12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aisialdiko jardueretan izena emateko epea zabalduko dute irailean Gasteizen

12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aisialdiko jardueretan izena emateko epea zabalduko dute irailean Gasteizen Askotariko ikastaro eta lantegiak, irteerak eta kirol jarduerak eskainiko dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/12-eta-18-urte-bitarteko-gazteentzako-aisialdiko-jardueretan-izena-emateko-epea-zabalduko-dute-irailean-gasteizen/@@download/image/handia xtra club.png
2022/08/31

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Askotariko ikastaro eta lantegiak, irteerak eta kirol jarduerak eskainiko dituzte.
12 eta 18 urte bitarteko gazteentzako aisialdiko jardueretan izena emateko epea zabalduko dute irailean Gasteizen

Gasteizko Udaleko Gazteria Zerbitzuak Xtraclubaren udazken eta negurako programazioa prestatu du, 12 eta 18 urtera bitarteko gazteei zuzendua, aisialdi ludiko, hezitzaile eta osasungarria eskaintzeko eta euren artean elkartzeko. Aisialdi, kultura, abentura eta kirolarekin lotutako 37 jarduera eskainiko dituzte: lantegiak, gaikako ikastaroak, abentura irteerak, erakustaldiak eta kultur bidaiak. 

Aurtengo jardueren artean izango dira dantza urbanoa, kantua, parkour, komiki eta lineako patinaje artistiko ikastaroak. Hamalau lantegi ere eskainiko dira, tartean artilearen ingurukoa. 

Abenturarekin eta naturarekin lotutako ekintzak ere egingo dituzte, hala nola surfa, zuhaitz zirkuituak, mendi ibilerak, bizikletaz ibiltzeko bide berdeak... Horiez gain, kultur bidaiak ere izango dira: Santanderreko badia itsasontziz, “Egun bat zaldi baten bizitzan”, “Donostiako termak”…

Hirian bertan ere izango dituzte irteerak, kartingera zein izotz pistara esaterako. Bestalde, Saharako Sekretua izeneko escape-room edo ihes-jokoan ere parte hartu ahal izango dute 15 eta 18 urte arteko gazteek. 

Guztira 722 leku izango dira eta irailaren 13an, 8:30ean, irekiko da izena emateko epea web-orrian, telefonoz (010 eta 945 161100) edo aurrez aurre gizarte-etxeetan, Gazte Argibideetarako Udal Bulegoan eta udal kiroldegietan. Gehienez ere hiru jardueratan eman ahalko da izena, eta lekurik geratzen bada, irailaren 20tik aurrera zabalduko dute ekintza gehiagotarako aukera. Izena emateko nahitaezkoa izango da herritarren udal txartela izatea. Doakoa da eta gizarte etxeetan, Herritarren Arretarako Bulegoetan eta udal-kiroldegietan lor daiteke.