14 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako jarduerak egingo dituzte Iruñean

14 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako jarduerak egingo dituzte Iruñean Era askotariko ekintzak izango dituzte arratsaldeetan, besteak beste, abesteko eta dantzatzeko saioak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/14-eta-30-urte-arteko-gazteei-zuzendutako-jarduerak-egingo-dituzte-irunean/@@download/image/dantza.png
2022/08/08

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Era askotariko ekintzak izango dituzte arratsaldeetan, besteak beste, abesteko eta dantzatzeko saioak.
14 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako jarduerak egingo dituzte Iruñean

Gaztediaren Etxearen Hamaika plan ekimenak 14 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendutako ekintzak antolatzen ditu udako arratsaldetarako, doan. Jarduerak astelehenetik ostiralera izaten dira, 19:00etatik 20:30era. Aste honetan abesteko, dantzatzeko, eskulanak egiteko eta dibertsitate afektibo eta sexualaren inguruko lantegi batera bertaratzeko aukera izango dute gazteek. 

Gaur, Ekiozu kantuari izeneko jarduera izango dute, Julia Martinez abeslari eta kantu irakaslearekin. Parte-hartzaileen gaitasunak eta ezaugarriak esploratuko ditu ahots-teknikako eta adierazkortasuneko gaitasunak garatzen laguntzeko. Hutsetik abiatzen direnei zuzenduta dago, eta, beraz, ahotsak musika tresna gisa dituen oinarrizko alderdiak landuko dira. 

Bihar, Keneu Ausserladscheiderrek Afrodance masterclass-a emango du. Irakatsiko duen dantza afrikar bakoitzaren historia eta kultura eta eratzen duten mugimenduak azalduko ditu. Hainbat estilo jorratuko dira, hala nola, ‘Coupé Décalé’, ‘Kuduro’, ‘Ndombolo’, ‘Afro House’, eta baita ‘Afro fusioa’ ere. Gainera, ordubete lehenago, Gaztediaren Etxeko animazio proposamenak ere izango dira: Ez dizut sinisten jokoa, paperezko hegazkinen papiroflexia sormen-lantegia, eta karta jokoa. 

Asteazkenean, abuztuaren 10ean, aniztasun afektibo eta sexualari buruzko lantegi bat eskainiko du Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Psikologikoak. Sexu-identitateaz eta generoaz arituko dira, eta identitateari, orientazioari, genitaltasunari eta adierazteko moduari buruz dauden adierazpen eta bizipenen konplexutasuna islatzen duten funtsezko kontzeptu batzuei buruzko kontuak izango dituzte hizpide. Saioa Idoia Angel Aholkularitzako arduradunak bideratuko du, eta bertako erakusketa aretoan egingo da.

Ostegunean dantza garaikide saioa izango da. Antolatzaileen hitzetan, "gorputzaren mugimenduen bidez, ideia bat, sentimendu bat, emozio bat adieraztea bilatuko da". Andrea Loyola dantzari eta koreografoa izango da irakaslea. 

Ostiralean, berriz, kristalezko objektuen apainketa lantegia egingo dute. Kristalezko poteak eta botilak berrerabiliko dituzte eta horiekin diseinuak sortuko dituzte. Argia, kolorea eta perspektiba erabiliko dute horretarako. Saioa Garazi Valluercak emango du. Aurrez, 18:30ean, karaoke saioa egingo dute kafetegian

Ekintzetan parte hartzeko interesa izanez gero, saioa hasi aurretik eman beharko da izena. Jarduera bakoitzean izena emateko epea aurreko egunean irekiko da.