1610. urteko Suitzako liburu batean euskarazko ehun hitz agertu dira

1610. urteko Suitzako liburu batean euskarazko ehun hitz agertu dira Mintzoa argitaletxeak eskuratu du "Mithridates de differentis linguis" izeneko liburua. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/1610-urteko-suitzako-liburu-batean-euskarazko-ehun-hitz/@@download/image/101241090_2664953637115095_1362057489612275712_o.jpg
2020/06/08

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Mintzoa argitaletxeak eskuratu du "Mithridates de differentis linguis" izeneko liburua.
1610. urteko Suitzako liburu batean euskarazko ehun hitz agertu dira

Nafarroako Mintzoa argitaletxeak Zurichen (Suitza) 1610. urtean idatzitako liburua eskuratu du. Conrad Von Gesner garaiko bibliografoak idatzi zituen liburuaren zati batzuk Kaspar Waser teologo eta hizkuntzalariak lagundurik. Liburuaren zati horietan euskaren inguruko informazio zehatza ematen da, hala nola, non erabiltzen den (Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Bearno azaltzen dira), eta euskaren inguruko azalpenak ere ematen ditu. 

Gesnerrek Estrasburgon eta Bourgesen ikasi zuen, Frantzian, 1530. urte inguruan eta baliteke Joanes Leizarraga ezagutu izana, 1571. urtean euskarara ekarritako Testamentu Berriko Aita Gurea hitzez hitz transkribatuta baitator. Horrekin batera, ehun hitz inguruz osatutako zerrenda jasotzen da, latineko itzulpen eta guzti. Batez ere, eguneroko hitz arruntak dira bertan ageri direnak: Aita, ahoa, aker, argia, gorria, senarra, zerua, ahardi, alaba, ama, anaya, andrea, ardoa, ardia, arima... Horien artean daude gaur egungo idazkera gogoratzen duten hitz batzuk, Bihotza esaterako.

Euskararekin batera beste 129 hizkuntza jasotzen ditu antzinako liburu honek. Mintzoa editorialak orain dela 20 egun erosi zion liburua Italiako konde bati eta, antza denez, beste 20 bat ale daude munduan zehar. Nafarroako argitaletxeak salgai jarri du liburua erakunde edo partikular batek eskura dezan
.