PERTSONAK

PERTSONAK https://www.gaztezulo.eus/ilustrazioak/pertsonak/@@download/image/gaztezulo lantaldea 2018.jpg
2018/11/16
berria

Testua: Agurtzane Gomez

 

Argazkilaria: Galder Izagirre @diapositivisme_studio

PERTSONAK

Ongi etorri irakurle 200. zenbaki honetara. Gaurkoan lehen aldiz nire hitzak irakurtzen ari zara. Lehen aldiz baita ere, zuk aukeratu dituzu azaleko protagonistak: Altsasuko gurasoak; injustizia baten atzean dauden pertsonak.

Azkar esaten da 200 zenbaki argitaratu ditugula, baina zin dagit ez dela ibilbide erraza izan. Agian ez ditugu gure penak azalerazi, baina jakin ezazu erronka handia izan dela bizirautea.

200 zenbaki horien atzean pertsona ugari egon dira lanean. Lantaldetik pasatutako izenen zerrenda erraldoia da baina guzti-guztiak erabat beharrezkoak izan dira honaino iristeko. Beraz, nirekin batera GAZTEZULOn aritu direnak ezin aipatu gabe utzi: Alberto, Aitziber, Ander, Garazi, Lander, Andoni, Atzio, Ane, Jabi, Iñigo, Maialen, Aritz, Aratz, Leire, Saioa, Eneritz eta Zuriñe. Espresuki eskerrak eman nahi nizkizueke niretzako bereziak izan zareten Inge, Antxoka, Raul, Aitor, Ainara eta nire bi altxor preziatuenei: Igone eta Maialen G. Eta ez, ez naiz zutaz ahaztu Patxi, agurrik mingarriena, zalantzarik gabe.

Eskerrak hemendik pasa zareten kolaboratzaile guztiei ere, zuen laguntzarik gabe ezingo genuke aldizkaria osatu. Ezin eskerrik gabe utzi bidean etengabe lagundu diguten Irutxuloko Hitzako lagun guztiak, zein Bagera elkartean zuzendaritzan aritutakoak (Joseba U., Eneko, Joseba B., Dani...), langileak (Aitziber, Zuriñe, Idoia, Ainara...) eta oro har, Bagerakide guztiak; urteetan harpidedunen gutunak kartazaletan sartzen ibilitakoentzat esker nahikorik ez dago.

Azkenik, gaur egun jo eta ke lanean ari diren pertsonak aipatu nahi nituzke. GAZTEZULOren irudia mimo handiz zaintzen duen Nagore (“mitika” dudarik gabe), egunero webgunean zerbait berria irakurtzeko izan dezazun arduratzen den Ane, aspalditik kolaboratzaile moduan gurekin egon den eta egun aldizkarian irakurtzen dituzun erreportajeen egilea den Jaione eta Gaizka, kolaboratzaile izatetik proiektu guzti hau zuzentzera igaro den pertsona.

Aipamen berezia zuretzako, Galder, ibilbide luze honetan alboan izan dudan pertsona. Zenbakiz-zenbaki aldaketa asko egonagatik, zuk eman diozu jarraikortasuna eta bereizgarritasuna GAZTEZULOri. Zuk ematen diozu aldizkariari egun duen izaera.

Nire azken hitzak zuretzako irakurle -agian harpidedun-. Zu zara gure izerdiek merezi dutela ikusarazten diguna. Zu gabe ez dago aldizkaririk, ez zenbaki gehiagorik. Zuri esker iritsi gara 200 zenbaki borobil honetara. GAZTEZULOn lanean hasi nintzenean, duela ia 12 urte, zu izan zinen nire lehen laguna. Zuri esker, irakurle, sentitzen naiz pribilegiatua, zurekin hitz egiteko aukera eman didazulako.

Agurtzane Gomez GAZTEZULO lantaldeko kidea @TzaneAgur1