Bizenta Mogel: Denboraren froga

Bizenta Mogel: Denboraren froga https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2014/09/08
erreportajea
Testua: Peru Iparragirre
Bizenta Mogel: Denboraren froga
Duela 210 urte argitaratu zen lehen aldiz Bizenta Antonia Mogel (Azkoitia, 1782 – Abando, 1854) idazle eta itzultzailearen Ipui onac liburua.


Undiano liburugilearen etxean izan zen inprimatua, Donostian. Geroztik, hainbat alditan berrargitaratua izan da, osorik zein zatika aldizkarietan. Liburuak eskaintza bat, irakurle euskaldunari zuzendutako sarrera, Esoporen 50 fabulen euskarazko adaptazioa eta Juan Antonio Mogel osabaren bertsoz emandako zortzi alegia barnebiltzen ditu.

Alegiak dira ipuin on horiek, kontakizun dibertigarriaren atzean irakaspen moral bat gordetzen baitute beti, liburuaren azpitituluak adierazten duen bezala: Euskaldun nekazari eta gazteek beraien bizitzak zuzentzeko. Alegiak hiru zatitan emanak dira. Lehen zatian kontakizuna daukagu, bigarrenean honen irakaspen morala esplizituki adierazia eta, azkenik, irakaspen hori bertso batean jarria.

Aita gazterik hil zitzaionez apaiz eta idazlea zen osaba Juan Antonio Mogelengana joan behar izan zuen bizitzera, Markinara. Bertan, zortzi urte zituela, latina ikasteari ekin zion osabaren laguntzaz. Hamazazpi urterekin idazten hasi eta hogeita bi zituelarik eman zuen argitara bere lanik ezagunena: Ipui onac. Hainbat kantu ere idatzi zituen, tartean Gabonetaco cantia Bizkaitar guztientzat (1819); bestalde, itzulpen lanetan aritu zen, Espaiña-ko Gotzai-buruaren Artzai idazkia (1820) dugu horren adibide.

Garaiko aurreiritzi eta trabei aurre eginez (emakume ikasia izateagatik azalpenak eman behar izan baitzituen), Mogelek bere bideari ekin zion, eta erabaki horri esker daukagu eskuartean gaurdaino iraun duen euskal ilustrazioaren erakusgarri hau.

Bibliografia hautatua


•    Ipui onac (Undiano, 1804).
•    Ipui onak (Maite Iribarren edizioa, Euskal Editoreen Elkartea, 1991).
•    Ipui onak (Klasikoen Gordailua, armiarma.com webgunean eskuragarri).