Xabi Abasolo eta Eider Olazar 'Info7': "Datorren hamarkadan Legaltasun osoz emititu nahiko genuke"

Xabi Abasolo eta Eider Olazar 'Info7': "Datorren hamarkadan Legaltasun osoz emititu nahiko genuke" https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/03/10
elkarrizketa
Testua: Zuriñe Maguregi @zuritxuli
Xabi Abasolo eta Eider Olazar 'Info7': "Datorren hamarkadan Legaltasun osoz emititu nahiko genuke"
Azken hamar urteetan informazioa kontsumitzeko ereduak zeharo aldatu dira. Teknologia berriek eskaintzen dituzten aukerak biderkatu egin dira eta komunikabideek panorama berrira egokitu behar izan dute, irrati munduan bereziki. Nola bizi izan duzue prozesu hau?
Xabi Abasolo: Duela urte batzuk hedabideek analogikotik digitalera salto egin behar izan zuten egokitzapen prozesu handia eginez. Info7ren kasua bestelakoa da, aldaketa hauei egokitzeko zailtasunik ez dugu izan. Aitzitik, interneten sortutako irratia gara eta gure lan egiteko modua ez da aldatu, osatu baizik. Osagai berriak txertatu ditugu proiektuan eta prozesu hau modu naturalean eman da.

Hamarkadara iritsi izana ez da makala eta handitasunez ospatzea erabaki duzue urte osoan zehar...
Eider Olazar:
Bai, hala da. Herri proiektu batek modu osasuntsuan 10 urte betetzea ez da batere erreza. Gaur egun etorkizun oparoa ikusten dugu eta hori Info7ko komunitatea osatzen duten kolaboratzaile, bazkide eta langile guztiekin batera ospatu beharra dago, merezi dugulako!
Esklusiba moduan aurreratuko dugu musikaren erritmoaz dantzan emango dugula urtea La Jodedera musika taldeak prestatzen ari den abestiarekin. Ziur gaude udako kanta izango dela!
X.A.: Gainera, maiatzean zehar Kale Gorrian magazina ibiltaria izango da eta mahaiaren bueltan elkartuko gara Info7ko kolaboratzaile guztiekin egingo dugun herri bazkarian. Udazkenari begira, irratia eta teknologia berrien inguruko jardunaldi bereziak antolatzen ari gara.

Etorkizunari aurre egiteko atzera begiratu behar da sarritan. Nola gogoratzen duzue 2006ko lehenengo irrati saio hura?
E.O.:
Urduritasun eta segurtasun falta handiz. Ikasketak bukatu berri zituen 23 urteko kazetaria nintzen. Euskadi Irratiko bekadun, super bekadun eta super-super bekadun prozesuaren fase guztiak gainditu ondoren, herri irrati bat martxan jarriko zutela jakin nuen, ez nuen dudarik izan.
Urruñako Martin Zahar industriagunean elkartu ginen afari-merienda egiteko aitzakiaz. Iluntzean Martin Garitanok (orduko Info7ko kazetaria) lehenengo hitzak ahoskatu zituen mikrofonoan: Tok-tok, ba al dago norbait hor?
Ordubeteko tertulia formatuko saioa grabatu genuen. Egia esan, grabatu baino, zuzeneko saioa emititu genuen... hain urduri ginen REC botoia sakatzea ahaztu zitzaigula!
Oso egun berezia izan zen, ipar eta hego Euskal Herriko kazetari eta gizarte eragile pila bat etorri ziren: Berriako Txato kazetari ohia, Itziar Arteaga, Ainhoa Permach, Aritz Rodriguez, Antton Basurko...

Nortzuk osatzen dute gaur egungo Info7ko familia-nukleoa?
E.O.:
2.000 bazkide eta 500 kolaboratzailek osatzen dute Info7ko komunitatea baina estudiotan egunero lanean gabiltzanon lantaldeak berezko nortasuna ematen dio Info7ri.
Maite Bidarte kazetari lesakarrak freskotasuna ematen dio proiektuari bere irudimen eta sormen kaotikoari esker.
Jon Mikel Fernández goizero entzuleei egun onak emateaz arduratzen da eta bereziki disfrutatzen ditu hauteskunde gau eroak.
Aitor Garin altzatarra, zenbakiak kuadratzen zorroztasun pertsonifikatua da eta heldutasun puntua ematen dio lantaldeari.
Amaia Zurutuza gure hippy txikia da, gertukoa eta Lur izeneko lau hankako seme baten ama.
Oinatz Aizpuru taldekide gazte eta parrandazaleena izan arren, albistegiak modu ezin orcdenatuagoan eramaten ditu.
Xabi Abasolo kontabilitatea, komunikazioa, harreman publikoak zein inpresorak konpontzen trebea da. Larraildi batean, Xabiri deitu.
X.A.:
Eider Kale Gorrian saioaren ahotsaz gain, ‘emakume orkestra’ lanetan ibiltzen da autokontrolean. Uhinetako kazetaria, bapatekotasunak ematen duen adrenalina da bere eguneroko droga.
Soinu teknikariei dagokionez, Larraitz Otazok irarti kuinak artelanak izatea lortzen du eta Antton Basurkok taldeko punky melomanoak balkanetako musikaz girotzen du estudioa.

Azken hamarkadan gure herrian izandako gertakari nagusiak bertatik bertara kontatu dituzue. Zein da bihar goizean eman nahiko zenuketen albistea?
E.O.:
Euskal presoen etxeratzea litzateke iragarri nahiko nukeen albistea.

Datorren hamarkadan gainditu nahi duzuen erronka nagusia?
X.A.: Gaur egun bizi dugun egoera alegal hau gainditzea eta legaltasun osoz emititzea. 2012an 40 lizentzia berri banatu zituzten lehiaketaren bidez. Horietako asko Info7k eskuratu zituen baina jaurlaritzan izandako aldaketa dela eta, bertan behera geratu ziren lizentzia horiek.
E.O.: Lizentzia horiek lortuta, Euskal Herrian zabalpen gehien izango lukeen irratia izango ginateke, Euskadi Irratiaren atzetik.
Kontu hau epaitegietan dagoen arren, lasai eta itxaropentsu gaude, laster korapiloa askatuko delakoan.