Berako laborategia

Berako laborategia https://www.gaztezulo.eus/albisteak/berako-laborategia/@@download/image/2011444ibai_gog_1361465915.jpg
2011/04/01
erreportajea
TESTUA: Julen Azpitarte
Berako laborategia
Berako musika harrobiak utzitako ondarearen norainokoak erruz gainditu du Nafarroako herriaren tamaina. Askok esperimentaziorako plaza dela diote, laborategia. Edozein kasutan, konplexurik gabeko sorkuntza da bertakoa.

Herri orori musika tradizio bat atxikitu ohi zaio. Musika tradizio batzuk, halaber, hobeto egokitu eta garatzen dira puntu geografiko jakin batzuetan, hamaika arrazoi tarteko. Detroit hiria, adibidez, soularen erreinua izan da; Manchester post-punkaren kobazuloa eta disko kulturaren paradisua; eta Melbourne high energyaren eta swamp rockaren basatza. Gure kartografian ere antzera gertatzen da: Bilbo, esaterako, rock and rollaren lubakia da; Andoain hardcore koadrilen jaioterria; eta Donostia pop melodien eta punk rock erasoen erakusleihoa.

Bera, aldiz, esperimentaziorako esparrua dela esan genezake; bertako musikarien inprobisaziorako zaletasunagatik eta ERTZ Bertze Musiken Jaialdiagatik. Baten batek pentsa lezake halako baieztapena egitea ausartegia dela, gehienbat, askotariko musikak eta musikariak eman dituelako herriak, eta guzti-guztiak ez direlako esperimentalak. Edozein kasutan, gehienak talentu handiko egile geldiezinak dira, estilo batetik bestera jauzi egiteko gogoa eta ausardia erakusten duten horietakoak. Beraz, zerk lotzen ditu Fernan eta Mikel Irazoki (M-ak), Gutariko Bat eta Borrokan (post-hardcore), Petti (songwriter-a), eta Sexty Sexers (hard rocka)? Zerk eragin du halako zaletasuna hain herri txikian? Musikarekiko pasioa erabat errotuta dago Beran, ala hiruzpalau xelebreren afizioa da? 90eko hamarkadan altxatako musikari eta talde uholdea oraindik bizi mantentzen al da?

Euskal Herriko musika geografian funtsezkoa den esparru ugalkor honen nondik norakoak argitzeko bertako hiru egilerengana jo dugu: Joseba Irazoki (On Benito, Atom Rhumba, Mikel Erentxun) eta Ibai Gogortza (Borrokan, On Benito) gitarra jotzaileak, eta Xabier Erkizia soinu artista (Billy Bao, Ornitorrinkus).

Jatorria

Sarritan galdetu diete gure solaskideei Bidasoa ertzean arnasten den musika zaletasunaren zergatiaren inguruan. Ez dago erantzun zehatzik, ordea. "Egia erran, zaila da horren arrazoi garbirik topatzea", dio Xabier Erkiziak. Soinu artistak, baina, hiru giltzarri aipatu ditu korapiloa askatzeko asmoz. Batetik, muga gertu izateak ondasunak eskuratzea ahalbidetu izan duela azaldu du: "Musika tresnak eta diskoak errazago lortzen genituen". Bigarrenik, herriko musika zaleak ere ekarri ditu gogora: "Pertsonaia ipurterreak, azken 20 urteotan herriko bizilagunen artean musika banatzen ibili dira barra-barra". Eta hirugarrenik, musika kulturaren bozgorailu bihurtu ziren tabernen papera azpimarratu du: "90eko hamarkadatik herriko ostatuekin harreman estua izan dugu, garai batean bertan lan egiten zuten lagun aunitz musikariak ziren, beraz, ostatuak ere disko-forum moduko zerbait bilakatu ziren. Esaterako, egungo Kataku taberna".

Irazokik, berriz, kasualitateari leporatzen dio Berako musika fenomenoa, nahiz eta Erkiziarekin bat datorren hein batean: "Kulturalki asko mugitzen den herria da eta beti izan dira txarangak, musika eskolak, eta abar. Kultura batzordea ere nahiko mugitzen da. Bertzalde, musikari lotuak dauden familiak ez dira gutxi, melomano eroren bat ere badago. Erraten dute muga ondoan duten herriek aktibitate handia izaten dutela, kontrabandoaz aparte" –barrez–.

Ibai Gogortza Irazokirekin batera aritzen da On Benito blues garaikideko taldean. Gazteagoa da, eta bere ikuspegia ezkorragoa. Ibaik ez du uste zaletasuna hain handia denik. "Aski da kontzertu batera joatea horretaz jabetzeko". Era berean, Udalak lokalak eman izanak eta herrian bertan grabatzeko aukera izateak –Maikelek zuzentzen duen MIK estudioa, hain zuzen– duten garrantzia azpimarratu du. "Horiek izan daitezke taldeak sortzeko bi arrazoi, edo taldeak ez desegiteko behintzat". Horiei guztiei Erkiziak erreferente ezaren faktorea gehitzen die, berezko ezaugarriak dituen musika eszena ororentzat eragile lagungarria baita, eraginak eragin. "Erreferente faltak izaera berezia eman dio Berako musikagintzari".

Unea Vs. Prozesua

Gaur arte heldu den prozesu luze honen une nagusia edo gorena 90eko hamarkada izan zen. Garai hartan, besteak beste, Gutariko Bat, Noise Hole eta Zup taldeak sortu ziren. "Orduan hasi ginen giroa sortzen, orduan sortu ziren talde gehienak eta entsegu lokalak", azaldu du Irazokik. Erkiziak, prozesu "motel eta progresiboa" izan zela nabarmendu duen arren, ERTZ Bertze Musiken Jaialdia antolatzen hastea nabarmendu du funtsezko momentu bezala, beti ere, prozesu baten emaitza gisa. "Entzun bertzerik ez dago herrian lantzen diren estiloen aniztasuna: folk, rock, hard-rock, pop, metal, hardcore, inprobisazioa, elektronika.... ezin da guztientzat baliagarria den une klabe bat bilatu".

Aniztasuna

Horra hor Berako musikagintzaren ezaugarri nagusia: askotarikoa da. Nafarroako herria, baina, beti lotu izan da esperimentazioarekin. Erkiziak umoretsu azaltzen du panorama anitz hau: "Hona etortzen den edonor konturatuko da herria ez dela biztanle esperimentu zalez betetako Twin Peaks bat, edo antzeko zerbait. Esaterako, Mikel Irazokik Miguel Boserekin egiten du lan, bere anaia Fernan Fitorekin aritu izan da, Beñardo Goienetxe Moraurekin, Joseba Irazokik Maixa eta Ixiarrekin egin zuen lan, eta abar". Aniztasun hori, bestalde, musikariek duten askatasunarekin lotu du Gogortzak: "Beran nahi duzun musika egin dezakezu gogoa baduzu. Estilo guztiek daukate zerbait interesgarria eta probatu gabe ez dakizu zer den".

Hainbat estilori heltzeko duten atrebentzia konplexu faltari zor zaio, hortaz, sorkuntzarekiko erakusten duten jarrera lotsagabe eta grinatsuari. Bide batez, sarritan gehiegi estutzen duten mugak eta etiketak gainditzen dituzte. "Horixe uste dut dela garrantzitsuena. Konplexurik ez edukitzea eta musika egitearen eta entzutearen plazera aurretik jartzea, egiten den lanaren balio ekonomikoaren gainetik. Eta ongi pentsatzen hasita, beharbada hor dago zuk bilatzen duzun gako hori: lotsarik ez izate horretan eta elkarrekin esperimentatzean, beharbada bertze lekutan gertatzen ez dena", nabarmendu du Erkiziak.

Oraina

Egungo egoeraz ere galdegin diegu hiru beratarrei. Erkiziak diagnostiko zehatza egin du: ibilibide luzea egin dutelako nolabait klasiko bihurtu diren musikari eta taldeen ondoren etorri diren belaunaldiak goraipatu ditu, tartean, Sexy Sexers eta, batez ere, Borrokan. "Isil-isil eta apenas zaratarik atera gabe lortu dutelako, bereziki bigarren diskoarekin, ezohiko heldutasun musikala, izugarri pertsonala, melodiari eta esperimentazioari muzin egin gabe. Sorkuntza maila hori ez da egun batetik bertzera lortzen". Gutariko Bat taldeko abeslari ohiaren hari baikorretik tiraka, Irazokik esan du taldeak "inoiz baino oihartzun handiagoa" lortzen ari direla, eta estiloen aldetik ere inoiz baino aberastasun handiagoa dagoela. Borrokaneko gitarra jotzaileak, berriz, taldeen soka pixka bat "moztu" dela irizten dio.

Etorkizuna

Geroa aurreikustea ezinezkoa den arren, Berako harrobiak eman duena aurrerantzean zertan geldituko den jakitea ezinbestekoa da. Urteetako ondareak zein norabide hartuko duen. Erkiziaren esanetan, musika jarduerak iraungo du, "herriko musikari aunitzek, dagoeneko, euren bizitza musikaren inguruan antolatzeko erabakia hartu zutelako aspaldi". Era berean, aurretik aipaturiko sormen prozesua izan du hizpide: "Prozesu guztiek bezala, Berako musikagintzak ere momentu berriak biziko ditu". Transmisioaren aldetik, aldiz, "hutsunea" nabaritzen du. "Hutsune hori betetzeak lehentasun izan beharko luke, etorkizun sortzaile, bizi eta aktibo bat ziurtatzeko". Irazokik, berriz, talde berriak etengabe sortzen ari direla azaldu du eta horrek etorkizuna nolabait bermatzen duela. "Agian, nerabeen artean mugimendu gutxi ikusten dut", dio Gogortzak eszeptiko samar, baina azken lerrorako esaldi borobila bota du: "Etorkizunak berak errango du".