105.000 euro marrazkigileen lana sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak lehenengoz sustatuko ditu komikigintzarako eta ilustraziorako diru-laguntzak. Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azaldu duenez, 105.000 euro bideratuko dira “lan handia eta bikaina egiten ari den” etorkizunez beteriko sektore honetara, sortzaileen lana laguntze aldera.
Sailburuarekin batera, Joxean Muñoz Kultura sailburuordea eta Aitziber Atorrasagasti Kultura Sustatzeko zuzendaria ere izan dira gaurko bileran. Lehen aldia da Euskadin horrelako deialdi bat sustatzen dela, gainerako sorkuntza arloetatik bereizirik. Diru-laguntza deialdi hau sektoreko hainbat eragilerekin hitz eginez landu eta ondu da, eta bi atal izango ditu. Batetik, 60.000 euro bideratuko dira komikiak edo eleberri grafikoak egitea helburu duten proiektuetara; bestetik, 45.000 euro bideratuko dira album ilustratuak egitea helburu duten proiektuetara.
Komikigintza laguntzera bideratutako lehen kontu-sail horren bidez, lau proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa; egitasmo horietako bat 30 urtez azpiko marrazkilari batena izango da. Era berean, album ilustratuen proiektuak diruz laguntzea helburu duen deialdiaren bidez hiru proiektu lagunduko dira, bakoitza 15.000 eurokoa, eta horietako bat 30 urtez azpiko gazte bati zuzendua izango da.