Iraultza feminista izango da… ala ez da izango!

Silvana Imam musikariak, zapalkuntza mota guztien aurkako abesti zorrotzei esker, Eskandinavia konkistatzea lortu du. Aktibista eta Queer komunitatearen ikonoa bilakatu den emakume honek, lesbiana, feminista eta antiarrazista bezala definitzen du bere burua eta abesti eta nortasun handiko koktel horri esker, belaunaldi gazte inkonformista talde baten ahots ere bihurtu da. Suediako gazte askok musikari hau erreferente gisa izateak, eragin zuzena izan du beraien jokatzeko eta pentsatzeko moduan. Silvana-Väck mig när ni vaknat dokumentalari esker deskubritu dudan pertsonaia izan da, undergound artista izatetik, ikono garaikide iritsi arteko bidaia erakusten da bertan.
Emakume gazteak, etorkizuneko sortzaile, artista edota lider bilakatzeko iraultza feminista islatzen duen kontakizun unibertsala iruditu zait Silvanaren istorioa. Musika, artea eta kultura orokorrean, badelako iraultza feminista aurrera eramateko tokia. Pentsamendu patriarkala, txertorik gabeko birus bat da oraindik, baina pixkanaka ahultzen ari dena. Gitarra, baxu, pintzel, mikrofono, eta batez ere indarrez armaturik, emakume ugarik, artea, sorkuntza eta kulturaren esparrua erabiltzen ari direlako ozen eta irmo, lapurtu dizkioten aukerak eta eskubideak berreskuratu eta mezu feministak lau haizeetara zabaltzeko.
Ez daukat zalantzarik, artista guzti hauek erreferente gisa hartuko bagenitu eta jarrera bereko berriak sortu, berdintasunera eramango gaituen bidea askoz ere motzagoa izango litzatekeela, eta batez ere dibertigarriagoa. Baliteke musikari, idazle, zinegile edota margolari konkretu horrek lortzen duena, oso eremu itxian geratu eta iraultza oso txikia izatea. Baliteke bai, baina historian zehar izan diren iraultza txikien bitartez datorkigu gure gizartearen eraikuntza eta gizarte gisa emakumeen borroka eskertu, jarraitu eta plazaratzeko beharra daukagula iruditzen zait. Gauza bat argi izan behar dugu: iraultza feminista izango da... ala ez da izango (baita kulturan ere!).