Gizarte berrikuntza: gizarte justuagoa

Gizarte berrikuntza: gizarte justuagoa https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/03/11
erreportajea
TESTUA: Ion Muñoa @Gizadiberri
Gizarte berrikuntza: gizarte justuagoa
Modan dagoen kontzeptua da ‘gizarte berrikuntza’ edo ‘berrikuntza soziala’.
Definitzeko erraza ez den arren, etorkizun justuagoa gauzatzeko nahitaezkoa
dela diote adituek. Gizarte arloan ere berritzaile izatea dagokigu.


Azken urteotan nonahi entzun eta landu izan dira gurean berrikuntzari lotutako ideia, diskurtso, proiektu eta abarrak. Onartu dugu egungo munduan aurrera egiteko ez dela nahikoa gauzak ohiko moduan egiten jarraitzea, eta nahitaez berritzen eta egokitzen joan behar dugula. Berritzaile izatea gizarteko baloreen goi mailan jarri dugu eta helburu garrantzitsutzat hartu dugu herri, erakunde, enpresa eta pertsona berritzaileak lortzea. Baina zer datorkigu burura berritzailetza edo innobazioa entzutean? Xabier Barandiaran, Deustuko Unibertsitateko soziologo eta Gizarte berrikuntza, ikerketa eta aholkularitza masterraren zuzendariak argi du: "Berrikuntzaz hitz egiten dugunean, gehienetan berrikuntza teknologikoak edo laborategiak datozkigu burura, agerikoena delako. Baina gizartearen benetako eraldaketa ikusten ez diren gauza horiek berritzetik dator: pertsonen baloreak, erlaziok, prozesuak eta abar".

Zehazki eta egoki azaltzen jakin ala ez, berritzaile izateari buruzko ideia nagusi eta orokorra badugu. Baina zer da gizarte berrikuntza? Zer da ‘ikusezina’ den gizarte arloko berrikuntza hori? Galderari erantzuteko, mundu mailako aditu Simon Willis-engana jo dugu urtarril amaieran Bilbon eman zuen hitzaldiaren ostean. Willis Erresuma Batuko The Young Foundation-eko zuzendaria da, eta gizarte berrikuntza arloan erreferenteak dira bera zein berak gidatzen duen fundazioa. Europan eta mundu mailan hainbat proiektu bultzatzen eta gidatzen ari dira urtetan zehar, eta Bizkaiko Foru Aldundiak gizarte berrikuntza sustatzeko duen planaren barruan, jardunaldi batera gonbidatuta izan da gure artean.

Aukera baliatu dugu gizarte berrikuntzaz galdetzeko, eta Willis jaunak honela erantzun digu: "Gizarte berrikuntza gizarte beharrei erantzuteko modu edo ikuspegi berria erabiltzea da. Ikuspegi hori soziala da izaeran zein helburuetan. Onuradunak konprometitzen eta mugitzen ditu gizarte eraldaketarako erlazioetan; eta hori lortzeko botererako eta baliabideetarako dituzten aukerak hobetu behar dira". Adituaren esanetan, beraz, gizarte berrikuntza estuki lotuta dago gizarte beharrei erantzutearekin, eta "gizarte beharrak aldatzen, konplexuago egiten eta areagotzen diren heinean, ezinbestekoa da gizarte berrikuntza geroz eta gehiago bultzatzea behar horiei erantzun ahal izateko". Izan ere, Willis-en hitzetan, "gizarte berrikuntza ez da gizarteari lotutako gauzak beste modu batean ulertzea eta egitea bakarrik, gizarte justuago eta berdinago bat lortzeko bidea ere bada. Desberdintasunak sortzen dituzten oinarrietara joz eraldaketa bultzatzean datza".

Jendarte justuago eta berdinago baterantz joateko ideia hori hobeto ulertzeko, Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatutako Sinnergiak berrikuntza sozialeko zentrora jo dugu. Gizarte berrikuntza sortu, partekatu eta transferitzeko hamar jarraibide eman dizkigute:

•    Gizarte berrikuntzek gizartearen kohesioa sustatzen dute.
•    Lehiakortasuna bultzatzen duten ukiezinak garatzen dituzte.
•    Gizartearen arazoak eta eskakizunak bideratzen dituzte.
•    Batez ere lokalak eta kontestualak dira.
•    Beste testuinguru batzuetara transferitu edo egokitu daitezke.
•    Desberdinen arteko lankidetza behar dute.
•    Pertsonen eta erakundeen arteko interakzioa behar dute.
•    Ezagutza, baloreak eta teknologia konbina ditzakete.
•    Emaitzak eta ondorioak sortzen dituzte.
•    Emaitzak behagarriak eta neurgarriak dira. 

Gizarte ekintzaileak, ogibidea baino gehiago  
Gure inguruko nahiz mundu mailako gizarte berrikuntzako adituei entzunda, argi dago gizarte berrikuntza kontzeptu zabala eta konplexua dela, baina argi dago, halaber, aukera asko eskaintzen dituen mundua dela. Barandiaranen hitzetan, "XXI. mendeko gizarte, erakunde, enpresa eta bestelako edozein taldek ezinbestean hartu behar ditu kontutan transformaziorako beharrezko diren ukiezin horiek: pertsonen baloreak, jarrerak, emozioak, gaitasunak... eta hori guztia inguratzen gaituen gizartearekiko, erlazioen loturan. Zentzu horretan, gizarte berrikuntza ulertu eta praktikara eramateko gai diren gazteek aukera oso interesgarriak izango dituzte bai arlo profesionalean eta baita arlo pertsonal komunitarioan ere".

Ildo horretan, teoriaz ez ezik, praktikaz ere asko daki Willis jaunak. Hamarkadak daramatza berak gidatzen duen fundazio handi eta garrantzitsuak gizarte berrikuntzako proiektuak bultzatzen eta gizarte ekintzaileei ateak irekiz aukerak sortzen. Gizarte berrikuntzari lotuta, uste du "gizarte ekintzaileez hitz egitea ere ezinbestekoa" dela. Izan ere, "ekintzaile izan eta proiektu sozialak gidatzeko eta sustatzeko gai diren gazteak beharrezko ditugu gure herri eta hirietan. Aukera asko ari dira sortzen eta sortu behar dira arlo honetan". Eta horregatik, "gizarte berrikuntzara gerturatzera eta proiektu sozialetan parte hartzera" animatu nahi ditu gazteak. Gizarte arloa "boluntariotzatik askoz haratago doa; hor daude hirugarren sektorea zein enpresa eta ekonomia sozialaren arloak. Irtenbide asko dituen mundua da". Baina garrantzitsuena, Willis-en hitzetan, "ez da ogibidea izan daitekeela bakarrik, baizik eta gizarte hobe eta justuago baterako aukerak ematen dituen arlo profesionala dela, eta beraz, gure gizarteak hobetzeko gazteek duten bizitzeko modu bat" ere bada.

Lehen begiratuan ikusezina den hori, azaltzen erraza ez den hori, baina gizarte eraldaketarako ezinbestekoa den hori da gizarte berrikuntza. Kontzeptu teorikoa izateaz gain, hainbat eta hainbat pertsonak egunero praktikan jartzen dutena. Etorkizunari begira, ate asko irekiko eta irekiaraziko dituen korrontea da gizarte berrikuntza. Gizarte justuago, kohesionatuago, lehiakorrago, eta azken batez, hobea lortzeko, gizarte berritzaileak eta ekintzaileak beharrezkoak dira.