Guk pribatutasuna galdu, haiek dirua irabazi

Guk pribatutasuna galdu, haiek dirua irabazi https://www.gaztezulo.eus/albisteak/guk-pribatutasuna-galdu-haiek-dirua-irabazi/@@download/image/google_1371118529.jpg
2011/12/02
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
Guk pribatutasuna galdu, haiek dirua irabazi
Zuri buruz zuk zeuk baino gehiago dakien norbait dago. Ez dakizu non dagoen, ezin duzu ukitu, baina kontatzen diozun guztia gordetzen du.

Ikaragarria da Internetek biltzen duen eduki kopurua. Hau dena kudeatzeko, beste batzuen artean, Google bilatzailea sortu zen. Honi esker, bilatzen ari garen informazioa era azkar eta eroso batean aurki dezakegu Sarean. Denbora epe laburrean, bi lagunen arteko proiektu txiki baten gisara jaio zena multinazional bilakatu da. Hamar urte geroago, beste piztia heldu zen, Facebook sare soziala, eta honekin batera anonimotasuna amaitu zen Interneten. Agur ezizenak, orain izen eta abizenak dabiltza hor zehar, amaraunean.

Google eta Facebook naturaltasunez erabiltzen ditugu konektatzen garen bakoitzean. Munduko enpresa boteretsuenetarikoak dira, baina doako zerbitzua eskaintzen dute. Nola da posible? Nondik lortzen dute dirua? Bi hitz gako negozio hau ulertzeko: informazioa eta publizitatea.

Google erabiltzen dugun bakoitzean, gure bilaketak datu base batean gordetzen dira. Modu honetan, Googlek gure interesak ezagutzen ditu. Gainera, bilatzaile soila izatetik haratago, beste hainbat zerbitzu ere eskaintzen dizkigu: e-mail kontuak (Gmail), dokumentuak gorde eta editatzeko aukera (Gdocs), agenda (Gcalendar)... horrenbestez, gure e-mailen, dokumentuen, eta agendako datuen berri ere badu, besteak beste. Alegia, gure interesen eta eguneroko bizitzaren inguruko informazio guztia dute eskuragarri.

Facebookek, bestalde, gure izen-abizenak, lagunak, txutxu-mutxuak, argazkiak, zaletasunak, ideologia, atsegin ditugun orriak... ezagutzen ditu; dena, horman idazten dugun guztia. Pentsa zein garrantzitsuak diren datu hauek ezen Googlek berak ere bere sare soziala atera berri baitu, Google Plus, informazio hau guztia lortzeko.

Izan ere, enpresei publizitate eraginkorra eskaintzeko erabiltzen dute informazio hau. Esan bezala, atsegin dugun edo interesatzen zaigun guztiaren berri dute, eta enpresa multinazionalak dirutza ordaintzeko prest daude publizitate zuzena egitea ahalbidetzen dien datu hauen truke. Horregatik eskaintzen dituzte doan zerbitzu hauek. Zuk haien zerbitzua erabil dezazun nahi dute, zuri buruz gehiago jakin ahal izateko eta hau saltzeko.

Ez da artikulu honen asmoa Google eta Facebook baztertzera bultzatzea, baina bai atzean dagoen informazio trafikoaz ohartaraztea. Gu ez gara zerbitzu hauen jabe. Bertan txertatzen dugun guztia, ordea, euren esku geratzen da; datuok aztertu egiten dituzte eta dirua irabazten dute gure kontura.

Harritu gaitu



www.elcosmonauta.es
Finantziazioa lortzeko crowdfunding (mikro-finantza kolektiboa) izenarekin ezaguna den teknika erabili du El Cosmonauta filmeko lan taldeak. Creative Commons lizentziapean estreinatu dute trailerra.

Katxondoena


Tilt shift teknika
Gure argazkiek maketa baten itxura izango dute. Hona hemen gure lehen argazkia egiteko teknika azaltzen digun web orrialdea:http://tiltshiftmaker.com/

Informazio bila


@RealTimeWWII
Twitter kontua. Bertan, II. Mundu Gerrako gertakizunak tweeteatzen dira kronologia zehatza jarraituz. Oso interesgarria eta didaktikoa.