Goazen krisiaz mintzatzera

Goazen krisiaz mintzatzera https://www.gaztezulo.eus/albisteak/-goazen-krisiaz-mintzatzera/@@download/image/AmaiaAgirre.jpg
2008/11/07
erreportajea
Amaia Agirre
 Goazen krisiaz mintzatzera


Azken hilabeteotan nazkatuta gaituen gai baten gainean idatziko dut. Bai, badakit: oso aspergarria da, eta komunikabideek zorabiatzen gaituzte uneoro. Errazegia, pentsatuko duzue batzuek, honek ez zekien zertaz idatzi, artikulua entregatu behar, eta modan dagoen gaiaz idaztea erabaki du. Bada, neurri batean horrela dela esan behar nuke. Mila gauza buruan eta azken momenturako utzi dut, bai. Baina horrez gain, krisiaren kontua dela medio, betidanik erakarri nauen herrialde batez gehiago jakiteko aukera ere izan dut.

Islandiak betidanik erakarri nau. Herrialde baten giza garapena neurtzeko erabiltzen diren ranking-etan lehenengo postuetan agertzen delako, batetik. Baina, bestetik, bizitzeko lekurik aproposenaren inguruan inkesta eginez gero, ia ziur nagoelako azkeneko postuetan agertuko litzatekeela. Gehiengoari ez litzaioke burura etorri ere egingo, negu luzeak eta ilunak, hotza, izotza edonon, kontinente guztietatik urruti dagoen irla…  

Egunotan, Islandian dagoen krisi ekonomiko bortitzaz mintzatu dira leku batean baino gehiagotan (guretzako nahi genuke Islandian dagoen krisia, pentsatzen dugu askok, bertan dagoen ongizate estatuarekin, nahiz eta okerrera asko egin, hemengoa baino askoz hobeagoa litzateke). Baina krisi horren sakontasunean, bada umorerako tarterik ere. Urriaren 7an, Islandia bera enkantera atera zuen norbaitek interneteko orrialde famatu batean. Hasierako prezioa altua izan ez bazen ere (1,3 euro triste) ia hamairu mila milioi euro lortu ziren azkeneko eskaintzan (Islandiak bere bankuetan duen dirua baino gehiago da).

Argi dago hau broma bat besterik ez dela, baina komunikabide gehienen jarrera salatzeko ekintza ona izan daiteke. Gai bat hartzean (berotze globala, hegazti gripea…), eta benetako inolako informaziorik eman gabe, benetako egoerak desitxuratzera ailegatzen dira gizartean beldurra zabaldu nahian. Ez diot krisirik ez dagoenik, baina ez legoke gaizki, esaterako, Afrikako ia edozein herritarri galdetzea zer iritzi duen Europako krisiaz.