Leire Fernandez: "Txakurra da liderra eta lasterketako irabazlea, ez ni"

Leire Fernandez: "Txakurra da liderra eta lasterketako irabazlea, ez ni" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/leire-fernandez-txakurra-da-liderra-eta-lasterketako-irabazlea-ez-ni/@@download/image/leire_fernandez_1391685220.jpg
2014/02/10
elkarrizketa
Testua: Maialen Goñi
Leire Fernandez: "Txakurra da liderra eta lasterketako irabazlea, ez ni"
Txakurrarekin mendian lasterka egitearena ez da zaletasun hutsa, arau zorrotzak, txapelketak eta milaka jarraitzaile dituen kirola baizik. txakurkros du izena, eta urrutira joan gabe, gurean bada goi mailan aritzen den lasterkari gazte bat: Leire Fernandez (1998) errenteriarra.


Iragan azaroan Munduko Txakurkros Txapelketa eskuratu zenuen junior kategorian Italian. Lan gogorraren emaitza izan da, ala espero gabeko garaipena?

Euskal Herritik irten eta Munduko Txapelketan aritzea erronka bat izan da niretzat, eta espero baino hobeto joan da lehen esperientzia. Junior kategorian neska gehiago ginen mutilak baino, eta guztiak ni baino zaharragoak izateaz gain, esperientzia gehiago zuten. Norvegiarrak, suediarrak, Belgika eta Txekiakoak… ikusi nituenean izutu egin nintzen; gainera, zirkuitua oso laua eta azkarra zen, eta ni mendiko lasterketara ohituta nago, gora-behera asko dutenetara. Are gehiago, erlojupekoan irten ginen, banan bana! Boltek –txakurrak– eta biok denbora onena egin genuen lehen egunean, eta bigarrenean aurrenak irten ginen, gainerakoak atzetik genituela, gu harrapatzeko asmoz. Eskerrak Boltek guztia eman zuen!

Txakurkrosean hasi aurretik mendiko lasterketak egiten zenituen. Nola eman zenuen pausoa?
Haurra nintzenetik ibili izan naiz mendian, eta asko gustatzen zitzaidanez, mendiko lasterketetan parte hartzen hasi nintzen. Halako batean, Jaizkibelgo Txakurkrosa iragartzen zuen kartel bat ikusi nuen kalean, eta aitarekin hitz egin nuen txakur bat lortu eta parte hartzeko. Ez pentsa erraz konbentzitu nuenik! Hala, Txanpi izeneko euskal artzain txakurrarekin hasi nintzen lasterka, oso polita eta maitagarria zen, lehen urratsak emateko aproposa. Ondoren Harpo eta Bolt txakurrak topatu genituen, eta gure lurretara eraman elkarren arteko harremana indartzen joateko. Gerora Pirinioetara, Bardeetara, elurretara… ere eraman ditugu.

Zergatik aldaketak?

Hasieran ez nuen kirola ezagutzen, eta Txanpirekin hasteko aukera eman zidaten. Orain, ordea, Txanpi Logroñon dago, beste korrikalari batekin. Haren ostean Harporekin hartu nuen parte lehenengo lasterketetan, eta aitak Boltekin, Harpo azkarragoa zelako. Baina proba batean, beste txakur batek kosk egin zion, eta geroztik ikaratuta dago. Aitak hartu du pixkanaka beldurrak gainditu ditzan, eta ni Boltekin aritzen naiz orain. Ez pentsa, lehen unean kosta egin zitzaigun egokitzea, aitarekin beste era batera egiten zuelako lasterka. Baina pixkanaka ulertzen joan gara, eta orain ez nuke inorengatik aldatuko.

Zer duzu nahiago, bakarrik ala txakurrarekin lasterka egitea?

Oso gustura ibiltzen naiz txakurrekin. Normalean sokarik gabe entrenatzen dut, izan ere, iaz irakatsi genien arnesa jantzitakoan nola joan behar diren, zein jarrera izan behar duten eta gogor tira egiten.

Oker ez banabil, 15 gradutik gorako tenperaturarekin ezin dira lasterketak egin, ezta? Txakurrentzat kaltegarria izan daiteke.
Hala da, bai. Txakurrei beroak kalte handia eragiten die, eta horregatik lasterketa gehienak neguan egiten dira. Hotza, euria, elurra, lokatza… nahiago dituzte, baita nik ere!

Zein ezaugarri ditu Boltek probetan horren ongi aritzeko?
Oso txakur ona da, nigatik dena ematen du. Pixka bat hitz egin behar diot soilik, eta bera topera joaten da; igoeraren batean nekatuta egon arren nik gehiago eskatzen badiot, nekea albo batera utzi eta gogor tiratzen du. Nazioarteko txapelketetan parte hartu dudanean ohartu naiz gainerako lehiakideen txakurrek ere %100 ematen dutela haien bikotekideengatik, baina Bolt ezberdina da, elkarrekiko harremanean zerbait gehiago dago. Europako Txapelketako zirkuitua, esaterako, lokatzez beteriko aldapa batekin amaitzen zen, eta Bolt izan zen txakur guztien artean laugainka eta tiraka igo zen bakarra. Txekiarrak harrituta geratu ziren, zoriondu egin gintuzten! Beste behin, oinean zauri bat egin zuen, eta txapelketa bertan behera utzi beharko genuela uste izan nuen… Baina bai zera! Albaitariak sendaketa egin zion eta galtzerdi bat jarri babes moduan; eta egun bakarreko atsedenaldiaren ostean indartsu itzuli zen, arazorik izan ez balu bezala! Sinestezina da zenbat maite eta zaintzen nauen.

Arraza jakin batzuk egokiagoak izango direla pentsatzen dut…
Bai. Txakurrena mundu oso zabala da, eta Europa iparraldeko herrialdeek asko irakatsi behar digute arrazei eta genetikari dagokienez. Kanikrosa kirol bat da, eta txakurrak dira atletak; gu aldiz, paketeak besterik ez. Beraz, ezinbestekoa da ezaugarri eta baldintza fisiko egokiak dituen txakurra izatea, eta arraza batzuk prestatuagoak daude horretarako. Dena den, garrantzitsuena animaliarekin harreman estua lortzea da, arnesaren sokaz gain, haratago doan beste lotura bat izatea, elkarrengan konfiantza izatea. Azken batean, bera da liderra eta lasterketako irabazlea, ez ni.

Eta zuk? Zein ezaugarri izan behar ditu txakurkros korrikalari on batek?

Lehenik eta behin, norbere eta besteen txakurrekiko errespetua. Baita maitasun handia ere. Korrikalari ona izan arren, gehienez ere 12 kilometro orduko abiadura hartuko duzu; txakurrek, aldiz, 30 kilometro orduko abiaduran egiten dute lasterka, batez beste, eta harekin ulertzen bazara, hegan eramango zaitu. Nik ez dut sekula atletismoa landu, baina asfaltoko lasterketaren bat edo beste egin dut, eta berauetan egindako denborek ez dute zerikusirik txakurrekin egindakoekin. Haiek dira benetako korrikalariak.

Zuen arrakastaren sekretua bion arteko elkar ulertzea omen da…
Hori ez da sekretua, kirol honen oinarria baizik, txakurrak eta korrikalariak talde bakarra osatu behar baitute. Animaliak ziztu bizian korrika egingo du, eta zuk bere erritmora joaten ikasi behar duzu, hura motibatu eta burua bera dela erakutsi.

Eta non dute kirol honekiko zaletasun gehien?
Ipar Europako herrialdeetan. Nik, esaterako, Txekia, Suedia, Norvegia eta Belgikako lagunak ditut, eta bertan afizio handia egoteaz gain, txakur arraza egokiagoak ere badituzte. Inbidia handia diet, pentsa, haietako batzuek eskolan praktikatzen dituzte txakurrekin egiten diren kirolak!

Nola moldatzen zara ikasketak eta probak uztartzeko? Hamabost urte besterik ez dituzu.
Oso ongi, ez dut ikasketak normaltasunez eramateko arazorik. Nire burua antolatzen dut, eta atzerrira joaten garenean, bidaia aprobetxatzen dut etxeko lanak egiteko. Horregatik, gazteak txakurkrosa probatzera animatzen ditut, futbolaz haratago kirol zirraragarriak daudela ikus dezaten. Irabaztea gutxienekoa da, txakurrarekin eta nork bere buruarekin disfrutatzea da garrantzitsuena.

Zein asmo dituzu datozen hilabeteetarako?
Ez dut oraindik egutegia erabat zehaztu. Uneotan Euskadi eta Espainiako Kopetako lasterketetan parte hartzen ari gara, eta Alpeetara itzultzeko izena eman dugu. Urtez urte gero eta jende gehiago gerturatzen da mundu honetara, eta horrek ikaragarri motibatzen nau, oraindik asko dudalako ikasteko! Neguan txakurrekin jarraituko dut, beraz, eta udaberritik aurrera mendiko lasterketaren bat edo beste egingo dut.