Black Mirror: Pantaila hautsi duen telesaila

Black Mirror: Pantaila hautsi duen telesaila https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2015/04/13
erreportajea
Gaizka Izagirre @Gaizka_Izagirre
Black Mirror: Pantaila hautsi duen telesaila
Desberdina, suntsitzailea eta azken urteetan ikusitako ekoizpenik original eta
probokatzaileena da ‘Black Mirror’. Charlie Brooker gidoilariaren garun perbertsotik ateratako lana kultuzko bihurtu da; Twitter garaiko parabola maltzurra.


Urtea: 2011-2014.
Sortzailea: Charlie Brooker. Gidoilaria eta The Guardian egunkariko telebista kritikoa da.
Aktoreak: Rory Kinnear, Daniel Kaluuya, Hayley Atwell, Domhall Gleeson, Jon Hamm, Oona Chaplin.
Herrialdea: Ingalaterra.
Denboraldiak: Bi denboraldi eta 2014ko Gabonetan aireratutako atal berezia.
Atal kopurua: Hiru atal denboraldiko, guztira zazpi atal. Ohiko atalek 45 minutu inguruko iraupena dute, eta Gabonetako bereziak 75 minutukoa.

Mahai gainean dugun pantaila, eskuen artean darabilgun mugikorra edo etxeko telebista; ispilu beltz, hotz eta dirdiratsuz inguratuta gaude. Bada, telesaileko atal bakoitza autonomoa izanik ere, guztiek dute oinarrian ideia bat: teknologia berrien erabilera txarrak izan ditzakeen ondorio larri eta konponezinak. Ikuslea nahitaez pentsatzen jartzen du; gaur egungo zenbat telesail edo filmek lortzen dute hori?

‘The National Anthem’
Basati eta maltzurra. Atalaren lehen bost minutuak erabateko intentzio aitorpena dira. Ziur ez duzula lehenago antzekorik ikusi; ezingo duzu begirada pantailatik kendu.

‘Fifteen Million Merits’
Nabarmena da atal honen eta George Orwell-en 1984 eleberriaren arteko lotura. Bizikleta estatikoz eta pantailaz inguratutako etorkizun distopikoan gizakiek leku itxietan egiten duten lan. Aurreko atala baino motelagoa da, baina istorio bat kontatu beharrean, mundu oso bat jartzen digu begi aurrean.

‘The Entire History of You’
Desamodioari buruzko istorio suntsitzaile eta iluna. Erloju baten mekanismoa bezain zehatz funtzionatzen du, baina, era berean, mailu baten birrintzeko gaitasuna dauka. Zientzia fikziozko thrillerra da, drama intimista ukituekin.

‘Be Right Back’
Beste atalekin konparatuz gero, iradokitzaileagoa eta sotilagoa da. Bikote protagonistaren arteko kimika izan daiteke atalaren euskarririk sendoena. Gizakiok informazio aztarnak soilik al gara? Zer dago oroitzapenetatik haratago?

‘White Bear’
Hunkigarria eta beldurgarria da aldi berean, eta tentu handiz kontatuta dago. Hasieran, protagonista bezain galduta sentituko zara, ikuslea gaizkide bihurtzen baitu. Justizia gupidagabe eta basatia planteatzen du, Talioiaren legeak ezartzen duen modu berean.

‘The Waldo Moment’
Atalik kaskarrena izan daiteke. Hala ere, interesgarria da politikaren gainean egiten duen irakurketa. Berdin dio hartz more desatsegina edo jantzi dotoredun gizon irribartsua izan, herriaren iraultza dirudiena, liberalizazio faltsu baten plantak egiteko mekanismoa besterik ez da. 

‘White Christmas’
Gabon-opari ezin hobea. Satirikoa, kritikoa, ezkorra eta zuhurra. Gidoi biribil eta eraginkorra du, eta aurreko atalei egindako keinuz josita dago. Brookerrek Gabonak zoriontzen dizkigu, baina oroitzapenetan barneratzera behartu eta gertaera traumatikoen ukapenaz pozoitutako ipun ilunarekin.

BINGE WATCHING
Ez. Gehiago gozatuko duzu atalak banan-banan ikusiz gero.

MUSIKA
– Musika instrumentalaz gain, kanta ezagunak ere ageri dira. Bada hara bitxikeria: lehen denboraldia DVD eta Blu-ray formatuan merkaturatu zutenean Fifteen Million Merits atala falta zen. Zergatik? Atalean ABBA taldearen abestiak azaltzen dira, baina ekoizleek telebistan emititzeko eskubideak bakarrik eskuratu zituztenez, ezin izan zuten editatu.

BITXIKERIAK
– Robert Downey Jr. aktoreak ‘The Entire History of You atalaren eskubideak bereganatu ditu zinemarako egokitzapena burutzeko.
– Txinan sekulako arrakasta izan du, atzerriko beste edozein telesailek baino askoz handiagoa.
– Charlie Brooker sortzaileak sarritan aitortu du George Orwell idazlearen eta The Twilight Zone telesailaren oso zalea dela. Erreferentzia horiek oso nabarmenak dira telesail osoan zehar.
– 2012. urtean, Telebistarako film onenaren Emmy saria irabazi zuen.

LOKALIZAZIOAK
- Britainia Handiko eta Irlandako hainbat eskualdetan errodatu dituzte atalak.

GUSTUKO BADUZU, EZ GALDU
The Twilight Zone (1983).
Dead Set (2008).
Akta manniskor (2012).
Utopia (2013).