzeko baldintzen artean, adin-tarteaz gain, Bilbon bizitzea eta grabaketa-gailu bat (kamera, smartphonea...) izatea eskatuko dute. Izena emateko Udalaren Bilbao Gazte webgunean dagoen inprimakia bete beharko da martxoaren 19a baino lehen.
