M8ko greba feminista, prest

M8ko greba feminista, prest Bost ardatz edukiko ditu grebak: pentsionistak, ikasleak, enplegua, kontsumoa eta zaintza. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/m8ko-greba-feminista-prest/@@download/image/huelga-feminista-1.jpg
2019/01/17
berria
Bost ardatz edukiko ditu grebak: pentsionistak, ikasleak, enplegua, kontsumoa eta zaintza.
M8ko greba feminista, prest

Martxoaren 8an kapitalismo heteropatriarkalari planto egiteko eta erdigunea hartzeko deia zabaldu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Bost ardatz edukiko ditu grebak: pentsionistak, ikasleak, enplegua, kontsumoa eta zaintza.

Zehazki, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen kolektiboa deitu dute grebara, hau da, emakumeak*, bollerak eta transak. Azaldu duenez, izartxoa* darabilte grebaren subjektu guztiak ez direlako emakume bezala identifikatzen eta emakume eta gizon kategoria patriarkalarekin amaitzeko.

Bestalde, feministek itun sozial berria eskatu dute zaintza modu kolektiboan berrantolatzeko, eta ez dadin zapalduen bizkar geratu. Hori lortzeko, parekidetasuna bermatzeko politikak jarri beharko dira martxan, sakoneko eraldaketa prozesu bat eginez.

Martxoaren 8ari begira, gizonei zaintza lanen ardura guztia modu autonomoan hartu eta antolatzea eskatu diete: "Lantoki zein herrietan zaintza gune komunitarioak antolatuz, norberaren eginkizunetarako eguna hartuz eta inguruan dituzten zaintza lanak bere eginez". Emakumeei amantala balkoian edo leihoan eskegitzeko deia egin diete, egun horretako "plantoa" irudikatzeko.

Kontsumo greba

Martxoaren 8akoa kontsumo greba ere izango da, eta egun horretan ez kontsumitzeko eskatu dute. Halaber, "kontsumo arduratsu eta jasangarria garatzeko" deia egin dute.

Azkenik, azpimarratu dute M8a kapitalismoaren kontrakoa, patriarkatuaren kontrakoa, heteroarauaren kontrakoa, kolonialismoaren kontrakoa, eta kapazitismoaren kontrakoa.