‘Francoren bilobari gutuna’

‘Francoren bilobari gutuna’ https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2016/10/24
erreportajea
Testua: Zuriñe Maguregi @zmaguregi Argazkiak: Guillaume Mèziat
‘Francoren bilobari gutuna’
‘Errautsak’ eta ‘Hamlet’ antzezlanen arrakastaren ondoren, Euskal Herriko hiru lurraldetako hiru antzerki talde elkartu dira hirugarrenez, ‘Francoren bilobari gutuna’ lanaren taularatzea prestatzeko. Oraingoan, Theatre de Pain, Dejabu eta Artedrama konpainiako kideak Igor elortza eta Unai Iturriaga bertsolariek idatzitako testuetatik abiatu dira. Ximun Fuchsen gidaritzapean, eszenatorkiaren gainean urteak daramaten aktoreak zein fitxaje berriak entseguen azken txanpan jo ta su ari dira egunotan.

Zuzendaritza: Ximun Fuchs
Aktoreak: Ander Lipus, Patricia Urrutia, Manex Fuchs, Zoila Berastegi, Urko Redondo, Pako Revueltas eta Erika Olaizola
Idazkera: Igor Elortza eta Unai Iturriaga
Estreinaldia: urriak 31, Luhusoko Harri Xuri aretoan



Antzerki garaikidearen bidez atzera begiratzen duzue oraingoan ere. Nola da oraina iraganerekin uztartzea?

Ximun Fuchs: Antzerki garaikidea egiten dugu gaurko jendeari mintzatzen garelako. Gure ildoa da orain eta hemen. Horrek kontatzen ez du kentzen kontatzen dugun istorioak iragan eta etorkizun bat duela eta hori ere kontuan izaten dugu. Franco ez zaigu interesatzen, honek guregan utzitako aztarna baizik. Horregatik, bere bilobari idazten diogu gutuna, bizirik dagoelako eta honen bidez, Francok gure izaeratan utzitako arrastoa agerian utzi nahi dugu.

‘Hamlet’ antzezlanean, amorru eta lankidetasun arteko sentsazio gazi-gozoaz alde egin genuen antzokitik. Zein aldartez altxatuko gara butakatik oraingoan?
X. F.: Antzerkia sortzerakoan beti pentsatzen dut publikoa behin bakarrik bere bizitzan joango dela antzezlana ikustera eta bere sentimendu guztiak asebetetzea nahiko genuke: mina, ezinegona, plazerra... Espero oraingoan publikoa goxotasun baten sentsazioaz ateratzea, nahiz eta guk kontatutako istorioak gogorrak izan.

Nola gorpuztu burutik pasatzen zaiziku(e)n ideiak?
X. F.:
Nire sormen prozesua oso kaotiko eta enpirikoa da. Okurritzen zaizkidan gauza guztiak probatu nahi ditut. Antzezlana denon artean eraikitzen dugu, bakoitzak bere ekarpenak egin dituelako. Aktoreak ez dira interprete hutsak, artistak baizik; bakoitzak biziarekiko eta artearekiko ikuspegi ezberdina du eta haiengandik asko ikasten dut.

Igor Elortza eta Unai Iturriaga batu dira lantaldera. Zenbateko inplikazio maila izan dute bi bertsolariek?
X. F.:
Handia. Hasieran hiruron artean estuki lan egin dugun arren, ez dugu pieza itxi bat ekarri taldera. Izan ere, Igor eta Unai hainbat entsegu saioetan izan dira eta aktoreek idazkerarekin lotutako proposamen pila egin dituzte. Aitortu behar dut lan prozesu hau erditze bat bezain "erreza" izan dela.

Proposatzen dituzuen entsegu dinamikek inplikazio handia eskatzen dute...
Ander Lipus:
Bai, 2015ean hasi ginen egun batzuetako egonaldiak egiten eta aurtengo urrian hiru astez egongo gara elkarrekin estreinaldia baino lehen. Dinamika hauetan sorkuntza eta denbora oso lotuta daude eta taldeak izugarrizko inplikazioa du antzezlana eraikitzearen prozesu horretan: bestuariokoa, idazleak, aktoreak... Muntaketa eta desmuntaketa ere geuk egiten dugu. Gure obra batek bizpahiru urteko prozesua izaten du eta erritmo hau aproposa egiten zaigu testua zerotik sortu behar delako. Ezberdina izango litzateke Shakespearen bertsio bat egingo bagenu, lan erdia eginda izango genuke!

Hiru konpainiak euskal aktore harrobi potentea sortzen ari zarete...
X. F.:
Bai, guk hazia ernaldu egiten dugu eta aktore bakoitzari tresna batzuk ematen dizkiogu. Gero bakoitzak nahi duena egingo du.
Erika Olaizola: Nire kasuan, Artedramak urtero antolatzen dituen antzerki egonaldietan parte hartu izan dut ikasle gisa eta Ximunek deitu zidan proiektu honetan parte hartzeko. Orain arte ez nengoen ohituta halako dinamika intentsoetara, azken batean 24 orduz taldekideekin bizi gara eta etxera bueltatzean egun batzuk behar izaten ditut lurra harzteko eta neure buruarekin berriz konektatzeko.

Euskal Herriko antzerki garaikidea urria da. Ze bide jarraitu beharko lukete zerotik konpainia bat sortu nahi dutenek?
A.L.:
Antzerki garaikidearen formula berrasmatu behar da etengabe eta orokorrean badago generazio bat kezkatzen nauena, dena produktoreen eskutan uzten dutelako. Horregatik, zaila ikusten dut antzerki talde berriak sortzea erabiltzen dituzten formulek garai batekoak izaten jarraitzen dutelako. Hor talka bat dago baina modu positiboan jorratuz gero, soluzionatu daiteke.

Eta erakundeen babesa handiago balitz?
A.L.:
Baita, baina antzerki taldeak konturatu behar dira gauzak beste era batean egin daitezkeela. Duela urte batzuk, hasi berriak ginela, 20 aktore herriz herri ibili ginen gure antzezlanarekin, inongo diru-laguntzarik gabe. Arriskuak hartu behar dira eta gauzak egiten jarraitu behar da nahiz eta diru-laguntzarik ez izan.