150 jarduera baino gehiago izango dira Euskal Encounter topaketan

150 jarduera baino gehiago izango dira Euskal Encounter topaketan Uztailaren 22tik 25era izango da martxan, BECen. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/150-jarduera-baino-gehiago-izango-dira-euskal-encounter-topaketan/@@download/image/_DSC8775.jpg
2023/07/17
Uztailaren 22tik 25era izango da martxan, BECen.
150 jarduera baino gehiago izango dira Euskal Encounter topaketan

Euskal Encounter 31 topaketak teknologia berrien zaleak bilduko ditu Barakaldoko BECen, larunbatetik datorren asteartera bitarte.  150 jarduera baino gehiago gauzatuko dira lau egunetan zehar; prestakuntza-ekintzak, lehiaketak eta ekintza solidarioak izango dira, besteak beste, Barakaldoko azoka-barrutian. 

Hogeita hamar tailer eta hitzaldi baino gehiago antolatu dituzte eta gaurkotasun teknologikoarekin lotutako gaiak jorratuko dira haietan, hala nola adimen artifiziala, Gauzen Interneta, zibersegurtasuna edo bideojokoen sektorea. Ekintza horiek doakoak eta irekiak dira. Bestetik, sormen digitala, hardwarea, software librea, jokoak eta bestelako kontuak ere txertatuko dituzte.

Sormen digitaleko lehiaketetan parte hartzeko aukera ere izango da. Bertan, ikus-entzunezko sorkuntzarik onenak sarituko dituzte. Era berean, dozenaka bideojoko txapelketetan edo software libreko lehiaketetan parte hartu ahal izango dute. Jarduera horietan informatikariak eta programatzaileak lehiatuko dira, antolatzaileek planteatzen dizkieten erronkei aurre egiteko.

Cosplay lehiaketak ere egingo dituzte. Manga, anime, bideojoko eta telesaileko pertsonaia mitikoen janzkera sortu eta haien antzera desfilatuko dute parte hartzaileek.

Opengunean, parte-hartzaileei nahiz publiko orokorrari irekitako eremuan, informatikaren sektoreko enpresek beren produktuak aurkeztuko dituzte. 

Edizio honetan, gainera, euskal informatikaren festak streaming eremu bat izango du berriro, eduki sortzaileek ere euren lekua eduki dezaten bilkuran.