16 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendutako 'Gazte Sortzaileak' beka eskatzeko epea ireki dute

16 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendutako 'Gazte Sortzaileak' beka eskatzeko epea ireki dute Gasteizen edo Araban erroldatuta egon behar da, eta banaka edo taldeka parte har daiteke. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/16-eta-35-urte-bitarteko-gazteei-zuzendutako-gazte-sortzaileak-beka-eskatzeko-epea-ireki-dute/@@download/image/gazte sortzaileak albiste.png
2024/04/16
Gasteizen edo Araban erroldatuta egon behar da, eta banaka edo taldeka parte har daiteke. Uztailaren 15era arte eman daiteke izena.
16 eta 35 urte bitarteko gazte arabarrei zuzendutako 'Gazte Sortzaileak' beka eskatzeko epea ireki dute

Gasteizko Udalak Gazte Sortzaileak deialdia jarri du abian, Gasteizen edo Araban erroldatutako 16 eta 35 urte bitarteko gazteei zuzendutako sormen-beka, euskarazko kultur sorkuntza sustatzea helburu duena.

Hautatutako pertsonek 4.000 euro arteko dirulaguntza jasoko dute eta sorkuntza-prozesu osoan profesionalen aholkularitza izango dute. Beka onartzen dutenetik sei hilabeteko epea izango dute proiektua gauzatzeko eta Udaleko Euskara eta Gazteria zerbitzuek egingo dute proiektuen jarraipena.

Bi kategoria daude adinaren arabera: bata, 16 eta 24 urte bitartekoentzat eta, bestea, 25 eta 35 urte bitartekoentzat. Gazteak banaka edo taldeka aurkez daiteke. Proiektuek ahozko adierazpenarekin lotura estua izan behar dute, eta euskarazko kulturari ekarpena egitea izan beharko dute helburu. Proiektuen modalitatea askotarikoa izan daiteke: antzerkia, bakarrizketa, poesia errezitaldia, musika, bertsolaritza, ikus-entzunezkoak, edo baita genero bat baino gehiago uztartuta ere. Formatu txikiko jarduerei emango zaie lehentasuna.

Parte hartu nahi dutenek uztailaren 15era arteko aurkez ditzakete proiektuak, San Martingo bulego teknikoetan (erregistro orokorrean), gizarte-etxeetako herritarrei laguntzeko bulegoetan edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez.

Iazko irabazleen lanen aurkezpenak
Joan den urtean Gazte Sortzaileak beka irabazi zutenek jendaurrean aurkeztuko dituzte beren proiektuak. Aitziber Jimenez de Aberasturiren Ogi beltza podkasta entzun ahal izango da hilabete honetan. Mitxel Elortzak maiatzaren 15etik aurrera argitaratuko du Aneren abenturak mahai-jokoa. Marta Berganzok Gure Kutxa antzezlana estreinatuko du ekainaren 29an, Salburua gizarte etxean, eta Nefer Olaizolak, berriz, bere performancea aurkeztuko du irailaren 15ean, Labe Gazte Laborategian.